Ez dakit gaur egun hala izaten den. Eskola-umeak ginela, opor luzeen atarian, aisialdi garaian aspertu ez gintezen etxeko lanak bidaltzen zizkiguten. Horretan tematzen ziren irakasleak, biderketa eta zatiketak egiten ahaztuko ginen beldur, nonbait. Normalean etxeko estudioko izkinaren batean geratzen ziren liburuxka eta koaderno haiek eta, kasurik onenean, eskolara itzultzeko garaia gainean zegoela betetzen genituen, presaka.
Txikitako oroitzapen hauetaz gogoratu naiz, lagun batek waxapez bidali didan mezua zabaltzerakoan. Bertan, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasle batek udarako bere buruari jarritako lanak zerrendatzen ditu. Eta ez pentsa buruketak edo agindutako irakurketak egitea bere planen artean dagoenik. Ez, hori baino askoz ere dibertigarriagoak dira gaztetxoak bere buruari jarritako ardura udatiarrak. Adibide batzuk aipatzearren, egitekoen artean kokatu dituenen artean dago ilunabar bat ikustea, kometa bat hegaraztea, urez betetako globoekin jolastea eta picnic bat egitea, besteak beste. Zerrenda luzea da, baina proposamen xaloak dira guztiak. Uda kolore eta usaina duten ekintzak. Ederrak.
Sare sozialetako zerrenda orijinal horrek bidea zabaldu didanez, nik ere lerro hauen bitartez antzeko ariketa bat egin nahiko nuke. Oporrak abentura edo bidaia handietarako abiapuntu izan daitezkeelako, bai, baina baita ere eguneroko bizitzan dastatu ezin ditugun plazer txiki horien iturburu ere. Hauxe beraz nire oporretako (p)lanen zerrenda. Ea zer iruditzen zaizuen.
Oiangu eta Urbasa. Joan den urtean lagun batek komentatu zidan, arrazoi betez, oparotasunez gainezka dagoen gizarte honetan, urrun geratu dira garai bateko egunpasa –gaur egun picnic– horiek. Amonaren ensaladilla errusiarra eta tortilla pare bat nahikoa zen otordu on bat egin eta eguna mendian pasatzeko, familia edo lagun arte alaiez inguratuta. Orain, ordea, Oiangura joan besterik ez dago jabetzeko ohitura hura zenbateraino galdu den ikusteko. Eta gertu ditugu aire libreko bazkari hauek egiteko bi tenplu, Oiangu eta Urbasa, leku ederrak biak ere. Ea bietara iristen naizen uda honetan.
Parranda. Ez naiz sekula izan parrandazale borrokatu horietakoa. Baina oporraldia zozo samarra izaten da, tartean lagunarteko parrandatxorik ez bada. Gazteenek gaupasak izango dituzte buruan –okasio ezinhobea Ordiziako festetan– baina egunez ere herriko festetan edo inguruko beste ospakizunen batean giro ederraz goza liteke. San Inazio egunean Urbian egiten den erromeria, horren lekuko. Aukerarik ez da falta.
Tontor bat. Pirinioetara gerturatzeko aldarte edo sasoirik ez daukanak ez du zertan mendi goietara igo gabe geratu. Tontor batera igotzeak beti askatzen baitu norbere bihotza, ematen halako libertate sensazio bat. Goierrin ere tontorrik ez dugu falta, sentipen hori bizi nahi duenarentzako. Nire gomendioa? Murumendiko gainean eseri eta inguruko lurrei begira ordu erdi pasatzea, patxada ederrean. Gustuko beste leku bat: Idiazabal edo Olaberritik Arantzamendira igo eta bertako belardietan ibilalditxoa egitea.
Solasaldian. Urtean zehar nahiko lan izaten dugu etxeko eta kanpoko lanekin kunplitzen. Uda momentu ona da bestela gutxi akordatzen garen horiekin egon eta haien berri izateko, telefonoz bada ere! Taberna bateko terraza batean bada, garagardo fresko bat eskuan, orduan are eta hobeto.
Liburu bat. Besapean edo motxilan, beti aldamenean eramanez gero, mesanotxean aspaldian zain daukagun liburu hori irakurtzeko aukera paregabea izango dugu. Aktibitate gutxik erlaxatzen dute norbera irakurketa on batek baino.
Afari-merienda. Egunean egindako txango bat amaitzeko modu hoberik ez da. Mahai baten inguruan, mokadutxo bat eginez, lagunak edo senideak bildu eta kontutan jardutea, hori bai plan ezinhobea! Lerro hauen bitartez bidaltzen diet nire gonbitea lagun eta senideei. Horrela, bide batez, konprobatuko dut ea lerro hauek irakurri dituzten ala ez!
Uste dut zerrendatxo honetako egitasmo denak betetzeko moduan egongo naizela datozen asteetan. Nahiko lan izaten da, udako planak erabat bete nahi baditugu behintzat. Uda ona izan!