Arazo bati aurre egin behar izaten denean, arazo hori pasa duen norbaitekin elkartu eta hitzegitea bezalakorik ez dago. Enpatia, ulermena eta gertutasuna sentitzen dira, besteak beste. Horixe da Katxalin Elkartearen –Bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako emakumeen elkartea– zeregina. Ekainetik zabalik dago Katxalineko bulegoa Ordizian, bertan emakumeei arreta ematen aritzen da Garbiñe Aramendi.
Elkartea 1987an sortu zen bularreko minbizia pairatzen zuten emakumeei tratamentu zehatz batzutan laguntzeko helburuarekin. 1999an helburuak zabaldu zituzten, eta tratamentua jasotzen zutenez gain, bularreko eta ginekologiako minbizia zuten emakumeei babesa ematea bilakatu zen beren xedea. Eraldaketa hori ematean hartu zuen Katxalin izena.
Hamar emakumeko taldea bilduta hasi zen guztia duela 27 urte. Lehen pausoak talde txikia zirela eman arren, orain 350 pertsonako taldea osatzen dute. Donostian hasi zuten arreta zerbitzua, baina azken urteotan beste herri batzuetan ere zabaldu dituzte bulegoak, Ordizian kasu.
«Badakigu ez dela batere erraza gaixotasunarekin bizitzea eta gainditzeko borrokatzea, horregatik, gaixotasuna sufritzen duenari galdutako indarra berreskuratzen eta eguneroko zailtasunak gainditzen lagundu nahi diogu», esan du Garbiñe Aramendi ordiziarrak.
Aramendi Katxalineko kidea da, eta hura da Ordiziako bulegoan arreta ematen ari den pertsona. Hura ere minbizia izan eta gainditutakoa da. «Behar-beharrezkoa zen horrelako zerbitzua eskaintzea», nabarmendu du. Izan ere, Katxalineko kide den heinean, emakume askok gelditu izan dute kalean kezkak argitzeko asmoarekin. «Kalea ez da horrelako gauzetaz hitz egiteko toki egokiena eta bulego bat izateak, kontsultak modu diskretoagoan egiteko aukera ematen du».
Ekain hasieran ireki zuten Ordiziako bulegoa, eta harrezkero emakume ugari pasatu da handik, profil bertsukoak asko: «Kezka eta beldur handiarekin dauden emakumeak dira bulegora gerturatu ohi direnak eta nire lana haiei entzutea eta ahal dudan neurrian laguntzea da helburua. Batzuetan ez da lan erraza izaten, animikoki oso ukituta dauden emakumeak izaten baitira gure arreta eskatzen dutenak».
Egoera horretan dagoen pertsona batekin nola jokatu behar den galdetuta, Aramendiren erantzuna argia da: «Entzun egin behar zaio, barrena hustutzen lagundu behar zaio, dituen beldurrak kanpora atera behar ditu eta barren-barrenetik indarrak atera behar dituela gogorarazi behar zaio».
Ikasteko ere asko balio dio ordiziarrari oraintxe esku artean duen erronka berri honek. «Minbizia zer den ederki dakit, nire azalean bizi izan dudan zerbait da. Egoera horretan nengoenean ezagutu nuen Katxalin elkartea. Orain, nirekin aplikatu zuten guztia, laguntza behar duten haiei eskaintzen saiatzen naiz».
Lehenengo unetik gertutasun handia eskaintzen duen pertsona da Aramendi, eta ia nahigabe, edo hori ematen du behintzat, jendea segituan irekitzen da harekin. «Laguntzen ari natzaiela jakin badakit, eta hori sekulakoa da, baina oso gogorra ere bada momentu batzuetan. Kasu oso desberdinak daude. Errealitate oso desberdinak. Momentu oso desberdinak. Eta emakume batzuk, psikologikoki benetan gaizki etortzen dira, kasu oso gogorrak daude».
Ohikoena ez bada ere, «bizitza kendu nahi duten emakumeei arreta ematea ere tokatu» zaiola aitortu du ordiziarrak. Horrelakoetan arazoa etxera ez eramatea edo deskonektatzea ia ezinezkoa» dela adierazi du Aramendik. Noizbait, bera ere «lehertu» egin izan da, baina beste emakume batzuei laguntzen ari dela pentsatze hutsak, «indarrez betetzen» du berriro ere.
Gauza oso naturala da beldurra izatea horrelako egoera batean: «Minbizi hitza asko entzuten dugu, eta batzutan heriotzarekin doa lotuta, baina beti ez da horrela; hementxe nago ni eta beste hainbat eta hainbat pertsona, pasatakoak pasa eta gero». Beste batzuen kasuan, «minbizia ezezaguna zaielako beldurtzen dira, zer datorkien ez dakitelako».
Hori horrela, prebentzioak duen garrantzia gogoratu du. «Azterketa medikuak egitea guztiz beharrezkoa da eta ez hori bakarrik, norberak bere gorputza ikuskatu edo ukitu dezake. Zerbait arraroa sumatzekotan, segituan medikura joan behar da beharrezko proba guztiak egitera».
Arretarako bi arlo
Katxalin Elkartearen zerbitzuak bi arlotan banatzen dira: asistentzia eta arlo psikosoziala. Lehenenegoan, informazio orokorra, prestazio ekonomikoen berri ematea, ebaluazio soziala, ileorde eta protesien mailegua, eta gaixoei berehalako harrera lantzen dituzte, besteak beste. Arlo psikosozialean, berriz, bazkideen arteko harremanak sendotzeko ekintzak egiten dituzte.
Ordiziarra da Mari Jose Vazquez eta bularreko minbizia pasatakoa da. Kasu deigarria da berea. Diagnostiko negatibo bat jaso ondoren, 16 urteren bueltan minbizia zuela esan zioten.
Noiz eta nolatan jakin zenuen minbizia zenuela?
Nire lehenengo alaba jaio zenean, orain dela 32 urte, konturatu nintzen bularrean kozkor bat nuela eta medikuari esan nion segituan. Alaba izateagatik esnea igo eta horregatik izan zitekeela esan zidan. Pixka bat itxaron behar genuela ere esan zidan.
Hori horrela, zortzi hilabete beranduago, ginekologoarekin txanda eskatu nuen. Begiratu eta ukitu baino ez ninduen egin, bestelako probarik egin gabe. Fibroma bat zela erantzun zidan, garrantzirik ez zuela eta etxera lasai asko joateko.
Lasai gelditu zinen?
Bai, zergatik ez? Baina 16 urte eta gero, lanean nengoen egun batean, mina sentitu nuen bular aldean. Kozkorra hazita zegoen. Ez zuen itxura onik. Medikuarekin txanda eskatu nuen.
Medikuak zer esan zizun?
Ikusi bezain pronto, proba urgente batzuk egiteko bolantea prestatu zidan. Eta hala egin nuen. Handik egun batzutara, 16 urte lehenago artatu ninduen ginekologa berak deitu zidan etxera, hurrengo egunerako txanda urgentea emateko.
Zer esan zizun kontsultan?
Kontsultan sartu eta paper batzuk zituen eskuan. Emaitzak zirela pentsatu nuen. Aurretik minbiziaren probarik egin al nuen galdetu zidan. Esandakoarekin harrituta, berak 16 urte lehenago bularreko kozkorra fibroma bat zela eta etxera lasai joateko esan zidala gogoratu nion. Bere erantzuna, minbizia nuela izan zen.
«16 urte eta gero, bularrean mina daukat. Azala erre zidaten. Dena den, ongi nago»
«Osasunaren arloan lan egiten dutenei eskatuko nieke seriotasunez hartzeko lana»
Zer sentitu zenuen?
Harri bat bezala gelditu nintzen. Ezin nuen sinetsi. Ginekologa hark ez ninduen behar bezala begiratu eta 16 urte ondoren, pertsona beraren ahotan minbizia nuela entzun beharra oso gogorra izan zen.
Oroitzen duzu ondoren zer egin zenuen?
Etxera joan nintzen abiada bizian eta etxekoekin hitz egin nuen. Lehenengo egunak negar batean pasa nituen. Astebetera, goizeko 08:00etan jaiki, musika klasikoa topera jarri eta arropa lisatzen hasi nintzen. Halako batean senarra eta alabak altxatu ziren, zertan ari nintzen galdetzeko. Une hartatik aurrera, aldaketa handia eman nuen. Ezin nuen negarrez eta blokeatuta jarraitu. Egoerari aurre egin behar nion.
Zein izan zen jarraitu zenuen tratamendua?
Bi ebakuntza egin zizkidaten. Tumorea kendu zidaten lehenik, baina segurtasunagatik bigarren ebakuntza egin zidaten, ondo garbitze aldera. Ondoren, entsegu kliniko batean parte hartzeko proposatu zidaten.. Minbiziaren aurkako tratamendu berri bat zen, eta nik aurrera egitea erabaki nuen.
Zer moduz joan zen?
Ez espero bezain ondo. Sei kimioterapia eman behar zizkidaten eta lau eman zizkidaten. Lehenengo saioa eta gero, ingresatu egin behar izan ninduten. Tratamendua gogorregia zen eta nire gorputzak ez zuen behar bezala jasan. Hurrengo saioak hobeto joan ziren, baina gogorra izan zen. Horrez gain, radioterapiako 40 saio ere egin nituen.
Nola gelditzen da pertsona bat horrelako tratamendu baten ondoren?
Jota! Gaur egun, 16 urte eta gero, bularrean mina daukat. Azala erre zidaten. Dena den, ongi nago minbiziari aurre egin niolako, oztopoak oztopo.
Zein da egun ateratzen duzun ondorioa?
Batzutan kontsultara joaten direnen bizitzak ez duela garrantzirik, ez gaituztela serio hartzen; eta ondoren buelta dator. Orain dela 32 urte joan nintzen ni lehen aldiz ginekologora kozkorra dela eta. Osasunaren arloan ari direnei eskatuko nieke haien lana seriotasunez hartzeko. Jendearen osasuna dago haien eskuetan. Prebentzio kanpainak egiten dituzte, baina gero kontsultara joan eta etxera bidaltzen bazaituzte, eta handik urtetara minbizia duzula esaten badizute, gauzak ez gara oso ondo egiten ari.
Azkeneko ebakuntza egiteko zain dago Oihana Benito ordiziarra. 42 urte ditu. Orain dela hiru urte bularreko minbizia atzeman zioten, eta bularretako bat kendu. Oraindik tratamenduan jarraitzen badu ere, zailena pasatuta, bere bizipena elkarbanatu nahi izan du gainontzeko guztiekin.
Noiz eta nolatan jakin zenuen minbizia zenuela?
2015ean izan zen. Bularrean kozkor txiki bat nuela konturatu nintzen. Lehenengo momentutik sentsazioa txarra izan zen. Nire ama eta izeba etorri zitzaizkidan burura. Ama, minbiziarekin hil zen eta izebak ere pasa zuen.
Zenbat denbora pasa zen medikuarengana joan zinen arte?
Martxoan detektatu nuen kozkorra, eta irailean joan nintzen medikuarengana.
Zergatik ez lehenago?
Beldurragatik. Nire buruari medikuarengana joan behar nuela esaten nion, baina ez nuen pauso hori ematen. Beti nuen egiteko beste zerbait. Egin behar ez dena egin nuen.
Baina azkenean joan zinen…
Bai, hala da! Mamografia eta ekografia egin zizkidaten lehenik. Azkena, larunbat batean egin zidaten. Senarrarekin eta semearekin Donostian eguna pasatzeko plana egin genuen. Egun hartan jantzita zer neraman ere oroitzen dut oraindik, beste gauza batzuen artean.
Ospitalera joan, probak egin eta halako batean, kozkorra non sentitzen nuen galdetu zidaten. Kontua da kozkor gehiago ere bazeudela. Ez zuen itxura onik, hala esan zidaten segituan.
Zer sentitzen da une horretan?
Mundua gelditu zen. Ez nuen sinetsi nahi. Beldur handia sentitu nuen.
Eta senarra eta semea, kanpoan.
Bai, eta ezin izan nien ezer esan. Egun hortarako genituen planak bertan behera utzi eta etxera joan ginen. Han hitz egin nuen senarrarekin. Kolpe handia izan zen berarenzat, baina esan beharra dut, ondoan izan dudala beti, babes handia eman dit prozesu guztian.
Semeari, nola kontatu zenion?
Ez zen erraza izan. Urkok 12 urte zituen. Hitz egin genuenean, segituan etorri zitzaion amona burura. Hura babestearren, ez nion egia osoa esan. Ez nion esan bularra kendu behar zidatenik, eta behin ebakuntza eginda, etxean, bera konturatu zen. Lezio handia eman zidan semeak, berriro ere gezurrik ez esateko esan zidanean.
«Nire buruari medikura joan behar nuela esaten nion, baina ez nuen pauso hori ematen»
«Lezio handia eman zidan semeak, berriro ere gezurrik ez esateko esan zidanean»
Bularra kendu behar izan zizutela esan duzu. Emakumea izanda, nola jasotzen da hori?
Bost kozkor zeuden bularrean eta argi esan zidaten, kimioterapiak edo radioterapiak eraginik ez zuela izango, beraz bularra kendu behar zela. Nik, bizi egin nahi nuen. Bularra baino garrantzitsuagoa zen nire semea hazten ikustea.
Eta ispilu aurrean jarri zinenean zer?
Kosta zitzaidan. Sentsazio kontrajarriak nituen. Lasai nengoen tumoreak kendu zizkidatelako, baina bularrik gabe ikusteak segurtasun falta sortu zidan. Dena den, garbi nuen bularra jarriko nuela eta hala egin nuen denbora gutxira.
Orain nola zaude?
Ongi nago. Guztia primeran atera da. Ikasteko asko balio izan dit, jendearen aurpegi ona eta txarra ikusi ahal izan dut. Anekdota oso kuriosoak izan ditut bularra dela eta. Askok enpatia oso gutxi dute. Ez dira konturatzen une latzak bizitzen ari zarela, eta haien jakinmina badirudi gainetik dagoela. Bai, bularra kendu zidaten. Bai, bularra jarri dut ondoren. Eta zer? Bizitzak aurrera darrai.
Bizitakoak zertan eragin dizu?
Denean. Lehengo Oihana eta oraingo Oihana bi pertsona desberdin dira. Pentsatzen nuena baino indartsuagoa naizela erakutsi dit honek. Maite nautenak nortzuk diren ere erakutsi dit eta erabat aldatu zait bizitzarekiko ikuspegia. Benetan garrantzitsuak iruditzen zaizkidan gauzei ematen diet denbora. Nire burua gehiago zaintzen dut, gehiago maitatzen ikasi dut. Segurtasun handiagoa dut, eta baita hainbat proiektu buruan ere. Bizitza bat dugula benetan sentitu dut.