Amaia Eskisabel (Ormaiztegi, 1992) Bartzelonan (Katalunia) bizi da. Urtero gordetzen ditu egun batzuk Ormaiztegin ospatzen diren San Migel egunean etxera itzultzeko. Aurten ere bertan izango da. Iaz bera izan zen jaien barruan egiten den Harrikalari Txapelketan nesketan harria urrutien jaurti zuena.
Bartzelonan bizi zara, nola azalduko zenioke hango bati Harrikalari Txapelketa zer den?
Esango nioke Ormaiztegin ospatzen dugun kultur ekitaldi bat dela, ormaiztegiarrok harrikalari ezizenarekin ezagutzen gaituztela Gipuzkoan. Bide batez, zehazki zertan datzan azalduko nioke. Alegia, 2.080kilogramoko harri bat ahalik eta urrutien botatzean datzala, eta herritarrez osatutako epaimahai batek jaurtiketa guztiak neurtzen dituela irabazlea nor den ebazteko. Irabazlearen saria harriaren pisua txuletetan dela eta bigarrenarena odolkia.
Nolatan animatu zinen iaz?
Azken hiru urteetan parte hartu dut lehiaketan, bi urtetan irabazi eta batean bigarren geratu nintzen, kuadrillako lagun baten atzetik. Zergatik animatu nintzen? Nik uste azkenean kuadrillakoak animatu zirelako lehenengo urtean eta orduz geroztik tradizio bihurtu zait.
Garrantzitsuak al dira tradizioak?
Iruditzen zait garrantzitsua dela tradizioak mantentzea eta, gaur egun neska asko ez izan arren, espero dut neskek lotsa galtzea eta urtetik urtera gehiago izatea. Finean, niretzako garrantzitsuagoa da parte hartzea eta ondo pasatzea, harria noraino botatzen dudan baino.
Irabaztea zer da poza, ohorea..?
Gehienbat poza eta irabazitako sariarekin kuadrillakoek egiten dugun bazkari edo afaria ere garrantzitsua da. Kanpoan bizi naizenez gero, faltan sumatzen ditut Ormaiztegi eta betiko lagunak.
Irailak 29 larunbata
- 09:00: Herrian zehar 24.bizikleta proba. Izen-ematea: 08:15ean udaletxean. Amaieran hamaiketakoa eta kirol materialaren zozketa.
- 11:45: 27. San Migel toka txapelketa herrikoia, Muxika egurastokian. Izen-ematea 12:15ak arte.
- Ondoren: Berjaldegi zelaian 23. Harrikalari Ttxapelketa herrikoia.
- Egun osoan zehar: Tolosako dultzaineroek herriko kaleak girotuko dituzte.
- 16:00: Eliz atarian 28. Mus Txapelketa. Ormaiztegiko herritarrentzako. Izen-ematea 16:30ak arte.
- 16:30: Ibaialde kaleko pistan, futbol-3 txapelketa. Izen-ematea, 16:30ak arte. 16:30ean 10 urtez azpikoen partidak. 17:30ean 10 urtez goitikoen partidak.
- 17:00: Haurrentzako jokoak eta merienda, plazan.
- 17:45: XII. San Migel Patata Tortilla Txapelketa, plazan.
- 20:15: Sagardo kupelaren irekiera, Muxika egurastokian.
- 21:00: Afari herrikoia, Muxika egurastokian. Tiketak, tabernetan 3 euroan, irailaren 27ra arte. Odolkia, txorixoa eta edaria. Parrillak erabiltzeko aukera.
- Jarraian: Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kale animazioa.