Denok entzun dugu inoiz landareen sentsibilitateaz hitz egiten, goxo hitz egiten zaienean eta zaintzen ditugunean hobeto eta azkarrago hazten direla esaten da. Baina, egia esan, izaki bizidun horiek duten pertzepzio extrasentsorialari buruz oso gutxi dakigu.
1966an zerbait harrigarria gertatu zen New York-eko 5. hiribideko bulego ilun batean. Cleve Backster mundu mailako aditua zen poligrafoetan, eta gau batean, gehiegi pentsatu gabe, bere poligrafoko elektrodoak landare bati jartzea bururatu zitzaion, Dracaena masangeana bati hain justu. Jarraian gertatu zenak bere bizitza aldatu zuen: landarea ureztatzean galbanometroak erantzun bat jaso zuen, pertsona bat emozio bat sentitzen ari denean jasotzen denaren antzekoa. Backster-ek bazekien pertsona batengan erantzun emozional bat eragiteko estimulu handiena mehatxatua sentiaraztea zela, eta beraz, landarea erretzearen ideia buruan zuela, berriro ere elektrodoei konektatutako hostoak erantzun egin zuen, modu bortitzean erantzun ere. Handik pixka batera landarea erretzearen ideia burura ekarri zuen berriro, baina oraingo honetan landarea erretzeko asmorik gabe, eta landareak ez zuen erantzun, asmoa benetakoa ez zela antzeman izan balu bezala.
Backster konturatu zen landareek lotura estua zutela beraien zaintzaileekin, eta lotura hori ez zela espazio fisiko berean zeudenean bakarrik gertatzen. Backster bulegotik kanpo zegoenean eta emozionalki eragiten zion zerbait gertatzen zitzaionean, landareek bat-bateko aldaketak erakusten zituzten egoera animikoan edo erritmo biologikoetan. Egun batean, beste hiri batean zegoela, kalean estropezu egin eta min hartu zuen. Hotelera iristean bere laguntzaileetako bati deitu zion eta istripua izan zuen orduan landareek nolabaiteko erreakzioren bat erakutsi zuten egiaztatzeko eskatu zion; erantzuna baiezkoa izan zen, bera kalean erori zen momentuan landareek estres nabarmena erakutsi zuten.
Gauza bera gertatu zen Backster-ek laban batekin behatzean zauria egin zuenean, landareak zeuden laborategi berean laguntzaileetako bat armiarma bat harrapatzen saiatu zenean eta landareetako baten aurrean beste laguntzaile batek ur irakinetara bota zituenean bizirik zeuden karramarro batzuk. Denborarekin Backster konturatu zen izaki bizidun baten heriotzaren aurrean landareek erantzun egiten zutela, eta horrek landareen enpatia telepatikoei buruzko teoriak lantzera eraman zuen.
Hipotesi hori aztertzeko hainbat infusio zelularrei elektrodoak jartzeko modua aurkitu zuen, besteak beste amebei, odolari eta espermari. Esperimentuak egin eta ikusi zuen infusio horiek ere erantzun egiten zutela; adibidez, espermak erreakzionatu egiten zuen esperma-emailea saio hodiaren ondoan jartzen zenean. Badirudi komunikazio hori ez dela zelula mailan amaitzen, baliteke maila molekularra zeharkatzea, agian baita atomikoa edo subatomikoa ere. Backsterrek «pertzepzio primarioa» deitu zion fenomeno horri.
Naturak eskaintzen dizkigun ikasgai eta jakinduria ikaragarriaren aurrean amnesia moduko batekin erantzuten dugu egun. Gogoratu beharko genuke naturaren legeekin modu harmoniatsuan elkarreragiten dugunean sortzen dela magia.
Utz diezaiegun landareei hitz egiten, astindu ditzagun aurreiritziak, tabuak eta beldurrak, ingurunearekin dugun elkarrizketa lohitzea baino ez baitute egiten; presta gaitezen naturaren jakinduria jasotzeko.