Nolakoak dira errementari baten eskuak? Ricardo Mediavillaren (Palentzia, Gaztela, 1958) eskuak gihartuta daude erabat eta bere handitasunean finak dira, leunak ere bai. Elkarrizketa egin bitartean ebaki bat egin du kazetariari mailuaren funtzionamendua erakutsi dionean. Ebakiekin baino erredurekin ohituta dago, «ez dago erredurarik gabeko errementaririk», dio. Jaioberritan iritsi zen Legazpira Gaztelatik. Aita errementaria zuen. Patrizio Etxeberria lantegira lanera etorri zen landa-eremurako lanabesak mekanizatzen hasi zirenean eta errementari ofizioak gainbehera egin zuenean. Mediavilla 14 urterekin hasi zen lanean, ordutik errementari lanarekin maiteminduta dago. Enpresa batean egiten du lan, eta aisialdian bere tailerraren bakardadean garai bateko errementari lanetan aritzen da. Azkenetakoa da.
Zergatik errementari? Zergatik burdina?
Burdina oso material gogorra da, baina, behin berotuz gero, nahi bezala moldatu dezakezu. Bereziki gozatzen dut pieza zaharrak zaharberritzen [baserri bateko leiho bat dauka esku artean, bisagrak eta iltzeak zaharberrituko ditu]. Halako lanek erronkatik asko daukate, orain 200 edo 300 urteko pieza bat garai hartan egin ahal bazuten, zergatik ez dut nik bada egin ahal izango?
Burdinaren artisautzat duzu zure burua?
Bai. Artista baino gehiago artisaua naiz. Gure tailerretik eskultore batzuk pasa dira, haiek piezak nola egin esan, eta nik piezak egin ditut. Hemendik ateratako piezak Madrilgo Arco arte erakusketan egon dira. Nik egiten gozatzen dut, eskua bakarrik dabil. Gazte-gaztea nintzela errementari lanetan hasi bezain pronto gustatzen zitzaidala jakin nuen. Zer edo zer sentitu nuen eta ez diot sekula lan honi utzi. Enkargurik ez badut, tailer kanpoan dauden zuhaitzetatik hosto bat hartu eta hura burdinan egiten dut. Libre sentitzen naiz tailerrean, bakarrik eta libre.
Ez da errementari asko geratzen…
Ez. Aitzitik, inoiz azken errementaria naizela esan didate eta ez dut nik hori sinisten. Afizionatuak badaude, tarteka Burgoseko (Gaztela) gazte bat etortzen da tailerrera ofizioa ikastera. Erdi Aroko azoketan ere ikusten dira errementariak. Edonola ere, forja askea zaila da, balezta-mailua desagertuta dago jada eta eskuz egindako lana ere ez da ohikoena. Eskuzko forja errazagoa da, forja askea zailagoa da.
Zergatik?
Imajinatu 50 zentimetroko pieza zilindriko bat eta hura 20 zentimetroko laukira ekarri behar duzula. Mailuarekin batera mugimenduak sinkronizatu eta konbinatu behar dituzu. Mailua oso azkar doa, esku trebeak behar dira eta pedalarekin erregulatu behar duzu mailuaren abiadura. Oraingo mailuek [aurreko mende hasierakoa da tailerrean daukana] elektrizitate bidez funtzionatzen dute, kolpearen intentsitatea, abiadura eta eskumuturraren mugimenduaren kontrola ezinbestekoak dira. Egia esan, energia-iturria ezberdina izan arren, Mirandaolako mailua ur-errota batek elikatzen zuen, mailu-sistema ez da asko aldatu.
Mailuarekin lehenengo forma lortzen duzu eta azken forma ingudean ematen diozu. Denetarik egin daiteke, ezpatak, iltzeak, suhatzak…
«Burdina oso material gogorra da, baina berotuz gero nahi bezala moldatu dezakezu»
«Energia-iturria aldatu den arren, mailu-sistema ez da denboran zehar asko aldatu»
«2020an Pasaian izango naiz San Joan baleontzia itsasoratzen dutenean»
«Legazpin burdina ateratzen zen burdinoletan eta piezak egin errementerietan»
San Joan baleontziaren erreplikarako iltzeak eta bestelako piezak egiten ari zara.
Bai, iltzeak erromatarrek egiten zituzten eran egiten ditut. Proposamena jaso nuenean asko gustatu zitzaidan. Iltzeak egin ditut eta orain burdineriak egingo ditut. 2020an Pasaian izango naiz itsasoratzen dutenean.
Zure tailerrean denbora, data, aldatu egiten da eta badirudi denboran atzera egiteko aukera dagoela.
Bai, hala da. San Joan baleontziaren piezak 1560. urtean errementari batek egingo lituzkeen bezala egiten ditut. Ni tailerrean sartzen naiz, eta bertan XVI. mendeko errementari batek bezala lan egiten dut.
Gaur egun burdin-pieza asko seriean egiten diren arren, suhatzak, adibidez, oraindik ere ezin dira seriean egin.
Ezin bi iltze berdin-berdin egin, ezta?
Ez, ezinezkoa da eta hor dago pieza bakoitzaren xarma, pieza bakoitza bakarra da, lan honen xarma ere bada. Vulcanoren Sutegia, Diego de Velazquezek 1630ean pintatutako margolanean errementaria ageri da laguntzaileekin eta pieza luzatzen ari dira bakoitzak, elkarren segidan, kolpe bana emanda. Erromatarrek ere hala egiten zuten, pieza bakoitza lauzpabost aldiz berotu behar zen moldatu ahal izateko. Nik hala egiten ditut iltzeak, eta bakoitza ezberdina da, kolpeka moldatzen baituzu iltzearen burua.
Hemen, Legazpin, errementariek halaxe egiten zuten lan. Diotenez, iltze bete upel andana ateratzen zen Legazpitik Pasaiara bidean. Gurean prozesu guztia egiten zen eta hori ez da oso ohikoa. Legazpin burdina ateratzen zen burdinoletan eta piezak egin errementerietan.
Erdi Aroan ez zen errementaririk gabeko herririk egongo, ala?
Errementariek gurdietako gurpilak, nekazaritza erremintak egiten zituzten, baserrietako aldabak, bandak, burdineriak, eta abar egiten zituzten. Erdi Aroko gizartean errementariak bere pisua zuen. Ez zegoen, ez, errementaririk gabeko herririk. Gerrak ere izaten ziren eta ezpatak zein ezkutuak egiten zituzten. Errementari bakoitzak bere tenple eta forja teknikak zituen eta ezkutuan gordetzen zituen. Burdin-apaingarriak ere egiten zituzten, hor daude katedral askotako burdin-hesiak edo palazioetako balkoiak.
Euskal Herrian, hala ere, gehien landu den forja estiloa apaindura gutxikoa izan da. Gaztelan beste era bateko piezak egiten zituzten, luxu gehiagorekin. Egun ezinezkoa litzateke halako lanak egitea, ezingo litzateke errementariaren lana ordaindu. Garai hartan, ordea, langileek sarritan jatekoaren truke egiten zuten lan.
Ez zara azkena, orduan?
Tailer hau uzten dudanean etxekoek ez dute jarraituko, baina ofizioa berreskuratu nahian dabilen erromantikoren bat edo beste ikusten dut.
Zu erromantiko bat al zara?
Bai, izango naiz, asebete egiten nau lan honek.