Inma Fernandez (Lazkao, 1991) bezala baino are ezagunagoa da Euskal Herriko hainbat txokotan Desi, Go!azen telesaileko pertsonaia. Duela hamar urte grabatu zuten lehenengoz gazteentzako saio hori, eta Euskal Telebistako lehen kateak azaroaren 16an estreinatuko du ikusle markak hautsi dituen telesaileko denboraldi berria.
Go!azeneko hirugarren denboraldia grabatzez amaituta, estreinaldiaren zain egongo zarete.
Hori da, azaroaren 16an hasiko da Euskal Telebistan emititzen eta gogotsu gaude. Ekainaren hasieran promozio bideo modukoa grabatzen dugu, eta hortik aurrera grabaketekin hasten gara. Abuztu amaierara arte egoten gara horrekin, ia oporraldi guztia alegia. Azken finean kurtsoan zehar bakoitzak bere ardurak ditu, izan lana zein ikasketak tarteko; beraz, uda aprobetxatzen dugu grabaketetarako.
Zer eskainiko du Go!azenen aurtengo denboraldiak?
Inoiz baina musika gehiago izango duela esango nuke. Horrez gain betiko istorioak ere ikusi ahal izango dira, eta tartean berritasunen bat edo beste ere topatuko dugu. Gehiegi aurreratu ezin badut ere, pertsonaia berriekin erlazio berriak sortuko dira.
Nola izaten da grabaketa prozesu guztia?
Grabatzen hasi aurretik elkartu egiten gara normalean pare bat aldiz testuaren lehen irakurketa egiteko. Lehen kapituluen irakurketa guztiok batera egiten dugu, eta ondoren, urtero prozesu desberdina izan dugu.
Aurten, zorionez, hasiera batetik kapitulu guztiak hasieratik eskuan izan ditugu. Hori da aproposena, hasiera batetik dena izan eta nolako garapena izango duzun jakitea. Gero aldaketak egon ohi dira beti, denboragatik izan edo aktoreren batek egunen batean bertaratu ezin duelako, baina egunean egunekoa egin ohi dugu behin grabatzen hasita.
Udan beraz, oporretarako tarte handiegirik ez duzue izango.
Hala da, azken finean asteburuak bakarrik izaten ditugu guretzat. Baina pertsonaiaren arabera ere alda daiteke hori. Esaterako nire pertsonaia, Desi, ez da beste batzuk bezainbeste agertzen eta horren ondorioz ez dut beti joan beharrik izaten grabaketetara. Gazteenak adibidez uda osoa egoten dira, baina ongi pasatzen dugu bertan. Gogorra ere izaten da, denborak aurrera egin ahala nekea gero eta gehiago nabaritzen dugulako, baina denerako tartea aurkitzen dugu.
Ondoren jasoko duzuen poztasuna esfortzuaren adinakoa izango da ezta?
Izugarria. Batez ere aurrestreinaldietan jasotzen dugu hori gehien, uda guztia lanean eman ondoren emaitza ikusi eta haurrek gogoko duten sentsazio hori izatea pozgarria da, asebete egiten zaitu.
«Azken bi denboraldi hauek, gaiei dagokienez behintzat, sakonagoak dira»
«Gaztetxoenak errealitatetik erakartzen ditu Go!azenek, marrazkirik gabe»
«Aurrestreinaldi guztietan haurrengandik jaso dugun irrika ikaragarria da»
«Polita da etortzen diren aktore berriek duten ikasteko jarrera eta grina»
Hirugarren denboraldiak ba al du berezitasunen bat?
Denboraldi bakoitzak du bere berezitasuna. Azaroan estreinatuko denak eta iazkoak badute kutsu berezi bat. Aurrez lantzen ez ziren gaiak azaltzen dira, minbizia eta homosexualitatea esaterako. Azken bi denboraldi hauek, gaiei dagokienez behintzat, sakonagoak direla esango nuke.
Ikusle eta jarraitzaile aldetik marka asko ondu dituzue. Ez da erraza izango aurreko urteetako arrakasta areagotzea.
Egia esan ikaragarria da Go!azen izaten ari den arrakasta. Duela hamar urte, lehen Go!azen grabatu zenean fama izan zuen, baina azken urteetako gorakada sekulakoa da. Gaur egun ditugun aurrerapen teknologikoei esker irisgarritasuna ere gehiago areagotzen da, sare sozialak eta Interneta tarteko.
Haurrek aisialdian euskarazko produktuak kontsumitzeak ere badu garrantzia ezta?
Bai, gehienbat euskaraz estilo honetako programa oso gutxi daudelako da garrantzitsua. Euskaraz kontsumitzeko aukerak badituzte, baina Go!azen beste modu bateko produktua dela uste dut. Marrazki bizidunetara jo gabe, gaztetxoak errealitatetik erakartzea lortzen du Go!azenek.
Garai bateko zein oraingo euskal abestiak gaztetxoenen ahotik entzutea ere polita da.
Hori da, eta gurasoak erakartzeko modu bat bezala ikusten dut. Garai bateko abestiak beren haurren ahoetatik entzutea pozgarria da beraientzat ere.
Edizio guztietan egon den bakarretakoa zara.
Ramon Agirrerekin batera partekatzen dut ardura hori eta poz izugarria ematen dit. Pertsonaia mantentzearen zergatiaz sarritan jarri naiz pentsatzen eta haurrei gustatzen zaiela ikusteak bete egiten nau. Aurrestreinaldietan gehienbat gazteengana jotzen badute ere, zutaz oroitzen direla ikustean poz izugarria da.
Kalean lasai egotetik jarraitzaileak izatera igaro zara. Aldaketa handia al da?
Hasiera batean izugarrizko aldaketa da, baina ni ohitu naiz Lazkaoko egoerara. Ez dakit Inma izateagatik naizen ezaguna, edo Desi pertsonaiagatik, edo irakasle izan naizelako.
Kalean zoazela argazkiak eskatzea gainera gauza polita da, baina aurrestreinaldietan begietan haurrei ikusten zaien irrika ikaragarria da. Besarkatu, hunkitu eta negar ere egiten dute batzuk.
Go!azen telesailaz gain beste mota bateko pertsonaiak ere egin dituzu.
Bai, Goenkalen eta Aitaren Etxean ere asko ikasi dut. Go!azenen esperientziarik gabe hasi nintzen, baina beste bien gisako telesailetan beste aktore batzuez inguratzeko aukera izan dut, eta haien alboan asko ikasteko aukera izan dut.
Pertsonaiak hain ezberdinak izanda, batetik besterako jauzia nola ematen da?
Produkzioko lankideak beti eskainiko dizu laguntza, irizpideak emanez eta pertsonaia deskribatuz. Beraiek sortu duten fikziozko norbait da, beraiek ezagutzen dute hoberen eta hori azalduz errazago irudikatzen duzu egin beharrekoa.
Inguruko aktoreengandik ikasteak ere lagunduko du.
Alde batetik norberak ikasten du, eta bestetik, oso polita da etortzen diren aktore berriek ere zugandik ikasteko jarrera erakustea. Azpimarratzekoa da Ramon Agirreren laguntza, berarekin edozein egoerari aurre egitea errazagoa da.