Inaxio Usarralde
Adiskide, ez dinat orojakile paperean hasi nahi, baina hartu gogoan ondoko definizio hau. Inposatu: Ezarri, norbait zerbait onartzera behartu (Harluxet). Joxepa, azken boladan, sarri entzuten ari naun euskaldunok euskara inposatzen dugula, beste hiztunen askatasuna urratzen dugula, euskara sustatzeko ekimenen bat bultzatzen badugu. Hiztegiko aipatu definizioa hizkuntza kontuetara ekarrita, noiztik ari gaitun euskaldunok beste bati zerbait (euskara) onartzera behartzen? Zalantza duenak irakur beza Joan Mari Torrealdai idazlearen Asedio al euskara azken liburua eta uxatuko ditu duda guztiak. Nire printzipioa hau dun: nire herrian euskararik gabe moldatzen den bizilagun horren aukera/patxada/ziurtasun berberarekin bizi nahi dinat neuk ere, eta noan lekura noala, nik euskaraz eginda, lehenengoan ulertuko nauten bermea nahi dinat, beste aldera jota gertatzen den moduan. Zergatik jatetxe batean jatekoen zerrenda erdara hutsean eskaini behar didate Lazkaon? Edo zergatik mediku espezialistarengana noanean urduri joan behar dinat nire minak euskaraz ulertuko dizkidaten ziur jakin gabe? Nor da inposatzailea? Nork nor behartzen din hemen hizkuntza jakin bat erabiltzera? Ez zagon nafar lurretara joan beharrik hizkuntzaren inposizioa nola ezartzen den ikusteko. Eta, argi, autoritatearekin topo egin eta «muy buenas, los papeles del coche, por favor» edukazio guztiarekin esanda ere, nor dun egoera horretan euskaraz hasteko gai? Are, haurrak atzeko eserlekuan badoaz…?
Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio, animo!, hemen diagu Euskaraldia eta! Inposatu, ezarri, behartu … hitz itsusiak dituk, oso itsusiak. Elkarlanean eta borondatez, gogo onez jardun behar diagu. Bide horretatik ari gaituk entitateak (Euskal Herriko hiru gobernuak, foru diputazioak, udalak …) eta herritarrak (elkarteak, taldeak, pertsonak …) Euskaraldia elkarrekin prestatzen; eta, txoko honetatik, animatu nahi diat jendea, 16 urtez gorakoak, prestaketa lanetan parte hartzera, batzordeetara, azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskara gehiago hitz egiteko ariketara, euskara gehiago entzuteko kalean, etxeetan, lantokietan … Euskal Herriko 300 baino herri gehiagotan ariko gaituk horretan.
Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatu behar diagu. Batzuek Belarriprest izango gaituk: «Egidazu euskaraz, ulertzen dut eta. Agian erdaraz hitz egingo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut». Beste batzuek, berriz, Ahobizi: «Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz hitz egin arren. Ezezagunei, berriz, lehen hitza euskaraz egingo diet». Euskaraz hizketan jakin ez, baina ulertzen duenaren eta badakienaren arteko elkarrizketa elebiduna izatea lortu behar diagu: batak euskaraz hitz egin, besteak erdaraz, eta komunikatu! Inertziak apurtzea zaila izan arren, pixkana-pixkana lortu daitekeenez, erdaraz hitz egiteko ohitura aldatu eta euskaraz gehiago egiten hasiko gaituk. Pazientzia, patxada, goxotasuna eta umore ona izan behar dizkiagu oinarri, ez konfrontazioa. Hortik abiatuta, lortuko diagu euskararen erabileran aurrera pausoak ematea, pausoz pauso, aldaketa txikiak eginez. Gora Euskaraldia!