Jon Maiak eta Gorka Hermosak Hezur Beltzak musika taldea sortu dute Espainiatik etorri ziren migranteen omenez. Lehen kontzertua Zumarragako Etxeberri auzoan jo dute. Durangoko azokan aurkeztuko dute diskoa.
Joan zen mendean etorkin asko etorri ziren Espainiatik Euskal Herrira bertako fabriketan lan egitera. Euskaldun askok begi txarrez ikusi zituzten. Batzuek ez zituzten beraien ohiturak ulertzen, beste batzuek euskara eta euskal kulturarentzat kaltegarria izango zela uste zuten… Hala, hainbat goitizen jarri zizkieten: belarrimotzak, koreanoak, maketoak, hezur beltzak… Etorkinek guztion hezurrak eta bihotza kolore berekoak direla erakutsi zuten, ordea: askok euskara ikasi zuten, gehienen seme-alabek ikasketak euskaraz egin dituzte, gizarte ekimenetan murgildu dira… Izan ere, hezur beltzen artean, hezur zurien artean bezala, denetik dago. Jon Maiak eta Gorka Hermosak musika talde bat sortu dute etorkin haien omenez, eta lehen kontzertua Zumarragako Etxeberri auzoan eman dute, Jesus Prieto Pitti gitarra jotzaile espainiarra lagun dutela. Biak etorkinen ondorengoak dira eta Maiaren amona Etxeberrin bizi izan zen.
Maiak eta Hermosak Urretxu eta Zumarragako Herri Operan ezagutu zuten elkar. «Gorkak koordinazio lana egin zuen eta Herri Operaren kantua idazteko eskatu zidan. Ondoren, Ele! Lorca-Lauaxeta antzezlaneko gidoia idazteko deitu zidan. Horrela, gaur arte», aipatu du Maiak.
Etorkinen ondorengoak
Ondo moldatzen dira elkarrekin. «Ele! Lorca-Lauaxetaren emanaldietan gure arteko harremana estutu egin da. Gainera, gure bi kasuak antzekoak dira: bion familiak kanpotik etorritakoak dira, baina gu biok euskaldunak gara. Konexio hori dugu eta, gainera, hasieratik elkarrekin ondo konpondu gara», gehitu du.
Horrek guztiak, Hezur Beltzak musika taldea sortzera eraman ditu. «Ele! Lorca-Lauaxetaren ardatza bi kultura dira: andaluziar errepublikazalea eta euskaldun abertzalea. Obra horrek oso ondo funtzionatu du. Errepertorio horri nik idatzitako poema eta hausnarketa batzuk gehitu dizkiogu, antzerkirik gabe ere ondo funtziona zezakeela ikusi baikenuen. Antzerkiko kantuei berriak gehitu dizkiegu. Guztiak ez dira emigrazioari buruz. Bazterreko pertsonak, marjinalak, ilunpean gorde nahi den mundu bat… bistara atera dugu».
Hezur beltzak izena pertsona horiek izendatzeko egokia iruditzen zaio. «Izen horrekin euskaraz eta umore pixka batekin kantari agertzea, historiari buelta ematea da. Haien bilobak euskaldunak gara, euskaraz kantatzen dugu eta indarrarekin gatoz. Euskal sortzaileak gara eta lotsarik gabe gatoz. Ondo pasatzera, gainera».
Dena den, nor den ulertzea asko kosta zitzaion. «Horretarako, nire aurrekoak zer izan diren ulertu behar izan dut. Eboluzio bat izan da, urteetako prozesua. Ez da erraza izan nire familiaren jatorria onartzea. Beti oso euskalduna izan naiz eta ez nituen kanpotik etorritakoei buruz gauza atseginak entzuten. Hemen urte askotan gauzak txuri edo beltz izan dira eta ematen zuen beste aldean ezin zela zu bezala pentsatzen zuen jenderik egon. Horren eraginez, jende askori kosta egin zaio bere jatorria onartzea».
Extremaduratik
Maiaren amaren aldeko aitona-amonak Extremaduratik Zumarragara etorri ziren. Etxeberrin bizi izan ziren. «Etxeberri etorkinez osatutako auzo bat da. Hemengo lantegi handietara kanpoko eskulan merkea ekarri zuten eta auzo periferikoetara bidali zituzten. Ghetto arkitektoniko eta soziologiko batzuk egon dira. Oraingo etorkinak ere hala daude».
Larunbateko kontzertua sinbolismoz betea izan zen: Etxeberri auzoan jo zuten, amonaren oroimenez landatu zuten olibondotik gertu. Eta Etxeberriko plazatxoa jendez betetzea lortu zuten:?etorkinak, etorkinen ondorengoak, bertan mendeak daramatzaten familietakoak… Denak elkarrekin euskal musika entzuten, munduko abuela Maria Luisa guztien omenez.