Ane Azurmendi Lasa
Maider, badirudi, gure azken elkarrizketa izango dela honako hau, publikoan behintzat. Ikasturte honetan zehar, hainbat gairi buruzko gogoeta xumeak egiteko parada izan dugu, baita, lagun bat oroitzeko tartea ere. Azken testutxo hau, uda iristearekin batera egokitu zaigu, eta nik, oraingo honetan 14 + 7 goierritar eta 82.555 gau eta egun ekarri nahi nituzke hona. 14, Goierriko preso, eta, 7, haien seme-alabak. 82.555 gau eta egun askatasunik gabe pasa dituztenak. Herritik urrun eta askatasun ezean egoteko denbora gehiegi da. Senideak eta lagunak bisitatzera joateko ere larregi. Eta haurrentzat zer esanik ez, badakigu, egunak eta urteak luzeagoak direla ume zarenean.
Eta horixe, aipatu nahi nuke lerro hauetan, gure herri kideek etxetik urrun daramaten denbora, egunak eta gauak; eta udak. Pakitok 26 uda, Rufinok 21, Mikelek 20; Liernik, Oskarbik eta Xabierrek 17; Ainhoak, Xabierrek eta Ismaelek 16; Josebak eta Mikelek 15; Idoiak 13, Ibanek 11 eta Aitorrek 7. Batzuk oporretara, eguzki bila, joateko erabiliko ditugu hilabete hauek; edo jaietan dantza egiteko, edo mendira joateko; eta askok, haien seme-alabak, anai-arrebak, gurasoak, senideak, lagunak eta herrikideak bisitatzeko.
Azken uda izan dadila
Maider del Olmo Zubeldia
Zoritxarrez, nahitaez itzalean pasa beharko dituzte datozen hilabeteak hainbat lagunek. Espetxean, esan nahi dut. Bai, zuk goian aipatutakoek, bai beste hainbatek, mundu osoan zehar barreiatutako kartzeletan. Preso guztiak direla politikoak uste dut, ez soilik lagun, senide edo ezagun ditugun herrikideak. Sozialak deritzegun horiek ere politikoak direla. Azken batean, arrazoi politiko anitzek izan dute eragina pertsona horren espetxeratzean. Horiek ere sufritzen dute kartzela, uda sasoiaz harago. Pertsona zenbat eta zaurgarriagoa izan, orduan eta gogorrago kolpatuko du sistema penalak. Gutxi batzuk soilik aterako dira handik onik: dirudunak edota gizarte sare nahiko sendoa dutenak (familia, lagunak,…).
Nik neuk nahiago dut espetxerik gabeko mundu bat defendatu. Errealistei uzten diet beste egitekoa: kartzelaren beharra defendatzearena edota zigor kodea aldatu behar dela esatearena, azken horrekin ados egonagatik ere. Izan ere, egia da zigorrak jaisteak eta presoak hurbiltzeak batzuen sufrimendua arinduko lukeela, eta hori beharrezkoa da. Baina nolakoak lirateke gauzak urrutirago begiratuko bagenu, zigor kodeaz harago? Nahi dugunaren norabide horretan marrazten den utopiara, alegia. Ekintza politikoa al da espetxerik gabeko mundu bat aldarrikatzea?
Ane, ez dugu hurrengorako hizketagai makala…