Asier Iriondo
Asko aldatu gara, esaterako, joan den hamahiru urtean? Zer esaten genuen orduan eta zer esaten dugu orain? Hitzaren 100. alea zela eta, herritarren artikuluak argitaratu zituzten 2005ean, eta hauek dira nire orduko dagoenekoz betetako zenbait pasarte:
Irailean, Lakiolan Goierriko Hitzaren aldeko erromeria egin zenean, Espainiako Vocento taldeko egunkariari ez zitzaion egokia iruditu horren berri ematea, Legazpiri buruzko eguneroko kronikan… Dagoeneko, badakigu Ibarretxe Plana ez dela independentista. …Dagoeneko, badakigu «cientos de miles de manifestantes» bi mila manifestari direla. Dagoeneko, badakigu «sur de Francia» Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa direla. Dagoeneko, Anoetara joaten garenean ez diogu Lopez Rekarteri txisturik jotzen. Dagoeneko, Gipuzkoan bezperan hildako berrogei ezezagunek ezezagun izaten jarraitzen dute….Dagoeneko, badakigu Nerea Elustondoren zutabeek ez dutela errimarik. Dagoeneko, Miriam Lukiren kronikek mila irakurletik gora dituzte Urola Garaiko hiriburuan. Dagoeneko, Espainiako Vocento taldeko egunkaria ez da Legazpiri buruz egunero idazten duen bakarra. Dagoeneko, goierritarrok, tartean legazpiarrok, egindako egunkarian egunero eta euskaraz jaso ditzakegu gure inguruko albisteak. Dagoeneko, badakigu urtero Lakiolan erromeria egingo dela Goierriko Hitza eta euskarazko prentsaren alde.
Asko aldatu naiz? Asko aldatu gara?
Aitor Calvillo
Aldatu? Zenbat buru hainbat aburu dio atsotitzak. Ikuspuntuaren arabera bai edota ez. Izan ere, ez omen da berdina ezkerreko hankarekin jaiki alata eskuinekoarekin. Iparraldea «sur de Francia?» Athletic zaleei galdetu behar, haien ikuspuntutik (eta Vocentorenetik, noski!) baskofrantsesak baitira bertakoak (Bixente Lizarazu…). Lopez Recarteri txistua jo Anoetan? Iñigo Martinezek ere entzun behar izan zituen horrelakoak orain ez asko. Baina era berean, orain 13 urte ez bezala, emakumeen arteko futbol partida ere ikusi ahal izan dugu eraberritzen ari den estadioan. Vocento taldekoek ere ezin muzin egin ebidentziari eta lau haizetara aldarrikatu zuten hauek ere gizonezkoek jokatutako azken partidan baina ikusle gehiago izan zirela Anoetan. Hori bai, lehengo lepotik burua, Cervantesen hizkuntzan.
Aldatu? Vocento taldeko egunkariko eskelan agertzen ez bazara, jendeak ez du sinisten bestelako hildakorik badenik. Eta lehen ere hau horrelaxe zen. Etxean norbere zaborra nola kudeatu ere Vocento taldeko egunkariak erakutsi digu. Errauskailua, AHT… zenbat orri? Baina baikor izan behar dugu, Asier! Vocento taldeko herriko kroniketan udalen intereseko kontuak eta kirola dira oraindik ere nagusi, gaztelaniaz, noski! Eta horretan asko irabazi dugu eskualdean! Goierriko Hitza-k herriko beste eragileri askori ireki dizkie ateak eta horixe nabarmenduko nuke nik aldaketa nagusi gisa. Eta guztia euskaraz, gainera! Jarrai dezagun aldatzen.