Aurtengo udak muturreko neurketak utzi ditu, bai euriari dagokionez baita tenperatura beroei dagokienez ere. Txikizioak eragiterainoko euri jasak egin zituen uztailaren erdialdean; uda amaieran termometroek gora egin dute.
Joan da 2018ko uda, eta nola joan, gainera, bere azken egunetan 30 graduren bueltako tenperaturak utzi dituelako. Atzean geratu da ekainaren 21ean hasi eta 93 egun eta 15 ordu iraun duen urtaroa, urteko beroena. Irailaren 23ko goizaldean eman dio erreleboa udazkenari, 03:54ean, eta honek abenduaren 21era arteko ibilbidea izango du, guztira 89 egun eta 20 ordu.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak kaleratu du behin-behineko txostena, eta zera dio bertan:?«Aurtengo uda, orokorrean, normala izan da euri kantitateari dagokionez, eta batez besteko tenperatura oso beroa. Zerbaite azpimarratu behar bada, euri-jasa handien kopurua da…». Beroa ere aipatzen du Euskalmeten txostenak, eta berandu iritsi zela dio, abuztura arte ez baitziren neurtu tenperatura altuak. Orduan, hori bai, gogotik berotu ziren bazterrak.
Goierrira ere estrapolatu daitezke Euskalmeten ondorioak, Ordizia, Zegama eta Legazpiko estazio meteorologikoetan jasotako datuetan arreta jarrita, eta Legazpiko datuak jasotzeaz arduratzen den Alonso Francesek ere berresten ditu.
Pronostikoa ez da bete
Uda hasieran egindako pronostikoak ez direla bete dio Francesek: «Oso arriskutsua da denbora luzerako pronostikoak egitea». Eguraldi kaxkarra izango zela, udako girorik ez zuela egingo, hiru egun jarraian eguzkia ez zela aterako… horrelakoak aurreikusi ziren, baina gauzak beste era batera joan direla erakutsi du denborak.
Uda beroa izan da, tenperaturak ez dira oso altuak izan, salbuespenak kenduta, baina egun askotan ikusi da eguzkia. Euria ere egin du, baina kantitateak ez dira azpimarratzekoak izan, bai ordea euri jasak.
Euri jasak eta beroa
Euriari dagokionez, ekain normala, uztail oso hezea eta abuztu eta iraila oso lehorrak izan dira. Uztailetik, gainera, euri jasak eta ekaitzak azpimarratu behar dira, Ataun, Ordizia eta Zaldibia aldean hainbat kalte eragin zituztenak. Uztailaren 13an, 14an eta 15ean gertatu ziren, eta Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak mendi lasterketak bertan behera utzi behar izan zituzten haien eraginez. Ez ohiko datuak jaso ziren:?uztailaren 13an, ostirala, ordu batean metro koadroko 37,5 litro neurtu ziren Ataunen gaueko 22:40 inguruan, eta 19,3 litro Ordizian;?hurrengo egunean, larunbatean, euri jasa arratsaldeko 18:30 inguruan izan zen, eta orduan 35,7 litro jaso ziren ordu batean Ataunen, 30,2 litro Zegaman eta 27,3 litro Zaldibian; igandean arratsaldeko 16:00ak aldera lehertu zuen ekaitzak eta orduan ere euri asko bota zuen, batez ere?Ordizian (20 litro 20 minutuan).
Urte osoko datu orokorrei helduta, orain arte 1.300 bat litro egin ditu (iaz garai honetan 1.460 litro ziren), eta Francesek aurreikusten duenez, aurten ere azken urteotako batez bestekoa (1.500-1.600 litro) ondo beteko da.
Tenperaturak begiratuz, 30 gradutik gorako maximoak neurtu dira, eta azpimarratzekoak dira abuztuko eta iraileko neurketak. Hala, Goierriri ere erasan zion abuztuaren hasierako beroaldiak, eta hilaren 6an neurtu zen urteko tenperaturarik altuena, Ordizian, 37,3 gradu. Hala ere, uztaila izan zen orokorrean beroagoa, batez besteko 20,15 gradurekin;?abuztukoa 19,97 gradukoa izan da (Legazpiko datuak). Iraila ere aipatu behar da, udako azken egunak oso beroak izan direlako: tenperatura altuena irailaren 17an neurtu da Ordizian, 33,2°. Goizak, ordea, freskatzen hasiak ziren ordurako.
Udazkenari begira
Udazkeneko lehen eguna ere beroa izan zen, baina arratsalderako aldatzen hasi eta tenperaturak freskatzen joan ziren. Hala ere, Alonso Francesen ustez, «oraindik beroa egingo du urrira arte, eta hilabete horretan tenperaturak jaisten hasiko dira, baina hego haizea dela eta leunak izango dira». Azaroa, aldiz, hotzagoa izango da eta batez ere euritsua. «Baina hau guztia, urtarrilean ikusiko dugu», dio amaitzeko.