Sekula gorritzen ez den pinu intsinisa udazken kolorez jantzita. Ikuspegi hori utzi du azken udak Goierrik. Pinus radiata espeziea gaitzak jota dago, pinu-orria idortzen duen ‘zerrenda marroi’ eta ‘zerrenda gorri’ deritzen gaixotasunak, panorama beltza jarri die basozainei, baserritarrei eta egurzaleei.
Hiru onddo dira gaixotasun horien sortzaile: Lecanosticta aicicola zerrenda marroiarena, eta Dothistroma septospora eta Dothistroma pini gorriarena. Intsinisean, batez ere, zerrenda marroia garatzen da, eta Goierrin gehien ikusten dena da. Pinus pinaster eta Pinus nigra espezieetan, zerrenda gorria zabaldu ohi da.
«Pinuaren azikulak galtzea eragiten dute onddoek. Kalteak handiak direnean zuhaitzean urteko azikulak soilik gelditzen dira. Horrek elikagaiak sortzeko ahalmena murrizten du, eta, beraz, zuhaitzak egurra sortzeko ahalmena ere murriztu egiten da», adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Berez, zurari eta sustraiei ez die kalterik egiten, baina asko erasaten badu, zuhaitza akaba dezake.
Onddoak aspaldiko ezagunak dira pinuzaleen artean. AEBetan aurkitu eta izendatu zuten, 1944an. Euskal Herrian, 1994an atzeman zen lehen aldiz, Bizkaian. Baina litekeena da askoz lehenagotik egotea euskal mendietan. Orain arte ez du hedapen handirik izan. Basozaleen kezkagai handiago izan dira, aurreko hamarkadan Fusarium circinatum onddoa, edo pinu zomorroa bera.
Hezetasuna eta beroa
Uda honetan hainbeste zabaltzeko arrazoia, baldintza egokien batuketa bat da: hezetasun handia (%70etik gorakoa), beroa (18-25 gradu bitartekoak), eta azken aldian pinudiak zabar utzi izana, garbitu gabe. «Oro har, pinudi gazteak zaharrak baino kaltetuagoak izan ohi dira, zuhaitzen arteko aireztapen txikiagoa egoten delako, entresaka egin aurretik. Hezetasuna handiarazten da hala», idatzi du Gipuzkoako aldundiko teknikari Amaia Urkolak.
Infekzioa gertatzen denetik sintomak agertzera hilabete asko igaro litezke. Goierrin, behealdeko pinudietan zerrenda marroiaren kaltea bistakoagoa da, goialdean baino. Baina lurralde osora zabaldu da. 2014an jada, Ordizian kalteak erregistratu ziren. 2011n, Oiartzualdean zegoen, batez ere.
Teknikariek aholkatzen dituzten neurriak, pinudiaren mantentzeari loturikoak dira: ongarri egokiak erabili, eta pinudiaren entresaka lehenbailehen egin, aireztapena hobetzeko. «Kasu askotan, neurri hauek ez dituzte espero ziren emaitzak eman», aitortu du aldundiak, hala ere.
Bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak %500 igo ditu diru laguntzak, azken bi urteetan. 2016an, 33 laguntza eskaerari erantzun zien: 61 hektareatan bakanketak (8.552 euro denera) eta 103 hektareatako soilketak (253.517 euro) egin ziren. 2017n, 239 espediente tramitatu zituen aldundiak: 76 hektareatan bakanketa (20.158 euro), eta 660 hektareatan soilketak (1.546.819 euro laguntzatan) egin ziren.
Pinudiaren urteak gorantz doazen heinean, progresiboki murrizten dira diru laguntzak: 16 urte arteko pinudientzat %100eko laguntza (3.000 euro), eta 30 urtekoari %50.
Esnearen ekoizpenak hondoa jo zuenetik, Goierrin baserriaren errentegarritasunari eutsi dion elementu nagusia pinua izan da. «Pinudia mantendu beharra dago», esan du Xabier Muruamendiaraz teknikariak, Fraisoro eskolako Basogintza departamentuko buruak. «Baserriari etekina azken 40 urtean eman dion bakarra da. Pinuari berriz bere balioa ematea lortu behar da. Balioa ematen bazaio, zainduko da, eta zaintzen bada, gaitzak ekidingo dira. Pinua kentzeak eukaliptoa sartzea esan nahi du, eta horrek badakigu zer ondorio duen luzarora», ohartarazi du.
Muruamendiarazen iritziz, ezinbestekoa da pinudia ondo mantenduta edukitzea. «10-12 urterekin entresaka egin behar zaio, eta 20rekin soilketa, entresaka fuertea. Jendea lan horiek uzten joan da eta inbertsiorik ez du egin, pinuak ez duelako dirurik ematen. Beheko landaretza hor geratu da: hezetasun gehiago eta argi gutxiago, onddoentzat aproposa».
Etorkizunean, suteen arriskua ere ikusten du. «Orain arte, basozainek eta nekazariek garbi eduki dituzte, eta suteak eragotzi ditu horrek. Galizian, hemen baino 10 aldiz baso gutxiago dute, baina 200 aldiz sute gehiago. Gaitz hau etorri den bezala, suteak etorriko dira. Edo pinu zomorroaren izurria. Basoa zaindu beharra dago».
Azken sei-zortzi hilabetean baldintza horiek erraztu dute pinudiak gaixotzea. Erremedioa, «tratamendu fitosanitarioa» da: «Kobre oxikloruroarekin. Metal astuna da, kontuz erabili beharrekoa. Baina airetik bota behar da, eta Europako zuzentarau batek debekatzen du airetiko tratamenduak egitea. Aldundiek eskatua diote Europako Batzordeari baimena, eta zain daude».
Iartzatarrek ekarria, 150 urtean mendien jabe bihurtu da
Kaliforniako (AEB) jatorria du intsinis pinuak. Euskal Herrira Carlos Adan de Iartzak (1812-1863) ekarri zituen lehen Pinus radiatak, eta Zubieta jauregiko lorategian landatu, Ispaster eta Lekeitio artean.
Mario Adan de Iartza semeak, hazkuntza azkarra ikusita, 1870 inguruan Bizkaiko mendi batzuetan landatu zuen. Euskal mendiak birlandatzeko hasiera izan zen. Lehen Mundu Gerraren zur eskariagatik, ugaldu egin zen pinuaren landaketa, eta 1936ko gerra ondoren kantauri isurian orokortu zen.
1956ko izoztean pinu asko galdu ziren, eta batera landatzea eragin zuen gero horrek. 1999an eta 2009an Akitanian haizeak botatako zuhaitzen zur asko sartu zen merkatura, prezioak beheratuz. 2011n basoetan zutik 30 milioi metro kubo pinu intsinis zegoen (216 metro kubo hektareako), inoizko gehien.