Orain dela hilabete pare bat esklerosi anizkoitza daukan saskibaloiko jokalari profesional baten berri izan nuen. Bere izena bolo-bolo dabil hedabideetan, eta guztiek aipatzen dute gaixotasunaren aurka daraman borroka.
Gaixotasunaz ari garenean, oso ohituak gaude terminologia belikoa erabiltzen, gaixotasunaren eta gizakiaren arteko borroka horretan bietako bat izaten da irabazlea, eta bestea galtzailea. Kontua da borroka horretan beti gaudela alerta egoeran, beti prest erasorako, eta horrek energia gastu handia suposatzen du, izugarri neketsua da etengabe alerta egoeran egotea, armak zut!; eta esperientziagatik dakit… horrela egon bainintzen denbora batean, gaitza edo ni, ea zein izan indartsuago. Baina, zorionez, bada beste bide bat borrokarena ez dena, bakearena baizik; gaixotasunaren aurka egin beharrean, bada beste aukera bat: osasunaren alde egitea.
Osasunaren alde egiteak ez du eskatzen zerbaiten aurka aritzea. Hori bera azaltzen saiatzen naiz gaixotasun baten diagnostikoarekin kontsultara laguntza eske etortzen denari: hartu arnasa sakon, lasaitu, hau ez da gerra bat, saia gaitezen zure gorputza esan nahian dabilena ulertzen, lagun diezaiogun, egin dezagun osasunerako bidea. Zer iruditzen zaizu bere aurka, haserre, aritu beharrean, eskutik heldu eta bidea elkarrekin egiten baduzue?
Badakit ez dela erraza, erantzukizuna gure gain hartzea eskatzen duelako eta lan asko egin behar delako. Bada esaldi bat asko gustatzen zaidana: «Osasuna egunero konkistatzen da»; eta halaxe da nire ustez. Osasuna izateko edo berreskuratzeko barne bidaia bat egin behar da, nork bere burua ezagutzeko bidaia, eta horrela bakarrik lortuko dugu benetan sendatzea, horrek esan nahi duen guztiarekin. Eta ez dut uste bidaia hori inoiz amaitzen denik, horregatik bihurtzen da eguneroko lana…
Medikuntza fakultateetan gaixotasunari buruz asko erakusten da, sintomak aztertzen dira eta horiek tratatzeko botikak zein diren ikasten da; baina osasunari buruz ez da ezer erakusten… Zer da osasuna? Munduko Osasun Erakundeak dio osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa dela, eta ez bakarrik gaixotasun eza. Botikak hartzea, beraz, ez da osasuna izateko modua; botikek ez dute ongizaterik ematen…
Horren harira izugarri erakartzen nauen ideia bat da pedagogia terapeutikoa izatea eta terapia, pedagogikoa. Ongizatea lortzeko bideak eskolan erakustea ez al litzateke zilegi? Eta osasun bidea ikasi dutenak irakasle lanetan aritzea? Ba al dakizue gaztelaniazko doctor hitza latinezko docere aditzetik datorrela? Eta begira nondik, docere-k erakustea esan nahi du…
Osasun bidea ez da erraza, baina egiazkoa da. Batzuetan negar malkoetan eta besteetan irrifar batekin, ilunabar korapilatsuetan edo egunsenti zoriontsuetan… baina beti lanerako prest. Orain hamaika urte hasitako osasun bidean pentsatuz, esker onez beteta sentitzen naiz bidaia nire ondoan egitea erabaki zuenari, ausart; eta bizitzari, eman dizkigun esperientzia guztiengatik.