Bada denboratxo bat eguzkiak ilargiari lekukoa hartu diola, eta objektu ororen inguruan itzala lerratzen hasia da dagoeneko. Nahiko giro epela egiten du. Atzo arratsetik gaude txoko honetan nire kideak eta ni. Gustura igaro dugu gaua. Hitz eta pitz. Hona zer demontretarako ekarri ote gaituzten galdetu diogu elkarri, baina ez gara erantzun zehatz bat adosteko gai izan. Auskalo!
Zer da hori? Kantu hotsak entzuten ditut ez oso urrutian. Hemendik ez naiz hitzak bereizteko gai, baina ez zait iruditu intonazioa oso egokia denik. Futbol partidetan biltzen diren hooliganen tankera hartu diet, nor diren ere ikusi gabe. Ahots garratz horiek «GORA!» esanez amaitu dute euren emanaldia. Ez zait inola ere txalotzeko modukoa begitandu, baina zer egingo diogu…
Bat-batean, gure txokoko atetzarra ireki dute, eta ipurdian ziztaka hasi zait gizon bibotedun bat. Uste dut atzo arratsean honantz bideratu gintuen tipo bera dela. Meharra oso. Hankaluzea eta buruhandia. Txupatxus bat ote den bururatu zait, baina ez dut pentsatzeko astirik ere. Zizta eta zizta ari zait atzealdean, eta lasterka ateratzea beste erremediorik ez dut. Jesus! Zer-nolako presa duen kakalarri halakoak!
Baina, baina… zer da jende samalda hau? Zergatik daude guztiak guri begira? Elastiko eta praka zuriak eta zapi eta gerriko gorria daramate gehienek. Badaude, ordea, etiketaz etorri ez diren gutxi batzuk. Ez dakit nola arraio utzi dieten sartzen. Festa hau antolatu dutenek zorrotzago betearazi beharko lituzkete arauak. Enfin…
Egunkari orriekin turuta bat egin, eskuan hartu, eta besoa luzatu eta uzkurtu ari dira asko eta asko. Ikasitako koreografia bat ote da? Hori ere ez dute, bada, erritmo eta norabide berean egiten guztiek. Bufff! Gutxi entseatuta etorri dira. Auzo lotsa!
Atzeko tipoak bultzaka garamatza 12 lagunak, eta argi dago aurreko artista horiek bizkor joaten ez badira, berehala iritsiko garela parera, eta deskuiduan bateren bat harrapatu ere bai! Ez al dira konturatu adarrak ditugula? Mugitu, jode!
Gu ere ikuskizunaren parte gara nonbait, baina inork ez gaitu entseguetara gonbidatu. Nola jakingo dugu zein den gure rola? Ahots aparta daukat nik; beraz, nahiago nuke lehen zatian aritu, kantuan. Seko utzia da zuzendaria!
Ez bat ez bi iritsi gara zuri-gorridunen parera. Aurrealdekoei begiratuta mordoa zirela ohartu naiz, baina usteak erdi ustel. Ehunka daude eta! Zer diot ehunka… milaka! Inurriak dirudite. Izu aurpegiarekin begiratzen digute, eta gu iritsi ahala jauzika eta estropezuka joaten dira alboetara. Ez dakit zeren beldur diren.
Matxinsaltoen pare egurrezko hesira igo den bati begira geratu naiz une batez, eta konturatu gabe, aurrean korrika zihoan morroskoaren gainetik pasatu naiz. Uiiiii! Barkatu, gazte! Ez nizun minik egingo, ezta?
Plaza batean lehorreratu gara, eta musikarekin egin digute ongietorria! Zeinen polita! Plazer hutsa izan da ezusteko antzezlan honetan parte hartzea!
Hiri bereko beste txoko batean bost basapiztia izate ahul bat txikitzen ari dira. Ikuskizunaren gidoia eurek egin dute, eta ondo baino hobeto entseatuta etorri dira. Musika espero zuten amaieran, baina…