Eskolako trikitilariak dira Eneko Urkola (Zaldibia, 2003) eta Irati Artzelus (Lazkao, 2004). Umetan musika eskolan hasiak, kalitate eta exekuzio maila oso ona lortu dute, urte gutxian. 14 eta 15 urteren gaztetasunetik, txapelketak dituzte gaur egun beren abilezia eta artea erakusteko toki. Eta ederki luzitu dira, biak ala biak.
Artzelusek Zarauzko txapelketa irabazi du, eta Lazkaon bigarren izan zen. Orion eta Elorrion ere aritu da. Urkolak Arroa Goikoan, Goiatzen, Zizurkilen eta Berrobin txapelak atera ditu, eta Hernaniko Martindegi. auzoan bigarren postua lortu ditu. Lazkaon eta Arroa Behekoan ere lehiatu da.
«Txapelketarako piezak teknikoki ahal den zailenak aukeratzen ditugu. Orain erabiltzen ditugun batzuk Barruan nun semea, Julen Alonsorena, edo Maria Inaxi fandangoa dira», azaldu du Eneko Urkolak.
Adinka sailkatuta izaten dira txapelketak, herrietan. «Batzuk hamasei urtetik beherako trikitilarientzat dira, 18 artekoentzat beste batzuk, edo 22ra. Zeanurikoa, esate baterako, 26 urte arte da. Baina gehien bat gaztetxoentzat dira, gero ikasketengatik denbora askorik ez da izaten, eta jendeak utzi egiten dio», dio Irati Artzelusek.
Trikitilariaren figura
Zaldibian bertan, Ordiziako Musika Eskolaren klaseetan hasi zen Urkola trikitia ikasten, 9 urterekin. «Arrebak jotzen zuen, etxean entzuten nuen, eta gustatuta». Jon Ostolaza izan zuen lehen maisua, eta Kristina Solano gero maistra. Gaur egun, Maria Lasarekin dabil, tarteka Solarengana Villabonara joanez.
Artzelus, Lazkao Txiki Musika Eskolan ari da, 7 urterekin hasi zenez geroztik. Leire Zumeta dute irakasle, eta haren ordezkotzan, Asier Gozategi orain. Panderoa ikasten ere ari da. «Bi gauza desberdin dira».
Trikitilaria figura estimatua dela diote, «oraindik». «Baina lehen baino askoz gutxiago. Txapelketetan dagoen maila ere ez da duela lauzpabost urte zegoena; lehen askoz altuagoa zen», dio Artzelusek.
Datorren urteko txapelketak prestatzeari ekingo diote orain. Trikitiak badu etorkizuna eta.