Zegamako bizilagun talde batek Tartaloetxe elkartea sortu zuen 1993an. Helburua elkartzeko eta ondo pasatzeko toki bat edukitzea zen, baina 25 urte hauetan makina bat kultur eta kirol ekitaldi ere antolatu dute.
Tartaloetxe elkartea Zegamako ezker abertzaleko lagun talde batek sortu zuen, elkartzeko eta ondo pasatzeko toki bat edukitzeko. Hasieran alokairuan egon ziren eta 2006an lokala erosi zuten. Egun 85 bat bazkide dira.
25 urte hauetan makina bat ekitaldi antolatu dute: mus txapelketa, arku tiraketa, pilota partidak, haurrentzako arrantza txapelketa, sagardotegietara irteerak, tonbola…
Gainera, pilota elkartea sortu dute. «1999ko San Martin jaietan pilota partidak antolatu ziren eta arrakasta handia izan zuten. Hala, Tartaloetxeko bazkide batzuk pilota eskolak ematen hasi ziren eta 2002an pilota elkartea sortu genuen», azaldu du Angel Irigoras bazkideak.
Elkartea gizartearekin batera aldatu da. Garai batean ekitaldi batzuk antolatzen zituzten eta egun beste batzuk. Arrantza txapelketa antolatzeari utzi zioten, adibidez, herrian gero eta zaletasun gutxiago dagoelako.
Gastronomiak, ordea, gero eta indar handiagoa du. Hala, Zegamako eta Segurako Iparra-Hegoa ekitaldiko gastronomia lehiaketetan parte hartzen dute. Bestalde, San Martin ferian txakolin dastaketa antolatzen dute.
Elkartasuna
Ikusten denez, elkartasuna ere lantzen dute. Iparra-Hegoa ekimenean parte hartzeaz gain, presoen aldeko ekimenetan parte hartzen dute. Bestalde, goi tentsioko linearen aurkako borrokan parte hartu dute eta Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamikari laguntza eskaini diote.
Ekainaren 30ean 25. urteurrena ospatu zuten. Ez da ospatu duten lehen urteurrena izan. Elkarteak 20 urte bete zituenean Zegamako Aidearen Eguna antolatu zuten. «Herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta Zegamak ere bereak dituela uste dugu. Hala, herriko artistekin ekitaldi bat egin genuen. 30 bat lagunek parte hartu zuten:?bertsolariak, txiste kontalariak, dantzariak, musikariak, poetak… Oso egun polita izan zen».
25. urteurrenean, egun osoko festa egiteaz gain, elkartearen historia jasotzen duen aldizkaria argitaratu dute.