Abertzaletasuna bidaiatuz sendatzen dela esan omen zuenak, ez dakit zer esango lukeen gaur egun, guk aurtengo udan Txekiar Errepublikan espainiar batzuei antzemandako jarreraren aurrean.
Praga hiriburuan gaztelaniazko bisita gidatu batean genbiltzan 20 bat laguneko taldean (espainiarrak, argentinarrak, euskaldunak…). Halako batean, pertsona espainiar batek, haserre, zera adierazi zion hiriaren berri ematen ari zitzaigun gidariari: jatetxe ia gehienek ez zutela menua gaztelaniaz eskaintzen. Gidariak, nonbait, gu guztiok kexa harekin ados egongo ginela pentsatzeak hauspotuta, baietz, hala zela, baina italiar jatetxe batzuk-eta, ari zirela horren kontzientzia hartzen eta abar, erantzun zion, nolabait ere berak aldarri hori jatetxe guztietara lehenbailehen zabaldu beharko litzatekela harro defendatuz.
Gu, geure artean, gure aurreiritzia izango dela espainiarren hizkuntza nagusikeria, baina zer egingo diogu ba, eta horrela. Baina hori nahikoa ez eta, hara geroxeago non esaten duen aurreko lagunarekin zebilen beste pertsona batek: iluntzean Operara joan behar zutela eta ea nolatan eskaintzen zuten jatorrizko hizkuntzan –latinez zen lana–, txekierazko eta ingelesezko azpitituluekin! Alegia, han Operara, atzerritarrak joaten omen garela (txekiarrak ez, nonbait) eta azpitituluek, txekieraz (bertako hizkuntzaz!) jarri beharrean, atzerriko hizkuntzetan behar luketela; espainolez bai behintzat, alegia.
Zur eta lur geratu ginen, noski. Esan niezaiokeen, gu ere biharamunean Operara joatekoak ginenez, ea zer iruditzen zitzaion azpitituluak euskaraz ere izatera behartzea. Baina horrelako jendilajearekin indarrak xahutzeari aspaldi egin nion uko.
Eta azkenik: bisita gidatua bukatu baino lehen, aurreko protagonista horiek, bazihoazela esan ziguten, mediku biltzar bat zutela-eta. Euren buru gainean gandorra txertatzera joango ziren! Nire kautan pentsatu nuen, gizatasunean dutena baino balio handiagoa izango al dutela batak zein besteak, mediku zereginetan.
Gehiagotasun ustea, beste batzuekin alderatu eta horien baztertzea bada, hori berau gutxiagotasun konplexua da: konplexua eramangarriagoa izan dakion, norberak falta duena edo miretsi duena makurrarazi beharra duelarik gainontzekoengan.
Biharamunean oso gustura sentitu nintzen Operan. Arte hau oso gogokoa dudanaz gain, azpitituluetan, ingelesaren aurretik lehenengo hizkuntza bertako txekiera zelako. Luzaroan hala izan dadin opatu nien barru-barrutik txekiarrei, euskaldunon esperientziatik begiratuta, haien orain arteko jarrerari eustea zalantzan ikusten nuen bitartean.
Opera lana ozpinduko lidaketen bezperako espainiarren presentziaz libro nintzen behintzat gau hartan. Bidaiatzeak ultranacionalismo espainiarra areagotzeko balio izan dien haietaz libro, gau batez behinik.