Gaixotasun guztiak sendatzen dituen eta bizitza mugagabe luzatzen duen sendagai mitikoari esaten zaio panazea. Alkimistek, Erdi Aroan batez ere, aritu ziren haren bila. Panazea hitzak, hain justu, ekarri dit gogora Sapiens, de animales a dioses liburuan irakurritako hausnarketa, azken hamarkadetako medikuntzaren inguruko aurrerapenak direla eta: «Medikuntza bere arrakastaz mozkor dago». Akaso, horixe izan daiteke homeopatiaren aurkako erasoaren arrazoietako bat.
Pedro Sanchez gobernuburu berriak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate saileko ministro Pedro Duque astronauta izendatzean, komunikabide guztiek azpimarratu zuten homeopatiaren aurka egindako gurutzada. Hona hemen Duqueren adierazpen batzuk gaiaren harira: «Homeopatia defendatzea gizakiak Ilargia zapaldu duela ukatzea baino mingarriago zait».
Horrenbestean, Gabriel Garcia Marquez-en Cien años de soledad eleberria berrirakurriz aurkikuntza hau egin dut: «Alirio Noguera doktorea urte gutxi batzuk lehenago iritsi zen Macondora, zaporegabeko pilulatxo batzuk botikinean eta inor konbentzitu ez zuen mediku baimen batekin. Egiaz, iruzurti bat zen: pilulak azukre findua baino ez ziren, eta Leipzig-eko Unibertsitateko diploma faltsua zen».
Pasarte honek agerian uzten du homeopata faltsuak egon direla eta baita Homeopatia Eskola bat ere, Leipzig-eko Unibertsitatean hain justu duela 200 urte pasatxo. Mediku eta zientzialari haientzat ikergai garrantzitsua izan zen homeopatia. Eskola haren eraginez zabaldu zen medikuntza berria mundu osora. Asko dago eskola haren inguruan idatzia, baina beren manifestuaren 18. tesia esanguratsua iruditu zait: «Sendaketa alopatiaren bidez bakarrik etor daitekeela esatea asmo txarraren edo informazio ezaren ondorioa da. Homeopatiaren helburua gaixotasuna eragin duten arrazoietan eragitea ere bada. Arrazoi ezkutuak ikertzeko grinak bultzatzen du giza adimena itxura batean ezin jakinezkoak diren arrazoietan ikertzen jarraitzera». Eskola horretako Moritz Müller mediku ospetsuaren inguruko adierazpenak dira ondorengoak: «Gizakion mesedetan ikergarri izan zitekeen guztia bereganatzen saiatzen zen eta inoiz ez zion uko egiten helburu horretarako erabilgarria izan zitekeen ezeri».
Gizakia Ilargira joatea baino eginkizun zailagoa iruditzen zait niri giza barrunbeetan barneratzea. Eta jardun horretara bideratuta dagoen edozein bide ukatzea, are gehiago zigortzea, ez zait iruditzen zientzialari baten jarrerarik egokiena, ezta zintzoena ere, are gehiago gizakion ongizateaz hitz egiten ari bagara. Gizakion osasuna ez da konkistatu beharreko lurralde bat, esploratzekoa baizik. Bizitzaren alor guztietan, baita medikuntzan ere, konkistatzaileak baino gehiago, esploratzaileak behar ditugu.
Ez dut ezagutzen Pedro Echeniqueren iritzia homeopatiari buruz, zientzialari ospetsuaren hitz hauek, hala ere, eragin homeopatikoa izan dute niregan: «Zientzia ez da panazea eta oso arriskutsua da, behin betiko erremediotzat hartzea, zientziaren beraren kontra bihur daitekeelako eta bere garapenari kalte egin. Diziplinaren edertasuna eta baliagarritasuna transmititzea da garrantzitsuena».
Ezagutza bide berriak ukatzea zientziaren benetako izaeraren aurkakoa da.