Sagardo Astearen atarian haur nahiz helduentzako tailer bana antolatu du Ezkioko Igartubeiti baserri museoak.
Sagarrondoak zaindu eta loratu ondoren, fruitua ernetu da, eta sagar uzta jasotzeko ordua iritsi da. Sasoiari lotuta, bi tailer antolatu ditu Igartubeiti baserri museoak: haur txikiak dituzten haurrentzat da bata, helduentzat bestea. Urriko Sagardo Astea ziklo baten modura landu dute aurten.
Kixkia zer da? tailerrean Igartubeitiko sagarrondoak behatu eta sagarrak kixkiarekin biltzeko aukera izango dute familiek: «Sagar mota ezberdinak dastatu eta zapore ezberdinak aztertu ondoren, Sagardo Asterako erakusketa antolatzen lagunduko digute», adierazi du Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko koordinatzaileak.
Kirikoketa ikasgai
Bigarrenean, Kirikoketa erritmoa ikasteko proposamena egin diete goierritarrei: «Azken urteetan Arizkungo Jo eta Jo elkartekoek arazoak izan dituzte etortzeko, eta Juan Mari Beltranekin Kirikoketa tailerra eskaintzea pentsatu genuen». Sagar prentsaketarekin hasi aurretik, urriaren 12tik 14ra, partaideek ikasitakoa jende aurrean azaltzea da Igartubeitikoen asmoa.
Zanpanketak urriaren 10etik 19ra izango dira, eta muztio kupeletan gorde eta gero, martxoan barrikotea egingo dute.
Tailerrak
Kixkiarekin sagarrak biltzeko eta Kirikoketa erritmoa ikasteko aukera izango da Igartubeitin.
- Irailak 29. ‘Zer da Kixkia?’. 4-12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat (16:30-18:00). Igartubeitiko sagarrondoak behatu eta sagarrak bilduko dituzte. Prezioa: 3 euro (familia txartelarekin deskontuak). Izena emateko: 943 72 29 78.
- Irailak 29 eta urriak 6. Kirikoketa. Gazte (18 urtetik gora) eta helduentzat (11:00-13:00). Sagarrak pisoiekin (egurrezko tresnak) jotzean sortzen den erritmoa da kirikoketa. Erakuslea: Juan Mari Beltran. Dohainik. Toki mugatuak (10 lagun). Izena emateko: 943 72 29 78.