Goierriko Mendizale Beteranoak taldearen 10. urteurrenaren harira antolatutako Goierriko Mugetatik Bira martxan jarri da. Ekainaren 9an, larunbata, Gaintza–Aratz-Matxinbenta, 22,3 km-ko ibilaldia burutu dugu.
Goizeko 7etan, autobusa, mendizale batzuekin Beasaindik abiatu da. 7:05ean Ordiziako Renferen geltokian, mendizale gehiago hartzeko geldiunea egin du. Eguna argituta zegoen, laino altu batzuk eta ostarte txikiak zeruan. 15º C-ko tenperatura, oinez ibiltzen hasteko giro ezin hobea. Guztira 35 lagun abiatu gara, horietatik 13 emakumezkoak.
Gaintza–Legorreta
07:20an Gaintzara iritsi gara. Motxilak, bastoiak eta, badaezpada ere, euritakoak eta aterkiak ere prestatu ditugu eta, segituan, Gaintzako plazan, taldeko argazkia egin dugu.
Gaintzako plazatik (446 m.) abiatu gara 07:30ean, eta Kale txiki jatetxearen aurretik igarota, porlanezko pista bat hartu dugu. Seinale batzuek (Bostaitzetara 1,5 km, Altzagaratera 45 minutu) bidea erakutsi digute.
Berehala bidegurutze batera iritsi gara. Ezkerretik, Arama eta Ordiziara joango ginateke baina guk eskuinetik jarraitu dugu Bostaitzetako leporako bidean (459 m). Bertan, beste bidegurutze bat topatu dugu. Guk aurrera jarraitu dugu, Altzagarateraino. Bidea oso erosoa da eta bitartean inguruko herriak eta mendiak ikusi ahal izan ditugu. Ezkerrean Aizkorri, oso dotore agertu da, atzean Aralar eta, aurrera begira, Murumendi, gaurko gure helburuetako bat.
Altzagaraten, orain arteko pista utzi eta eskuinera biratu dugu, poliki?poliki, Legorretara jaisteko. Urdaneta-azpi izeneko baserriaren albotik pasatu eta, porlanezko pista bat jarraituz, Legorretako (119 m.) lehen eraikinetara iritsi gara.
Legorreta–Santa Marina (Santamaña)
08:45ean, Legorretako udaletxearen aurretik pasatu eta herria zeharkatu dugu. Giro onean, hizketan goaz. Leihoetatik harriduraz begiratu digute bizilagun batzuk eta beste bakarren batek ere, irribarrez animoak eman dizkigu.
N-1 errepide zaharra gurutzatu dugu eta Koate auzorantz abiatu gara. Eskailera batzuetatik igotzen hasi gara. Eguzkia jotzen hasia da eta gaineko arropak kentzeko geldialdi txiki bat egin dugu. Oriar baserria bere armarri ederrarekin ikusi eta Santa Anaren ermita eta Kabi alai baserria pasatu ondoren eskailerak igotzen jarraitu dugu.
Eskailerak eta bidezidorra utzi eta kilometro batean GI-3521 errepidea jarraitu dugu. Ondoren ILB/PR/GI-71 markak dituen pista jarraitu dugu. Pixkanaka gorantz doa pista, pinudi eta eukalipto?basoen artean. Geroago, marka zuri-gorriak dituen IL/GR-35 bidetik jarraitu dugu. Eroso ibiliz Burnigurutzeta (512 m) izeneko parajera iritsi gara.
Denbora labur batean, Santutxutik Santamañara doan errepidea hartu dugu. Ezkerraldetik jarraitu dugu (1,5 km, gutxi gorabehera). Zerrategi baten ondotik igaro eta Santa Marina (Santamaña) auzora iritsi gara (Albiztur, 550 m).
10:30ean Santamañara iritsi eta Santamaña Haundi baserriaren fatxada ikusiz gozatu dugu eta bertako eliza gotikoaren ondoan atseden txiki bat hartu dugu hamaiketakoa egiteko. 15 minutuz aritu gara jaten eta edaten, eta, bitartean, hizketan eta pasadizoak kontatzen. Lagun batek, lehen Tartalorekin hitz egin duela esan digu. Ea Murumendiko Marik salda prestatzen digun gu hara iristen garenerako. Horrela, algara eta barre artean, egonaldiko denbora bukatu zaigu. Gaurko ibilbidearen erdia baino gehiago falta zaigu oraindik, baina indarrak berritu ditugunez, martxan jarri gara berriro.
Elizaren ondoan IL/GR-35 bidezidor luzearen panel bat dago eta baita Donejakue bideko gezi horiak ere, eta guk, bertatik jarraitu dugu bidea. Berehala, eskuinean iturri bat eta garbitoki ikusi ditugu. Pistak Larrañagagoiko baserrira eraman gaitu eta eskuinaldetik inguratu dugu. Handik aldapa gogor baina laburrean, bidezidor ederretik, Txapartegi baserriraino iritsi gara (590 m).
Beste aldapatxo baten ondoren, ondo markatutako bideak Azkontzegiko lepora eraman gaitu (641 m). Ondoren, eskuinaldetik datorren porlanezko pistatik jarraitu dugu. Pista horrek Domingoko mugarriaren lepora eraman gaitu (605 m).
Bidea zabala da eta IL/GR-ren margoz markatua, baita Donejakue bideko zutoinez ere. Oinez joan gara pinudian zehar. Handik irtetean, pagadi batean sartu gara eta aldapa gogortu egin da. Euria hasi digu eta momentuz, pagoen babesean, ez gara busti, soilik euriaren hotsa entzun dugu. Aldapan gorantz jarraituta, 12:07an, Murumendi gainera iritsi gara (868 m).
Orain bai, orain bustitzen ari gara eta presaka, euritakoak jantzi eta aterki batzuk ere ireki ditugu. Taldeko argazkia egin eta Mariren saldarik gabe aldapan behera abiatu gara.
Murumendi–Aratz-Matxinbenta
Pagorriaga baserri aldera egin dugu. Berriro ere pagadian sartu gara eta beherantz joan gara. IL/GR markak dituen pista batera iritsi gara eta ezkerraldetik jarraituz Mandubira jaitsiko ginateke, baina GPSdunek Pagorriagara eramango gaituena bilatu dute. Egurrezko langa bat zeharkatu dugu eta bide onetik goazela ere baieztatu dugu.
Pagorriagara iritsi eta ondoren pistatik jarraituz, Endriokorta baserrira jaitsi gara. Han pista utzi eta beste bide bat hartu dugu. Bukaeran, opari moduan, beste aldapa bati aurre egin behar izan diogu. Tipi-tapa eta sigi-saga, errekatxoaren hotsa entzunez eta mendafinaren usaina sentituz, Beasain, Azpeitia, Beizama, Ezkio eta Itsaso artean banaturiko Aratz-Matxinbenta auzora (250 m) iritsi gara. Gaurko etapa amaitu da. 13:30ean, gure zain zegoen autobusa hartu eta etxera itzuli gara.
Bideko toki interesgarriak
- Gaintza. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kidea da, baita Enirio-Aralarkoa ere. Aipatzekoa da Tourseko San Martinen baseliza.
- Bostaitzetako lepoa. Bidegurutzea da. Aurrera eginda Altzagarate aldera eramaten duena.
- Legorreta. Udaletxeko fatxadan eta arkupeetan Koldobika Jauregiren ‘Baserri barneko zuhaitza’ izeneko eskultura ikus daiteke.
- Burnigurutzeta. (512 m), 1699ko burdinazko gurutze bat dago. Albiztur, Bidegoian eta Legorretaren arteko muga da. Paraje honetan Joan Mari Jauregiren omenezko hilarria ikus daiteke.
- Santa Marina (Santamaña). Albizturko udalerriko auzogune txikia da. Gipuzkoako barnealdeko Donejakue bidearen lehen trazatua bertatik igarotzen da. Aipatzekoak dira Argisaingo Santa Marinaren eliza eta Santa Marina Handi baserria, antzinako erromesen ospitale izana.
- Domingoko mugarria. Itsasondo, Beasain, Beizama eta Bidegoiango lurrak bat egiten duten puntua da, eta mugarri bikaina dago bertan.
- Murumendi. Goierriko mendi enblematikoetako bat dugu. Mariren bizilekua edo koba duena. Tontorrean dauden antzinako herrixkaren aztarnak Burdin Arokoak dira.
- Pagorriaga baserria. Landetxea eta oreinen etxaldea da.
- Aratz-Matxinbenta auzoa. Beasain, Beizama, Ezkio, Itsaso eta Azpeitiko udalek partekatutako auzoa da Aratz-Matxinbenta. Bertan gordetzen ziren garai batean inguruko bideetara lapurretara irteten ziren bidelapurrak.
Informazio gehiago: ww.gmb.eus