Natura 2000 Sarea Europa zeharkatzen duen balio ekologiko handiko naturguneen sarea da. Eremu guztiek helburu bera dute:?biodibertsitatea kontserbatu eta lehengoratzea. Goierriko hiru daude sare horren barruan.
Habitat eta espezie mota jakinak beren banaketa gune naturaletan egoera onean babestuta daudela bermatzea da Natura 2000 Sarearen helburua. Europako Batasunak biodibertsitatea babesteko egindako apustu nagusia da sarea, eta horretarako, haiek babestu eta kontserbatzeko gune bereziak sortzeko agindu zuen. Europan 27.834 eremu daude sare horretan, eta EAEn 55, horietako hiru Goierrin: Oria Garaia arroa, Aralar eta Aratz-Aizkorri.
Eremu horietan bizi diren pertsonen eta naturaren arteko ituna da Natura 2000 Sarea. Garapen jasangarria bultzatzeko aukera eskaintzen du, eta naturaren eta jarduera ekonomiko eta sozialean arteko oreka sustatzen du, beti ere, sarearen barruan dauden eremuetan bizi diren herritarren bizitza kalitatea hobetzea helburu nagusitzat hartuta.
XX. mendeko azken laurdenera jo beharra dago sare honen ernamuinarekin topo egiteko. Aitziber Sarobe biologo eta unibertsitate ikerlariak Erromako Foroari egin dio erreferentzia. «Ordurako ekonomistek ikusten zuten ez zela posible garapen ekonomiko infinito bat mundu infinito batean. Ordutik dakigu gizakiaren eta gizartearen garapena ingurunea kontutan hartuz egin behar dela. Hortik dator garapen jasangarriaren kontzeptua».
Zuzentarauen sorrera
Lehen legea 1979koa da, Basa Hegaztien Kontserbaziorako Zuzentaraua, eta harrezkero, kontzeptualizazio horrek bere bilakaera eduki du gizakiaren aktibitate guztietan, baita natur kontserbazioa eta ekologia ulertzeko moduan ere.
Natura 2000 Sarea 1992an sortu zen, Habitaten Zuzentarauari jarraituz. Bi espazio mota aurreikusten zituen: Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) –zuzentarauan jasotako interes komunitarioko habitat eta espezieen kontserbazioa helburu dutenak– eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) –1979ko Hegaztientzako Zuzentarauaren arabera, basa-hegaztientzat garrantzi berezia duten naturguneekin bat eginez–.
Bi zuzentarau horien oinarrian eraikitzen da Europako Natur Kontserbazioaren Aldeko Legea, eta hori eskuan, Europak planteamendu global bat egin zien estatu kideei, babestu beharreko eremuak zer irizpidepean izendatu zehaztuz. Espainiak, antolaketa politikoa autonomikoaren barruan, EAEri eta Nafarroako komunitateari –Hego Euskal Herriari dagokionez– bideratu zien Batasunaren Garrantzizko Lekuak izendatzeko ardura. EAEren kasuan, 1997ko eta 2000ko abenduko, eta 2003ko ekaineko gobernu-kontseiluen akordioen ondoren egin ziren hautaketa proposamenak.
Administrazioen talka
Izendapen horiek eman bitartean, «bi paradigma ezberdinek denboran talka» egin dutela nabarmendu du Sarobek: «Europakoak baino lehen, EAE mailan Naturaren Babeserako Legea onartu zen 1994an, eta lege horrek izendatu zituen parke naturalak, biotopoak eta zuhaitz bereziak. Lege hori foru aldundien bitartez garatu da, eta haiek izan dute parke naturalak kudeatzeko erantzukizuna. Hor gertatu da talka».
Haren esanetan, denbora tarte horretan «aldundiek nahi izan dute legedi zaharraren baitan jarraitu bere egitekoa», eta aldi berean, «Jaurlaritza presionatzen aritu da natur kontserbazio paradigma berri horietara» egokitzeko. «Anabasa izugarria egon da, bai kudeaketan eta baita mezuetan ere, eta Patronatuetan ordezkatuta egon garenok ez dugu izan eskuetan kudeaketa tresna egokirik administrazioaren lanaren jarraipena egiteko».
Egoera hori bideratu nahian, «oraindik garatu gabe dagoen lege ekimen bat bidea egiten» ari da 2014tik, aurrez aipatutako bi paradigma horiek bateratuko dituena: «Herritarren artean desinformazio eta ulertezin handi bat dago. Jendeak ulertzen du zer den parke natural bat, baina ezin du kokatu Natura 2000 Sarearen barruan. Jendeari argi adierazi behar zaiona da Naturaren Kontserbaziorako Legedia Europak zehaztutako irizpideetatik garatu behar dela, eta horra egokitu behar direla tokian tokiko legedi guztiak, izan eremu babestuenak edo parke naturaletakoak».
Orekan dago muga
Kontserbazio-ustiapen bikoaren eta legedi jokoaren jomuga izaten ari den eremu babestu bat bada egun Goierrin: Aralar. Sarobek honako irakurketa egiten du auziaz. «Garapen jasangarriak esaten digu ez dugula eskubiderik ondorengoen garapen aukerak ezabatzeko, eta oreka bat bilatu behar dugula ustiapenaren eta kontserbazioaren artean. Aralarren galdetu behar duguna da ea ustiapen eredu horrek oreka hori mantentzen duen, ustiapen hori natur ondarea kaltetu gabe egin behar baita. Muga hori da». Eta honako ideia ere plazaratu du: «Natur eremuak eta ondareak guztionak dira».
Natura 2000 sareko Goierriko hiru eremuak
Oria Garaia arroa, Aralar eta Aratz-Aizkorri dira Natura 2000 Sareko Goierriko hiru eremuak.
Oria garaia arroa
- Azalera. 151 hektarea.
- Luzera. 29,90 kilometro.
- Garaiera. Leku garaiena (550 metro); baxuena (100 metro);?batez bestekoa (266 metro).
- Ezaugarri nagusiak. Gipuzkoa zeharkatzen duen ibairik emaritsuena da Oria.Aizkorriko errekasto biltzaile txikietatik sortzen da, eta hasierako zatia Seguraraino (10 km) iristen da. Hortik aurrera, Goierriko hirigune eta industriek jarraipen bat osatzen dute ibai-ahoraino. 9 kilometroko beste zatiak (Alegiaraino), Aralartik datozen Agauntza eta Zaldibia errekak hartzen ditu.
- Hegazti aipagarrienak. Martin arrantzalea, Ur-txoria eta Karnaba (bertan bizi direnak); eta Gabiraia, Lepabeltza, Gartza, Ubarroia, Euli-txori beltza eta Ikatz-txoria (migratzaileak).
- Ugaztun aipagarriena. Bisoi europearra.
- Arrain aipagarrienak. Amuarraina, Ezkailua,Loina, Mazkarra eta Aingira.
- Kalitatea eta garrantzia. Egoera ona da zati honetan guztian, kalitate handiko urekin eta bertan bizi diren arrain-multzoekin.
- Zaurgarritasuna. Ibaiertzen kontserbazio-egoera ez da ona; izan ere, baso eta abeltzaintza-erabileren presioa jasaten du ibai-buruetan, eta hirigune eta enpresena erdiguneko zelaietan. Horrek ibaiaren funtzionaltasun ekologikoa nabarmen galarazten du.Uraren kalitatea goiko zatietan dago soilik muga onargarrien artean.
- Kudeaketa arduraduna. Eusko Jaurlaritzako Lurralde antolamendu eta Ingurumen saila. Uren zuzendaritza.
Aralar
- Azalera. 10.962 hektarea.
- Garaiera. Leku garaiena (1.400 metro); baxuena (170 metro);?batez bestekoa (793 metro).
- Ezaugarri nagusiak. Barreneko paisaian adierazpen karstikoak dira nagusi, eta mendiko parajeetan ohiko diren elementu guztiak aurki daitezke: baso handiak, mendi belardi zabalak, larre harritarrak, gailurrak, haitzarte eta amildegiak, erreka eta iturburuak, alde geologiko aipagarriak… Kareharria da nagusi Aralarren, haustura ugarirekin eta adierazpen karstiko sakonekin. Aralarren bi produkzio erabilera nagusitzen dira: Artzaintza eta abeltzaintza goiko larreetan, eta baso aprobetxamendua bazterretan. Aisia-erabilera oso garrantzitsua eta antzinakoa da.
- Habitat motak ehunekotan. Baso hostozabalak (%32); Larre alpetarra eta subalpetarra (%22);Baso artifizialen landaketa (%17); Txillardi, zuhaixka eta garrigak (%9); Larre hobetuak (%9); Baso hostogogorrak (%3); Larragune hezeak (%3); Harkaizti kontinentala eta harrikaria (%3); Zohikaztegiak (%1); eta bestelakoak (%1).
- Hegazti aipagarrienak. Sai arrea, Sai zuria,Ugatza, Arrano beltza, Mirotza, Mirua, Belatza, Arrano sugezalea, Hontza, Okil beltza, Martin arrantzalea, Ur txoria, Antzandobia, Belatxinga (bertan bizi direnak); Galeperra, Eperra, Usapala, Usoa, Oilagorra, Zertzeta, Negu txirta, Elur txonta, eta Harkaitz-zozo gorria (migratzaileak).
- Ugaztun aipagarrienak. Bisoi europarra, Pirinioetako muturluzea, Ipurtatsa, Basakatua, Azkonarra, Lepatxuria, Erbinudea, Muxar grisa, Basurdea, Orkatza, Erbia, Azeria, Saguzar handia, Saguzar txikia, Basoko saguzarra…
- Arrain aipagarrienak. Ikus Oria Garaiko arroa.
- Landare aipagarrienak. Nartziso faltsua, Nartziso europarra,Ira belarra,garo txikia…
- Ornogabeak. Karramarro europarra, Arkanbelea, Barraskilo orbanduna eta Uhindun tximeleta.
- Anfibioak. Igela, Uhandrea eta Gailurretrako Uhandrea.
- Narrastiak. Sugegorria eta Eskulapioren sugea.
- Kalitatea eta garrantzia. EAEko mendigune garrantzitsuenetakoa da, duen zabalera,garaiera, natura balio eta paisaiarengatik. Erdigunean eta ekialdean larreak dira nagusi. Hegoaldean pagadi eta artadi kantauriar handiak daude. Goi-lautadetan flora endemikoko espezieak daude. Aralarrek duen fauna oso aberatsa da.
- Zaurgarritasuna. Aralarko hainbat natur balio mendeetan zehar mendigune honetan garatutako artzaintzarekin daude lotuta;horrenbestez, aprobetxamendu sistema tradizionalak uztea arriskutsua izan daiteke hori kontserbatzeko. Hainbat baso klimatiko zaharkituta daude, abeltzaintza presioaren ondoriozko birsortze eskasa eta zuhaitz andularen jatorria dela eta. Aldapa zorrotzek higadura faboratzen dute. Erabilera baterako nahiz besterako pista-zabaltzeak aldaketak eragin ditzake paisaian. Aisia-erabilerek gatazkak sor ditzakete produkzio erabilerekin, bestelako aprobetxamenduekin (zinegetikoa) eta ahulak diren elementu edo ekosistemen kontserbazioarekin. Akuiferoak betetzeko gune gisa leku honek duen garrantzia potentzialki kutsagarriak diren jardueren baldintzatzen dute. Azken urteetan hainbat hegazti azaldu da pozoituta. Horrek behin betiko baldintza dezake eremuko fauna balioen kontserbazioa.
- Eremuaren izendapena. Parke Natural izendatu zuten 1994ko uztailaren 4an. 2016ko maiatzaren 31n, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE).
- Jabetza erregimena. Eremuaren %57 jabetza publikokoa da, eta herri erabilerako mendiak –3.404 hektarea Enirio-Aralar mankomunitatearenak–eta tokiko udalerrien erabilera askeko mendiak dira. Gainerako %43 tamaina txikiko jabetza pribatuek osatzen dute.
- Kudeaketa arduraduna. Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurumen saila. Mendietako zuzendaritza.
Aizkorri
- Azalera. 14.947 hektarea.
- Garaiera. Leku garaiena (1.540 metro); baxuena (280 metro);?batez bestekoa (816 metro).
- Ezaugarri nagusiak. mendi-lerrokadura luzea da, izaera propioa duten hainbat mendilerro biltzen dituena: Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkilla, Elgea eta Zaraia. Kantabria eta Mediterraneoko uren banalerroaren zati da eta bere baitan sortzen dira Gipuzkoako ibai nagusienak: Deba, Urola eta Oria. Malda handi eta kareharrizko erliebe konplexuak ditu. Ordokiak mendi-hegaletan agertzen dira batik bat eta depresioak, berriz, gailur arrokatsuetan. Lurra basorako eta abeltzaintzarako erabiltzen da batik bat, baino mendizaletasunarekin eta senderismoarekin loturiko aisiarako ere bai. Baso autoktonoak erraz gailentzen zaizkie ustiakuntza intentsiboko baso-landaketei.Ekialdeko muturra Oria bailaran zehar igarotzen diren hegaztien igarobide nagusietakoa da eta usoak ehizatzeko postu ugari daude.
- Habitat motak ehunekotan. Baso hostozabalak (%44); Baso artifizialen landaketa (%17); Txillardi, zuhaixka eta garrigak (%15); Larre alpetarra eta subalpetarra (%11); Harkaizti kontinentala eta harrikaria (%7); Konifera basoak (%1);Esklerofilo basoak (%1); Zerealen laborantza (%1);?Larre hobetuak (%1); Larragune hezeak (%1).
- Hegazti aipagarrienak. Sai arrea, Sai zuria, Gabiraia, Arrano beltza, Arrano txikia, Mirua, Miru beltza, Arrano sugezalea,Belatz handia, Aztorea, Ur-txoria, Belatxinga (bertan bizi direnak); Usoa, usapala, Txirta, Kukua, Txonta, Sasitxoria, Harkaitz-zozo gorria, Buztanzuri arrunta, Birigarro txikia (migratzaileak).
- Ugaztun aipagarrienak. Bisoi europarra, Pirinioetako muturluzea, Basakatua,Erbinudea, Lepatxuria,Basurdea, Orkatza, Erbia, Azeria, Saguzar handia, Saguzar txikia, Basoko saguzarra…
- Arrain aipagarrienak. Ikus Oria Garaiko arroa.
- Ornogabeak. Karramarro europarra, Barraskilo orbanduna eta Kalimorfa tximeleta.
- Landare aipagarrienak. Nartziso faltsua, Nartziso europarra, Ira belarra, garo txikia…
- Kalitatea eta garrantzia. EAEko mendigune garrantzitsuenetakoa da, baso autoktono handiak gordetzen baititu. Kareharrizko gailur eta haitzarteetan (pitzadura, erlaitz, lapiaz-zirrikitu, haitzarte…) interes korologiko handiko mendi-fauna aurki daiteke. EAEko mendi garaiarenak bertan daude, eta flora bitxi zein estimagarria gordetzen ditu. Erakusgai geomorfologiko oso aberatsa da. Mendigune zabal hau, baso handi eta aberatsak, gailur-multzo handiak, mendi-larre eta txilardegi zabalak, erreka eta hezeguneak dituena, beste hainbat eremutan desagertutako edo gure latitudetan mendiguneetan soilik izan ohi diren fauna-espezieen habitat eta aterpe da. Aizkorri-Aratz mendiguneak, Euskal Herriko beste hainbat mendirekin batera, korridore biogeografiko garrantzitsua osatzen du Piriniar eta Kantabriar mendikatea handien artean.
- Zaurgarritasuna. Eremuko aisia aprobetxamendua oso sakona da (ibilbide, bide eta mendi aterpe ugari), eta jarduera hauek areagotzeak eremu honetako hainbat natur balio arriskuan jar ditzake. Eremuko baso-ustiakuntza eta pista eta bide irekiera bereizigabeak kalteak eragin diezazkie komunitateen egitura eta funtzionamenduari oro har, eta basoko ornodunen faunari, bereziki. Hainbat jarduera tradizional, artzaintza estentsiboa, esaterako, uzteak ekologia-sistemen bilakaera baldintza lezake, hein batean. Elgea mendilerroko Sorgailu eolikoek eta gainerako azpiegituren presentziak nolabaiteko paisaia-inpaktua eragiten dute.
- Eremuaren izendapena. Parke Natural izendatu zuten 2006ko apirilaren 4an. 2016ko maiatzaren 31n, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE).
- Jabetza erregimena. Eremu honek jabego publikoak nahiz pribatuak biltzen ditu. Lehenek eremuaren Arabako zatia osoa hartzen dute, administrazio batzordeei dagozkien erabilera publikoko mendietan. Gipuzkoan, berriz, askoz ere ugariagoak dira lur pribatuak. Partzuergoak baso-baliabideen aprobetxamendu eta jabetza sistema komunalak dira. Eremuaren alde mendebaldarrean Ubarrundiako partzuergoak eta Gipuzkoako eta Arabako Nagusiak administratzen dituzte baso gehienak.
- Kudeaketa arduradunak. Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundietako Nekazaritza eta Ingurumen sailak. Mendietako zuzendaritzak.
Iturria: Eusko Jaurlaritza