Zerainera iritsiko dira uztailaren 16an euskara ardatz hartuta Euskal Herria zeharkatzen ari den Euskarabentura udaleku ibiltariko partaideak. 16 eta 18 urte bitarteko gazteak dira euskarabenturazaleak. Tartean bi goierritar daude.
Mauletik (Zuberoa) abiatu ziren uztailaren 1ean Euskal Herri osoko eta diasporako 110 gazte eta 30 arduradun Euskarabentura espedizioan. Done Jakue bide desberdinak jarraituz Euskal Herria zeharkatuko dute, hiriburu guztiak eta txoko ugari bisitatuz. Bizkaiko Getxo izango dute helmuga uztailaren 31n, baina ibilbidearen erdi-erdian geldiunea egingo dute Goierrin, Zerainen.
Euskarabenturazaleak uztailaren 16ko arratsaldean iritsiko dira Zerainera Arabatik barrena, San Adrian zeharkatu eta gero. Herria bisitatu eta bertan lo egin ondoren, hurrengo egunean jarraituko dute bidea, OrmaizteginTolosara eramango dituen trena hartuta. Zerain eta Ormaiztegi arteko tartea oinez egingo dute, Mutiloatik igaroz eta bide berdeari jarraiki;? antzinako meategien aztarnak ezagutzeko aukera izango dute.
Goierriko geldialdi honetan aparteko gidariak izango dituzte euskarabenturazaleek, beraien artean Uxue Arrese beasaindarra eta Uxue Barreros lazkaotarra daudelako. Bi goierritar hauek espedizioan parte hartzen ari diren 16 eta 17 urteko gazteetako bi dira, eta irrikitan daude Goierrira iristeko eta abentura honetan zehar egindako lagunei beren eskualdea erakusteko.
Zerainera iritsi ordurako ibilbidearen erdia eginda izango dute, kilometro mordoa ibilita –egunean 25–, eta horrek «bere alde gogorra» badu ere, «oso-oso gustura» egiten ari direla diote biek. Egunak konturatu gabe joaten omen zaizkie eta «egin duguna baino denbora laburragoa daramagula ematen du». Lagun berriak, aparteko giroa, ezagutzen ari diren txokoak eta burutzen dituzten ekintzek badute horrekin zerikusia:?«Ekintza guztiak oso interesgarriak dira, batez ere euskararen egoeraren inguruko tailerrak. Asisko Urmeneta, Odei Barroso, Peter eta Kattalin Ansorena… ezagutu ditugu. Eta sormen tailerrak asko gustatu zaizkigu. Iruñean izan ginenean sanferminetaz pixka bat gozatzeko aukera ere izan genuen».
Espedizioa aurrera doa, eta euskarabenturazaleei gutxiago falta zaie Getxora iristeko. Bi goierritarrek «gogotsu» ekingo diote falta den zatiari, baina baita penaz ere, motz egiten ari zaielako ibilbidea:?«Hilabete bakarrik baino, nahiago genuke bi hilabetekoa izatea».