Joxepa Madariaga
Aupa!, Inaxio. Zaborraren gaiaz ari behar diagu, berriz ere; zaborretan zaborrena den plastikoaz. Plastikoz inguratuak bizi gaituk, plastikoak hartu dik itsaso zabala: Itsaso Barean, Hawai eta AEBetako mendebaldeko kosta artean, plastikozko uharte erraldoi bat sortu diagu, itsas korronteek hondakin guztiak bertara bideratzen baititiztek. Plastikoz egindako uharte artifizial bat, herritarron eta agintarien utzikeriak sortua, itsasoa munduko zabortegirik handiena bilakatuz. Itsasoko arrainak, planktonaz gain plastikoa jaten ari dituk, eta gu arrantzan, ustez arrain freskoa ekarri eta jaten, guk geuk itsasora botatako plastikoa jaten …; oraindik plastikoa jaten, laster plastikoak jango gaitik gu!
Baina, bueno, geroz eta orga gehiago ikusten dizkiat kalean, dendetan; gurpildun orgak, gurditxoak eta enkargutarako poltsak (oihalezkoak, berrerabilgarriak). Plastikozko poltsak kobratzen hasi dituk dendariak eta jendeak kontuak ateratzen dizkik: enkargutara poltsekin joaten hasi gaituk eta, behar direnerako, autoan ere batzuk prest jarri dizkiagu. Tristea duk kobratzen hasi arte, zigortu arte, ohitura onik ez hartzea, baina tira!, onerako dena ongi etorria, datorrenean datorrela.
Eta zer berri ari duk zabaltzen sare sozialetan, ohiko komunikabideetatik kanpo, albistegi ofizialetatik kanpo, erraustegiez? Irlandatik, Madrildik…
Inaxio Usarralde
Hel diezaiogun gaiari, beraz, Joxepa. Zaborra dun bereizi gabe, dena batean, nahasten dugun hondakin multzoa. Denon helburua herritarrok ahalik eta gehien birziklatzea izan behar liken hondakin bakoitza behar den ontzian sailkatuz. Eta horretan bat egiten badugu errauste plantarik ez litzatekeela beharko esaten diten adituek. Horretaz gain, ni osasun mailako ondorioek kezkatzen naiten gehien.
Erraustegiaren eta minbiziaren artean harreman argia dagoela erakusten duten datuak bazeuden medikuek diotenez. Fetuak, haurrak eta gaztetxoak ditun, gaixo eta edadetuekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak. Hortaz, hori horrela bada, eta hainbat lekutan (Madril, Montpellier, Irlanda…) errauste plantak eraikitzeko baimenak atzera botatzen ari badira, Gipuzkoako agintariek zergatik eusten zioten setatsu beren asmoari? Zer zegon kaskagogorkeria horren atzean? Hara GuraSOS elkarteak zer dioen: «Irtenbide partekatua aldarrikatzen dugu, gizartearen parte hartze aktiboarekin eta aditu eta teknikarien protagonismoarekin, guztion artean adostu dezagun osasuna eta ingurumenari berme gehien emango dion, gizarte kohesio gehien lortuko duen eta Europako gomendioetara hobekien egokitzen den irtenbidea». Nor egon daiteke proposamen horren aurka?
Ea ba herritarron dinamika indartsu bat bultzatzeko gai garen, besteak beste, gure osasuna zegon jokoan eta!