Ane Etxezarreta olaberritarrak (trikitia) eta Sara Iriarte billabonatarrak (panderoa) Lazkaoko II. Trikitilari Gazteen Txapelketan irabazi zuten apirilean. Zazpi bikoteren artean onenak izan ziren. Hainbat txapelketetan parte hartutakoa bada ere, Etxezarretak irabazten duen lehena da eta «oso pozik» dago lorpenarekin.
Irabazi duzun lehenengo txapelketa da. Nola jaso zenuen?
Ez genuen uste irabaziko genuenik, beraz, oso pozik. Txapelketetara beti joaten naiz irabazteko gogoz, baina iazko txapeldunek ere parte hartu zuten Lazkaon, eta orduan, garaipena lortzea zaila izango zelakoan geunden.
Nolatan hasi zinen?
Orain dela bederatzi urte hasi nintzen. Nire urtebetze egunean trikitixa oparitu zidaten gurasoek eta egun hartan bertan jaso nuen lehenengo klasea. Gurasoek ezer esan gabe oparitu zidaten trikitixa, eta baita asmatu ere! Trikitixa da bizitzan jaso dudan oparirik onena, inongo dudarik gabe.
Ordu asko eskaintzen al dizkiozu trikitixari?
Bai, batez ere txapelketa garaian. Erromeria taldea ere badugu, Maurixia du izena taldeak, baina oso desberdina da. Erromerian beste instrumentu batzuk ere badaude eta babesa handiagoa da.
Txapelketetan ordea, Sara Iriarte billabonatarra eta ni gaude. Edozein akats, segituan antzematen da. Piezak oso ongi prestatuta eramatea gustatzen zaigu eta horretarako orduak sartu behar dira. Gainera, erromeritarako baino pieza zailagoak jo ohi ditugu txapelketan, eta horrek ere lana handitzen du.
Eta zer nahiago duzu, erromerian edo txapelketan jotzea?
Oso desberdina da. Txapelketetara joaten naizenean askoz urduriago jarri ohi naiz. Oholtza gainera igo eta gauzak ahalik ondoen egitea da helburua eta horrek, tentsio handia sortzen dit. Gainera, epaimahaia pare-parean, adi-adi egon ohi da. Haiei ez begiratzen saiatzen naiz behar baino gehiago ez urduritzako. Erromerian, festa giroan gaude, taldekideen babesa dugu eta jotzen ditugun abestiak ere errazagoak dira.
Txapelketa sasoi bete-betean zaudete ala?
Bai, maiatzetik azaroa bitarte egin ohi dira. Bihar, larunbata, Getariako txapelketan parte hartuko dugu. Ea irabazterik dugun!