Maider del Olmo Zubeldia
Azaroren 23tik abenduaren 3ra zer egingo dudan, zehazki, ez dakit. Esan nahi dut aurreikusi ditzakedala ohiko jarduera batzuk egun horietarako (eskolak eman, otorduak egin, lo egin…), baina gero zer izango den, auskalo.
Horren jakitun izanda ere, papera eta axota hartuta, zirribora egiten hasi naiz, momentua gozatzen, egingo dudana buruan. Idazteari ekin diot. Planifikatzea garrantzitsua izaten da. Hala, lehenik eta behin hilaren bukaerarako helburuak izan behar ditut argi. Nire helburu operatiboak zerrendatu ditut paperean: ideien arteko loturei igartzea, objektu fisiko nahiz moralei hainbat modutan begiratzea, testua egituratzeko aukerez jabetu eta kasu bakoitzean eraginkorrena hautatzea eta ahotsaren bidez distantziak eta erregistroak eraikitzea.
Beno, beste bat erantsi dut azken unean: Begirada, keinu-imintzioak eta tramankulu lagungarriak egoki kudeatzea. Kontxo, gustura geratu naiz Internetetik kopiatutako zerrendarekin.
Ez egin, baina, kasu gehiegi. Aurrekoa autokonplazentziarako ariketa baino ez da izan. Txorakeria.
Egun horietan nahi dudana da jendearekin komunikatu. Gizarte ariketa bat egin, ez norbanakoarena. Besteekin komunikatu. Euskaraz. Euskaraldian. Eta ondoren.
Ane Azurmendi Lasa
Gizarte ariketa polita iruditzen zait, hizkuntza ohiturez jabetu eta horiek aldatzeko aukera ona.
Aurreko batean, gure institutura, Burlatara, Topaguneko kide bat etorri zen, eta hark azaldu zigun 22 egun behar direla ohitura bat aldatzeko. 22 egunetan ekintza berri bat eginez gero, ohitura bilakatzen dela. Orain arte erdaraz hitz egin diozun horri, 22 egunetan euskaraz eginez gero, handik aurrera euskaraz eraikiko duzuela harremana.
Taldean egingo dugu 11 egunetako ariketa. Aurreiritzirik gabe, beti, lehenengo hitza euskaraz egitea; horixe izango da nire erronka.
Saiatzen naiz, euskaraz komunikatzen, baina batzuetan, indarrik ez dudalako, nekatuta nagoelako edo egun txarra dudalako, lehenengo hitz hori, gaztelaniaz egiten dut. Orain, badakit, hamaika lagun izango garela gure ohiturak aldatzeko edota finkatzeko ahalegina egingo dugunak. Besteekin, ahalik eta jende gehienarekin, euskaraz komunikatzeko ariketa.
Ohiturak aldatzeko ariketa, geure buruan klik egiteko ariketa izango da. Harreman berriak, nahiz zaharrak euskaraz josteko, eraikitzeko parada.