Heriotza, beti beldurra eman didan hitza, sentsazioa, kontzeptua izan da. Duela hilabete batzuk Lazkaon egingo ziren jardunaldi batzuetan parte hartzeko eskaintza egin zidaten eta gaia zein izango eta hori: heriotza, heriotza duina.
Bizitza honetan aukerak zerbaitegatik/zerbaitetarako etortzen direla pentsatzen dut, eta gai honi buruz hitz egiteko prest nagoen momentuan iritsi da hau ere. Honela, duela bi aste hasi ziren hitzaldi-emanaldi hauetan murgilduta nabil egun hauetan. Heriotzaz pentsatzean antsietate handia sentitzen dudala ezin uka. Beldurra ematen dit. Heriotzak amaiera esan nahi du niretzat, eta nik ez dut bizitza honek amaierarik izatea nahi. Baina jaio garen guztiok hil behar dugu. Horretan behintzat ados jar gaitezke denok. Heriotza eta gero zerbait dagoen, ez dagoen… hor ez naiz sartuko. Bakoitzak sinisten duena erabat errespetagarria baita niretzako.
Orain ere, eskerrak eman beharrean nago, nik bilatuko ez nukeen aukera berri hau etorri zaidalako. Beldur ikaragarria diodan gai bati heldu eta gauza askotaz hausnartu eta konturatzeko balio izan didalako.
Heriotzaz, heriotza duinaz hitz egin duten bi mediku izan dira aurreneko bi asteetan Lazkaoko Gerriko elkarteak antolatutako jardunaldietan. Aurrenekoa, Iñaki Peña, berak zuzendu eta osatu duen Aulki hutsak dokumentalarekin. Maite ditugun pertsonen heriotzaren aurrean dolua egitea zein garrantzitsua den azaldu zigun. Ondo egindako dolu batek heriotza hori hobeto eramaten lagunduko digu. Gure buruari triste egoten utzi behar diogu. Amorrua sentitzen. Barruan duguna ateratzen. Eta bakarrik ezin badugu, laguntza eskatzen.
Pertsona bakoitza bakarra den moduan, pertsona bakoitzak dolua bere moduan pasatzen du. Barruan dugun mina gurea da, beste inork ezin du guregatik sentitu.
Bigarrena Felix Zubia izan zen, zainketa intentsiboetako medikua . Felixek, heriotzaren aurrean medikuen eginkizuna gaixoei laguntzea dela azpimarratu zuen. Bakean hiltzeak duen garrantzia, familiak eta gaixoak berak agurtzeko aukera izatea zein garrantzitsua eta lasaigarria den azaldu zigun.
Berriro ere dolua ondo egitearen garrantzia azpimarratu zen hemen. Aste honetan berriz, niri tokatzen zait hitz egitea. Nik ere ez dut heriotzaren gaia modu grisean aipatuko, Iñaki eta Felixek egin duten moduan, kolore gehiago jartzen saiatuko naiz eta heriotza duinaz baino gehiago bizitza duinaz hitz egingo dut. Duin bizi behar dugulako aurrena, ondoren duin hiltzeko. Adierazi gabeko emozioen mina izena jarri diot nire partehartzeari.
Heriotza mota asko ikustea tokatzen zaigu, batzuk bat batean hiltzen dira (bihotzekoak, istripuak…), beste batzuk, berriz, gaixoaldi luze baten ondoren. Batzuk oso gazte, beste batzuk, berriz, bizitza luze baten ondoren. Tamalez, guk badakigu maite ditugun pertsonak momentu batean galtzea zer den. Gure kasuan gainera, bi gurasoak batera, gazte. Azkarregi. Istripua gertatu zenetik hogei urte pasatu dira. Guk ere gure dolua egin dugu eta egiten ari gara. Dolua prozesu luzea da eta nire ustez, ez da inoiz bukatzen. Joan diren pertsonak presente dituzu momentuoro, batzuetan triste gogoratuko dituzu, besteetan momentu alaiak etorriko zaizkizu burura, beste batzuetan, berriz, amorrua sentituko duzu. Sentitzen duguna adieraztea, dolua egiteko modurik osasuntsuena da.
Hitzaldiaren izenburuak dioen bezala, adierazten ez diren emozioak ez dira inoiz hiltzen. Bizirik lurperatzen ditugu eta beranduago modu okerrenean ateratzen dira. Barruan gordetzen ditugun horiek gaixotu eta gaiztotu egiten gaituzte. Dolua bakoitzak bere modura egiten duen bezala, emozio hauek ateratzeko modua ere pertsonala da. Niri adibidez, idazteak lagundu dit. Zerk lagundu(ko) dizu zuri?