
Ziur, uda honetan, oporrak hartzen dituzunean, makina bat bazter, esperientzia berezi izateko burutazioa izango duzula, edo hainbat aldiz kafea agindu diozun adiskidemin hari, behingoz, hurbilduko zatzaizkio, Juan Valdesek, kafe kontutan, bankarrotan bukatzea nahi ez baduzu. Burutazioak burutazio, kontuak kontu iritsiko zaizu atseden horixe hartzeko beharra, eta behingoagatik gelditzeko premia handia somatuko duzu zeure baitan.
Inguruari begira geratzen natzaionean gelditzeko eta atsedenik hartzeko dagoen pertsona asko topaten dut. Geuk, eta ez beste inork, sistema aitzaki hartuta, lan eta lan dihardugu asteburua, oporrak, lasaiunea hartzeko irrikaz. Ezagunak egingo zaizkizu solas askotan erabilitako esapideak: «behingoz, ostirala», «eskerrak asteburua datorren, bestela…», «ea noiz datozen oporrak eta hemendik urrun alde egiten dudan»… topikoak diren esamoldeok, jada, gure eguneroko ogi bihurtu zaizkigu, gure ogi eta egia.
Errua botatzearen inguruko argudioak asmatzen oso abilak bagara ere, bakarrik gaudenean, argi dago zer asmatzeko ez dugunean, hantxe gaudela geure arazoekin batera, nori zer leporatzeko ez dugula, erabateko hustasun sakonean, eta badakigu zer den hori: izanaren eta egitearen arteko desoreka itzela. Izan ez garenez, ez garena egiten jarduten gara, egite horretan ezina azaleratuz, ezinaren talka, behin eta berriz, areagotuz. Argi dago bizidun izanda, bizi eragile ere garenez, edo behintzat hala behar genuke, gure ekintzek bizitu beharko gintuzketela eta ingurukoak biziarazi, baina horixe somatzen dugu?
Jendeak bizia maiteko balu ez lioke minik egingo bera den biziari, izan ere, bizidun bezala, erabiltzen ari garen dinamika birrintzailea eta hauskorra da, naturaren aurkakoa, kaltegarria gure barru larruotarako. Axolagabetasun hori hezurmamituta, mingarri den ezer geuk geuri eskainiz, bizitzerik ba ote? Argi dago, Pablo D´Ors-ek bere Isiltasunaren biografia liburuan dion bezala, badela beste biderik: «Bizi gaitezke Biziaren aurka jardun gabe. Zergatik biziaren aurka aritu beronen alde jardun gaitezkenean? Zergatik bizia borroka ekintza gisa ulertu behar dugu, Maitasun ekintza izan ordez?».
Oporrak hartu, atsedena, olgeta, txantxa giroa… ederra da hori guztia, eta astindu ederra eman badiogu barruari, zer gutxiago, baina gure egunerokotasunean, bestelako egunetan, Bizia, letra handiz, besarkatzen, sentitzen, maitatzen ari gara? Izan ere, zertarako gertatzen da oporretatik etorri eta orain asmatu den opor osteko depresioa dugula bezalakoak? Uste dut honelako esapideen atzean, gure espirituak izaten asmatu ez, eta ezinetik desira osoz irrikatzen duen nahigabe sakona duela, samin jasangaitza erraietan, beldurrak, behin eta berriz, haserrean, urduritasunean, nazkan eta bestelako jokabidetan sortarazten diguna.
Gizakiak asko sortu du, aurrerapen ugari gauzatu ditu azkeneko mendeetan, baina barrura begira, jendea oso hutsik dago, hitz gozo eta leunez puzturiko maitasuna erabiliz ahoan, baina maitasuna bera maiseatzen eta baztertzen. Aspaldi idatzi nuen ezer datorkit gogora honen harira: «Gizasemeek, gizalabek errepide on asko eraiki dituzten arren, ez dute tamalez, oraindik, asmatzen jakin bihotz biderakoa». Eta hala da, bihotzak, ez organoak, baizik eta sinbolikoki gure izatearen erdigunea denak, barrura begiratzeko oihu egiten digu, etengabe, taupaz taupa, arnasaldi bakoitzean. Gurea da erronka, barru-barruko gure etxera bueltatzeko desafioa, erronka hauxe unean uneko errealitatean gertatzen da, erne arituz, gure pentsamendu, juzku eta aurreiritzietan ez galduz.
Eraldatze eder hori gertatzeko, badatozkigu, irakurle, oporraldiok. Zer gozatzeko eta hausnartzeko aukera izango duzu. Erreparatu zaren horretan, zure lasaialdian atseginik hartu une bakoitzean, beraztertu, orain arte, bizitzan emandako urratsak, begiratu zein puntutaraino asebetetuta zauden. Ausardia behar da lanketa hauxe egiteko, ezinak eta aitzakiak inguruan izango dituzunean, baina Bizia sentitzeko, bizitzeko eta maitatzeko merezi duela pentsatzen baduzu, behin eta berriz, unean unekoan erreparatuz zure jardunaren fruitua agertuz joango da, izan ere, zeu zara fruitu hori, zeu, zarena. Zorte on zure jardunean!