Maider del Olmo Zubeldia
Oporretara joateko asmoa azaldu zidan ezagun batek duela gutxi. Behar eta nahi zituela opor desiatuak, nahiz eta urte osoan langabezian egon. Azken hori ez zuen berak esan. Mutil lagunak, baina, aurpegiratu egin zion kapritxoa, gehiegizkoa zela esanez, ea lanik ez egiteaz nekatu den.
Kasu horrek beste bat ekarri dit gogora: gizarte laguntzak jasotzen dituztenek txakurra izatea deitoratu zuenarena, lotsagarritzat jotzen baitzuen beharragatik diru bat jasotzen ari den batek txakurra izatea. Izan ere, denok badakigu badaudela konpainia egiteko animalia merkeagoak, adibidez, arratoi bat. Ez da txantxa.
Bada gai honekin poemarik egin duenik ere, gizarte laguntzen harira, zinegotzi baten ateraldiari helduta. Esan nahi dut ez dela txantxa pobreziaren kontua. Ez, ez da. Berriki, Ane, beltz bat ikusi dut kalean emakume batek emandako diruarekin ogia eta freskagarri bat erosten. Goseak zegoen, antza. Ogiarena ondo iruditu zait, baina freskagarriarena gehiegitxo. Hortxe zuen ondoan iturria edan nahi bazuen!
Gehiegizko garai hauetan, horrelako epaiketak egitean, nork ez du faxista bat bere barruan?
Ane Azurmendi Lasa
Pasadizo horiek ezagun egin zaizkit niri ere, Maider. Bati entzun nion behin, gizarte laguntzak jasotzen dituztenei plasmako telebista oparitzen diela udalak. Beste behin, ezagutu nuen irakasle bat, benetan larrituta zegoena; diruz oso larri zebilen ikasle bat zuelako, egunero makinatik 50 xentimotako txokolatea hartzen zuena. Bazirudien hori zela arazoa. (Eta, ez, adin txikikoen pobrezia tasa altua). Dirua gehiegikerietan gastatzea. Edo, bestela esanda, dirurik ez duenak, dirua 50 xentimoko txokolatetan gastatzea.
Batzutan, pentsatu izan dut, pobrezian dagoena, pobreago nahi genukeela, hau da, benetan, gaizki. Nabari dadila, «gure» eta «haien» arteko desberdintasuna.
Jende asko topatu dut gertu gehiegitan begiratzen diona ondokoari, berdinari, lankideari, ikaskideari, auzokoari. Plasmako telebistari, makinako txokolateari eta dirua ardotan gastatzen duenari. Eta agian, gutxitan, gutxiegitan, gainekoari. Gu nor garen, eta, haiek, nor diren benetan ahaztuta. Tarteka pentsatzen dut, ez ote den faxismo hori, egunerokoan, horren ohikoak bihurtu diren diskurtso arrazista eta faxista horiek, ez ote diren, benetan ongi errotzen ari.