Urretxu-Zumarragako Ikastolak ospatuko duen Kilometroak festaren antolaketaren zutabea batzordeak izan dira. Ikastolako bertako komunitateko kideek osatutako hamasei batzordeak hain zuzen ere.
Kilometroak ikastolen jaia antolatzea pertsona askoren elkarlanaren emaitza da eta pertsona horiek guztiek, halaber, denbora tarte luze batean eutsi behar diote elkarlan horri. Urretxu-Zumarraga Ikastolan aurreko urteko maiatzean ekin zioten lanari. Lehenengo urratsa gerora antolaketa osoaren ardatz eta bihotz izan diren batzordeak eratzea izan zen. Aurreko urteko maiatzean jarri zuten gurpila martxan. Batzordeak eratzeko modua Guraso Kontseilutik atera zen, eta ikasleen mailaketa sistema hartu zuen oinarri. Artezkaritza Kontseiluak onartu zuen proposamena, eta hala, hamasei batzorde sortu dira lan prozesu guztian zehar.
Mailak irizpide gisa erabiltzearen helburua maila bereko ikasleak, gurasoak eta irakasleak elkarrekin aritzea izan da. Nolanahi ere, batzordeei ez diete hesirik jarri, eta batzordeak sortu ondoren, batzordeetatik bertatik beharren arabera laguntza eskaerak egin dituzte edota norbere burua beste batzorde batean identifikatu duten pertsonek aldatzeko aukera izan dute.
Hasieratik batzorde guztien topagune izan den batzorde iraunkor bat egon da, bertan beste batzordeetako buruak elkartu dira, bi batzordeko. Hamasei batzordeen zerrenda bera igandeko jaia antolatzeko landu diren esparru guztien adierazgarria da: komunikazioa, ikuskizunak, protokoloa, muntaia, Gure Zozketa, arropa, zirkuitua eta segurtasuna, prebentzioa, jasangarritasuna, osasuna, ekonomia, erronka, tonbola, giza baliabideak eta txosna. Horietako batzuk hasieratik abiatu dira, beste batzuk eguna hurbildu ahala abiatu dira.
Igandeko festa egunari begira beste batzorde iraunkor bat jarri zuten martxan. Urte osoan lanean aritu den batzorde iraunkorra eguneko batzordearekin batu da urtea egun bihurtu denean.
Batzordeek egindako lana agerian geratu da urtean zehar egin dituzten ekintzetan. Eta lanak antolatzeko lagungarria izan da oso giza baliabideen batzordean sortu duten datu basea, non boluntario guztien datuak sartu dituzten. Datu base horrek errepikapenak saihesteko balio izan du eta datuak trukatzeko aukera eman du, besteak beste. Horrez gain, Kilometroak jaiaz harago, sistema erabilgarria gerta daiteke hala Ikastolen Elkarterako nola UZ?Ikastolarako.
Gurpilari eragin zioten lehenengo batzordeak komunikazioari lotutakoak izan ziren. Lehen egitekoa lelo bat asmatzea izan zen, eta hala egin zuen Gorka Ojanguren ikasle ohiak. Leloa aski ezaguna da jada: Zubiak batuz. Logoa Mikel Ruizek asmatutako logoa ere festaren ikur bihurtu da.
Kilometroak koordinatuko zuen langile liberatua aukeratu zuten: Aitor Gabirondo. Ikastolen Elkarteak Kilometroak jaiak antolatzen laguntzeko koordinatzaile Mikel Egibarrekin elkarlanean aritu da Gabirondo.
Urretu-Zumarragako Kilometroek komunikatu nahi duten ideia zubien batuketa da eta batuketa horren isla dira batzordeak, hau da, Ikastolako komunitate bera. Izan ere, martxan dagoen gurpil horren erradio eta indar izan dira, dira eta izango dira komunitatea osatzen duten pertsona guztiak igandekoa amaitu eta gero ere.
16 batzordeen ahotsak
- Erronka. Iazko azaroan hasi ziren lanean dozena erdi bat irakasle eta asko inplikatu diren beste hainbeste guraso. Gurera etorriko diren 18 ikastoletako gazteentzat proba erakargarri eta parte hartzaileak prestatzea izan da erronka nagusia. Final handia igerilekuan jokatuko da. Gustura aritu dira lanean, bereziki ikasleekin probak probatzen aritu direnean.
- Giza baliabideak. Taldearen eginkizun garrantzitsuena egunean lan egingo duten lagunen bilketa eta antolaketa da. Urte hasieran datuak era fidagarrian antolatzeko lanean aritu ziren, eta programa bat sortu dute boluntarioen datuak kudeatzeko. Orain azken txanpan daude lanean buru-belarri 1.500-eko boluntario kopurua lortzeko.
- Tonbola. Batzordearen ardura LH2ko gurasoei eta irakasleei egokitu zitzaien. Gabonetan eta Zumarragako jaietan zozketak antolatu zituzten eta biak pentsatu baino hobeto atera zitzaizkien. Benetako arrakasta hartutako esperientzia eta gurasoon elkarlan zein harreman sendotzean izan dira.Bravo zenaren lokalean egongo dira jaian ilusioa banatzen.
- Txosna. Batzordean hamabost lagun aritu dira urte osoan, eta hainbat ekintza antolatu dituzte. Alabaina, igandean izango dute erronkarik handiena.400 boluntario inguru arituko dira lanean. Bi eginkizun nagusi izango dituzte: gune bakoitzean izango diren txosnetan lan egin eta menuak kudeatzea.
- Ekonomia. Batzordean bi eremutan aritu dira. Alde batetik, urtean zehar antolatutako ekintzek eta irteerek izan dituzten diru sarrera eta gastuen jarraipena egin da. Lan hori 8 pertsonaz osatutako Batzorde Ekonomiko Iraunkorrean egin dute. Bestalde, Ekonomia Batzordean 10 pertsona ari dira Kilometroak egunari begira, ekonomiarekin lotutako jarduerak antolatzen: sarrerak, diru trukea eta diru bilketa. Guztira 110 lagun gutxi gorabehera arituko dira lanean egunean bertan zeregin horietan.
- Gure zozketa. Kilometroetako ardatz ekonomikoetako bat da. Batzorde honetan azaroaren hasieran ekin zioten lanari: Ikastolako komunitatean 35.000 txartel inguru banatu zituzten, eta Gipuzkoako herrialde osora zabaltzeko 150 irteera baino gehiago egin dituzte gurasoek eta langileek. Igandean peto berdeekin ibiliko dira zirkuituan zehar.
- Garbitasuna eta jasangarritasuna. Igandeko jaian sortuko diren hondakin materialak eta organikoak jaso eta sailkatzeaz arduratuko da. Jasangarritasunari lotutako aholkuak eta mezuak jarriko dituzte zirkuituan, eta aurrez herriko tabernekin eta elkarteekin lanketa bereziak egin dituzte. 150 bat lagun aritu dira lanean.
- Prebentzioa. Aurreko ekainean ekin zioten lanari, berandu xamar. Egiteko nagusia alkohol eta drogen kontsumoa kontrolatzea eta inor erasotua ez sentitzea da.Herrietako talde ezberdinekin bildu dira eta lan bat prestatu dute alkoholari buruz, eta ikastetxeetan zabaldu dute. Zirkuituan zehar pankartak eta kartelak jarriko dituzte. Eta, zailena, Kilometroak eguneko lana izango da: gazte taldeengana hurbildu, eta besteak errespetatzeari buruz hitz egin eta alkoholaren gehiegizko kontsumoaren gainean ohartaraziko diete, giro onean beti ere.
- Zirkuitua eta segurtasuna. Urtean zehar zortzi bat lagun aritu dira zirkuituaren diseinua egiten. Arriskuak identifikatu eta babes neurriak hartu dituzte. Ondoren azpitaldeak sortu dituzte lanak banatuta. Gaur-gaurkoz 130 pertsona inguru ari dira zirkuitu eta segurtasun batzordean lanean.
- Arropa. Urte eta erdiz aritu dira jo eta su lanean. Batzordea lau azpibatzordetan banatu zuten. Erosketak, denda, biltegia eta irteerak, azken horrek lan handia eman die. 60 bat irakasle, guraso eta aitona-amona aritu dira.
- Protokoloa. Batzordearen zeregin nagusia Kilometroak jaiarekin zerikusia duten ekimen instituzionalak antolatzea izan da. Aurreko ekintza ofizialak antolatuta, orain igandeko irekiera eta omenaldi ekitaldiak antolatzen ari dira.
- Komunikazioa. Komunikazio ildoa definitu ondoren,urteko plangintza definitu zuten Ikuskizun Batzordearekin elkarlanean. Barne eta kanpo komunikazioaz arduratu dira. Egunari begira, jaiari ahalik eta zabalkunde politena ematea da taldearen ardura.
- Ikuskizunak. 30 guraso eta irakaslez osaturiko talde bat aritu dira lanean. Urtean zehar hainbat ekitaldiren antolakuntzan parte hartu dute eta eguneko ikuskizunen plangintzarako komunikazio batzordearekin elkarlan estuan aritu dira.
- Osasuna. Batzorde oso teknikoa da, 3 medikuk eta 3 erizainek osatua. Urtean zehar hainbat bilera egin dituzte gune bakoitzeko osasun puntuak non kokatu eta behar izango duten materiala aztertzeko. Material hori Zumarragako Ospitaleak eman die. Igandean 65 pertsona inguru egongo dira gune ezberdinetan, guztiak osasun arloko profesionalak. Ea lan askorik ez duten!
- Muntaia. Orain urtebete 10 bat lagunek ekin zioten lanari. Abenduan material guztia ekarri zuten.Urtean zehar egin diren ekintzen muntaketa lanetan aritu dira. Orain egunerako guneak prestatzen ari dira Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako brigaden laguntzarekin; Beasain eta Ordiziako materiala ere erabiliko dute.
- Zirkulazioa. Igandeko festarako auto eta autobusen aparkalekuak antolatzea, eta haien sarrerak eta bide mozketak non egingo diren kudeatzea izan da batzordearen zeregina. Sei lagunek osatutako lantaldea da eta iazko urrian hasi zinen lanean. Boluntario asko beharko ditu zirkulazio batzordeak planifikatu dituzten zirkulazio beharrak asetu ahal izateko.