Futbolean, palan, korrika, herri kiroletan… Kirol ugaritan ibilitakoa da Lurdes Intxausti (Idiazabal, 1967), eta gaur egun, Gari seme zaharrenari esker, pisu eta mailu jaurtiketan dabil. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelak lortu ditu aurten, eta Espainiako eta Munduko txapelketetan parte hartu du.
Beti kirolen bat egiten ikusi zaitugu. Kirola egiten emakumezko gutxi ikusten zirenean ere, zu korrika ibiltzen zinen.
Hamalau urterekin hasi nintzen korrika, norberak egiteko moduko kirola zelako, beste inoren mende egon behar zena. Niri futbola gustatzen zitzaidan eta eskolako lagunekin jokatzen nuen, mutilekin; bi neska bakarrik ginen… Baina hortik aurrera ezin ginen urrutira joan. Palan ibiltzea ere asko gustatzen zitzaidan, baina mutilek indar gehiegi zuten eta neska gutxi ibiltzen zen. Txiki-txikitatik kirola gustatu izan zait eta nire bideak bilatzen joan naiz ahal izan dudan eran.
1992an Idiazabalgo kiroldegian hasi zinen lanean.
15 urte egin nituen eta lema bat sortu genuen: Eutsi kirolari neska! Mutilak errazago erakartzen nituen kirloldegira, baina neskekin gehiago kostatzen zitzaidan. Orduan, beste kirol mota batzuekin hasi nintzen: softbola, zinta karrera, tenis txapelketa, boleibola, mahai tenisa… Lortu nuen, eta gaur egun neska horiek amak dira.
Herri kirolak etorri ziren gero.
Xiba topaketa sortu zen Ikastolen Elkartetik; sei bat urte iraun zuen. Hamabi kide behar zituzten, sei neska eta sei mutil. Nire senar zenak [Mikel Garmendia] herri kirolak oso maite zituen eta berak pixka bat bultzatuta hasi nintzen. Nik beti esan dut, nahiago dut plazan aritzea, hesiaren atzetik begira egotea baino. Aitzakia hura aprobetxatu nuen herri kiroletarako pausoa emateko. Kirol ezberdin pilo bat probatzeko aukera izan nuen: trontza, lasto fardoa altxatzea, harri jasotzaile lanak ere egin nituen, giza proban ere aritu nintzen, sokatiran ere bai, koxkol biltzen…
Aizkora faltako zaizu.
Bai, ez dut probatu ere sekula. Baina tristura bat badut buruan, eta ez diot helduko horri. Oroitzapen gogorrak ekartzen dizkit.
Trontzari serio ere heldu zenion ondoren.
Xiba topaketak bukatu zirenean, Euskal Herriko trontza txapelketak zeudela jakin nuen. Urte hartan Mikel hil egin zen, eta ez dakit, ez daukat oso garbi zergatik, zerbait eskaini nahi nion. 2008an eta hurrengo bi urteetan segidan, Euskal Herriko txapelketan parte hartu nuen. Lehenengo urtean Maider Manzisidorrekin hartu nuen parte eta beste bi urteetan Josune Gorostidirekin. Eta suertez, hala beharrez, edo asko entrenatu genuelako, Euskal Herriko hiru txapel lortu genituen. Hortxe utzi nuen.
Bat utzi, baina bestea hartu.
Seme zaharrena [Gari Garmendia] atletismoan hasi zen pisua jaurtitzen eta berak behin halaxe bota zidan: ‘Ama, zu ere zergatik ez zara animatzen?’. Bere entrenatzaileak, Odei Lopez legorretarrak, ere beste behin esan zidan: ‘Zergatik ez duzu probatzen? Bi urte barru Malagan munduko txapelketa dago’. Halaxe esan nion: ‘Zer esaten ari haiz? Oraindik ez dakit zer den pisua botatzea eta ni munduko txapelketa batera?’.
Gari eta Odei izan dira orduan zuk pisu jaurtiketan Gipuzkoako eta Euskadiko txapelak lortzearen «errudunak».
Orain dela bi urte zertzelada bana bota zidaten eta probatzen hasi nintzen, baina lehiatu gabe. 2017-2018 denboraldian hasi nintzen. Ordizian jaurtiketak egiten dituzten taldetxo bat dago eta beraiekin entrenatzen hasi nintzen; astean bitan joaten naiz. Tonto-tonto hasi, Gabonak iritsi eta lehiatzen hasi nintzen. Ez dut halako maila berezirik ematen, baina Gipuzkoako txapelduna izatea lortu nuen, eta gero Euskadikoa.
«Txikitatik kirola gustatu zait eta nire bideak bilatzen joan naiz ahal izan dudan eran»
«Duela urtebete pisua jaurtitzen tonto-tonto hasi eta lehiatzen hasi nintzen»
«Gauza berri batean hasten zarenean lortzen dituzun saltoak handi samarrak dira, eta horrek animatu eta bete egiten zaitu»
«Aurten Gipuzkoa, Euskadi, Espainia eta Munduko txapelketetan parte hartu dut»
Beteranoetan, 50-54 urteko mailan aritzen zara. Zenbat kiloko bolarekin?
3 kilokoa. Maila horretan sartu aurretik hasi nintzen entrenatzen eta orduan 4 kilokoa zen bola. Harekin ezin nuen. 50 urte bete nituen egunean 3 kilokoarekin hasi nintzen. Diferentzia handia dago.
Espainiako Txapelketara ere joan zinen.
Zer gertatzen da? Gauza berri batean hasten zarenean lortzen dituzun saltoak handi samarrak direla, eta horrek animatu eta bete egiten zaitu. Espainiakoa Gasteizen jokatzen zenez, joan egin nintzen baina egun okerxeagoa izan nuen. Semea izan nuen managerra. Oso polita izan zen.
Eta irailean, duela bi urte Odeik esandako Munduko Txapelketa hura iritsi zen.
Bai. Aurten Gipuzkoako, Euskadiko, Espainiako eta Munduko txapelketan parte hartu dut, eta oraintxe ume txiki bat zapata berriekin bezala nago. Gozatzen ari naiz, oso zoriontsu nago. Gazte jendeaz inguratuta nago eta oso giro polita dago. Hara iritsi nintzenean, Gariren ama nintzen, baina orain Lurdes naiz. Beste bat gehiago sentitzen naiz, berdin-berdin.
Zer moduzko esperientzia izan duzu Munduko Txapelketan?
Harrituta gelditu naiz zer nolako giroa dagoen adin honetako kirolarien artean. Ahal duten ondoena egitera doaz denak, baina bestea ere animatu egiten dute. Elkarrizketa bat sortzen da, jendea ezagutzen da. Gabezia bat nabaritu du: ingelesik ez jakitea.
Dena den, pisu jaurtiketaz gain, mailu jaurtiketan ere aritzen zara.
Odeiren oso laguna da Pello Errasti. Ordiziako batzuk mailu jaurtiketara bideratu ditu eta niri ere proposamena egin zidan. ‘Pisuarekin ezin dut eta orain mailuarekin hasi behar al naiz?’, esan nion. Probatzeko esan zidan. Kontua da, izugarri gustatzen zaidala mailua ere. Oso zaila da, baina polita, luzitua, elegantea… ondo eginez gero.
Zeintzuk dira orain arteko markak?
Mailu jaurtiketan 28,25 metro; Euskadiko marka da, Gasteizko Espainiako txapelketan lortutakoa. Pisu jaurtiketan, 8,94 metro.
Beste kirolik probatzeko gogorik baduzu?
Momentuan pisuarekin eta mailuarekin jarraituko dut. Baina azken 5 urteetan Emakumea eta Pilota egitasmoa ari da lantzen. Atletismoari heldu ez banio, palan hastea zen nire asmoa. Herrian taldetxo bat sortu da eta beraiekin entrenatzeko asmoa nuen. Oso polita iruditzen zait palan jokatzea. Bere garaian lortu ez nuena lortzeko aukera neukan orain. Hemendik pare bat urtera auskalo! Bizipoza eman dit kirolak.
Kirolaz gain, beste zaletasaun bat ere baduzu: antzerkigintza.
Orain dela urte asko herri mailan prestatu genituen antzerki lantxo batzuk. Orain utzita daukat. Ipuingintzan ere ibili nintzen eta eskolara joaten garenean lan txiki bat egitera, umeak aurrean jartzen zaizkida- nean, zeinen gustura eseri eta hasiko nintzatekeen ipuina kontatzen!
Jubilatzen zarenean edo…
Agian, zergatik ez! Egunen batean jubilatzen banaiz eta jubilatu elkarte batean sartzen baldin banaiz, zergatik ez antzerki obra bat prestatu nire adineko jendearekin? Kartetan ibiltzeaz gain, horrelako gauzak dinamizatuko nituzke. Hori ez daukat baztertuta. Nire betiko bi zaletasunak izan dira kirola eta antzerkigintza. Maila xumean baina beti aktibo egotea.
Goenkalen ibili zinen.
Bai, eta orduan ere bi gauzak uztartzen nituen: kiroldegiko lana eta Goenkalekoa.