Iraia Oiarzabal
Hezurbeltzak izeneko ikuskizunean izan nintzen orain egun batzuk Zumarragako Etxeberri auzoan. Jon Maia bertsolariak Gorka Hermosa akordeoilariarekin eta Jesus Prieto Piti gitarra jotzailearekin batera prestatu duen proiektua zinez interesgarri iruditu zait. Izenak berak iradokitzen duen moduan frankismoaren garaian Espainiar Estatuko beste lurralde batzuetatik Euskal Herrira etorri ziren emigranteez mintzo da. Orduko Euskal Herriaren eta gaurkoaren marrazkia egiten du fusioaren bidez, akordeoia batetik, kitarra bestetik. Bertsoa eta bestelako kantaerak nahastuz. «Hezurbeltzak», «belarrimotzak», «maketoak»… hala deitu izan zaie eta hala ezagutu ditugu gure herrietara etorritakoak. Oraindik ere, emigranteen iritsiera neurri txikiagoan ezagutu zuten beste herri batzuetan «erdaldun» bezala irudikatzen dituzte Zumarraga bezalako herriak –badira beste hainbat: Andoain, Errenteria, Irun…–. Etorkin haien integrazioa –edo integrazio falta– izan da hamarkada luzean kezka nagusietako bat. Maiak bere hitzetan aipatzen duen bezala, askotan nolabaiteko isolamenduan bizi ziren familia haiek guztiak eta mesfindantza alde biko jarrera izan da, etorri zirenena Euskal Herriarekiko eta bertakoena haiekiko. Hala bizi izan dut nik behintzat. Elkarri nola begiratzen diogun, gakoa hor dagoela aipatzen zuen Maiak eta bat nator berekin. Elkar bizitzea eta elkar ulertzea. Herri hau, bere hizkuntza, bere kultura haiena senti dezaten lortzea. Hamarkada batzuk pasa dira, ez da erronka makala.
Nagore Belastegi
Helburua herri hau eta hemengo kultura haiena senti dezatela lortzea dela diozu. Nire familian lortu dugu hangoak bertako sentitzea, eta hemengoak pixka bat hangoak. Amaren familia Extremadurakoa dut, eta Euskal Herriaz harroagorik ez dut ezagutzen. Une latzetan aukera bat eman ziotenak izan ziren euskaldunak, eta haiei esker atera ziren aurrera inork trabarik jarri gabe. Nire amonak bizitza erdia baino gehiago eman du hemen, baina bere hitz xelebreak eta azentua galdu beharrean, gainontzekoek hartu ditugu maileguan. Hori bai, inguruan euskaraz kantatzen hasten direnean berak ere kantatzen du, esaten ari dena ulertzen ez duen arren. Extremaduratik etorritakoak dira Altsasukoak aske nahi dituztela oihukatzen dutenak, eta horien seme-alabak gara, euskalerritarrak, udan gure herrira joateko desiatzen gaudenak, hura baino leku hobeagorik ez dagoelako. Estatuko hegoaldean abuztuan egiten duen beroa jasateko piszinan ematen ditut orduak, eta batzuetan barre egiten dut begiak itxita nagoenean euskal izen eta euskara pila bat entzuten ditudalako. Han elkartzen gara legazpiarrak, altsasuarrak, tolosarrak, lasartearrak eta zumarragarrak gure helduen herriak maitatzen, haiek Euskal Herria maitatzen ikasi zutelako. Kanpotik etorritakoei beti entzun izan diet euskaldunak eskuzabalak garela, nahiz eta batzuetan pixka bat itxiak ere bai. Nola ez maitatu aukera bat eman zien herria? Baina nola ahaztu sustraiak?