Bihotz-min galantarekin utzi zuen bere jaiotetxea Agustina Zufiaurrek (Lakuntza, Nafarroa, 1926) ezkondu eta gero Zegamara etorri zenean duela 63 urte. Aralarko Guardetxean jaio eta igaro zuen haurtzaroa eta gaztaroa, eta ez ditu ahazteko hango bizipenak.
Nongoa zara?
Lakuntzakoa, 1926ko urtarrilaren 2an jaio nintzen Diputazioaren Guardetxean. Sei anaia-arrebetatik, hiru neska eta hiru mutil, azkenaurrekoa nintzen. Ezkondu arte han bizi nintzen.
Non zegoen Guardetxea?
Lekunberrritik gora joan, Baraibar igaro eta Aralarko San Migelera bitartean, baina gu Lakuntzatik joaten ginen, ordu eta erdiko bidean; ahuntzak bezala ibiltzen nintzen gora eta behera.
Nolatan jaio zinen han?
Gure aita Migel Nafarroako Diputazioko baso zaindaria zen, eta bere lana inguruko basoak zaintzea zen: zuhaitzak markatzea botatzeko, itxiturak egitea, ganadua zaintzea… Gure aitak eta amak estreinatu zuten Guardetxea, ezkondu berritan. Hasieran beheko sua besterik ez zuten… Zein polita izango zen orduan! Jentilen istorietako bat ematen du orain. Baina nik 11 urte nituenean aita hil egin zen, eta nire anaia Joxek oposizioak atera eta basozain postua lortu zuen;?horrela Guardetxean bertan geratu ginen denok.
Zer gogoratzen duzu txikitako garai haietaz?
Zoriontsu izan nintzen han. Hasieran ez zegoen argi elektrikorik eta karburoarekin eta kandelekin ibiltzen ginen, baina gure etxean beti zegoen kanpoko jendea. Ez genuen aspertzeko denborarik.
Zeintzuk ziren zuen entretenimenduak?
Kobazuloak ikustera joaten ginen, elurretan ibiltzera, edo zaldi bat ez dakit non trabatuta zegoela eta hari laguntzera…
Eskolara ere joango zinen?
Bai, hasieran Lakuntzara, baina ez nebilen gustura eta Arruazura hasi nintzen gero. Astea han igarotzen nuen. Baina ez nuen asko ikasteko aukerarik izan.
Lan egitea egokitu zitzaizun.
Etxea beti jendez beteta zegoen. Sukaldeko mahai handian elkartzen ziren guztiak. Era askotako jendea zen:?artzainak, mendiko ingenieroak, azafata bat, Txinan oporretan egondako bat, eskiatzera joaten zirenak, Tolosako jende aberatsa… Ni haien kontuak entzuten gustura egoten nintzen.
Zertara joaten zen hara jendea?
Jana ematen genuen. Inguruko mendietan ikatza egiten ibiltzen ziren gizonek txaboletan igarotzen zuten astea, eta larunbat eta igandeetan meriendatxo bat egitera etortzen hasi ziren, txorizoa eta arraultzak, zegoena. 100 bazkari ere ematen genituen jaietan, eski garaian. Ama Martinak egiten zituen jatekoak, eta hura hil zenean nire koinata Nikolasak. Sukaldari bikainak ziren biak.
Lan asko egiten al zenuen zuk?
Klase askotako lanak:?baratzean, egurra txikitxen eta sartzen, oiloak eta txerriak gobernatzen, sukaldean… Eta jendea egunak pasatzera joaten hasi zenean, gelak jarri genituen eta haietan ere lan egiten nuen.
Non jarri zenituzten gelak?
Guardetxean bertan, goiko solairuan gelak eta ganbaran literak. Kanpoan zegoen borda batean ere bai. Hari El pabellon azul esaten genion;?oheak zeuden ilaran, eta ohe estalki urdinak zituzten.
Nor joaten zen ostatu hartzera?
Diputazioko langileak, adibidez, bi edo hiru hilabeterako lanarekin joaten ziren eta gure etxean geratzen ziren. Nik alde egin ondorengo kontu bat da, baina Faltzeseko bi anaia gogoratzen ditut, haietako bat ezkon gaua gurean pasatzera etorri zelako, inork espero ez zuenean;?etxeko gelarik onenean zeudenak ganbarako literetera bidali eta libre geratu zen gela ahalik eta txukunena jarri eta hantxe pasa zuten gaua! Gero, oporrak pasatzera ere joaten hasi zen jendea, oso jende xumea, familiak batez ere. Lagun handiak egin genituen orduan.
«Gu Guardetxera Lakuntzatik joaten ginen, ordu eta erdiko bidean; ahuntzak bezala ibiltzen nintzen gora eta behera»
«Etxea beti jendez beteta zegoen. Sukaldeko mahai handian elkartzen ziren guztiak»
«Eskiatzen ikasi beharra zegoen, elur asko egitean alde batetik bestera joateko»
«Guardetxea zegoen paretik pasatzean amorrazioa besterik ez dut sentitzen»
Eskiatzera ere joaten ziren.
Asko! Egun batean 25 bat autobus iritsitakoak dira. Noruegakoak, Suitzakoak-eta joaten ziren, kategoriako eski eta jantziekin. Enbidia nien nik haiei, nik erabiltzen nituen eskiak anaiak lizar egurrarekin egindakoak zirelako. Hala ere, gu primeran ibiltzen ginen gureekin.
Eskiatzen ikasi zenuen orduan.
Bai, txikitan. Ikasi beharra zegoen, elurra egiten zuen asko eta alde batetik bestera joateko eskiekin ibiltzen ginen, iraupen eskian bezala. Orain baino elur gehiago egiten zuen, 1,20-1,50 metroko lodierarekin askotan.
Nola moldatzen zineten elurte haiekin?
Etxea Lakuntza partekoa zen eta elur asko egiten zuenean handik kuadrila bat joaten zen zerbait falta genuen ikustera. Guk trukean bazkaria ematen genien. Inoiz ez ginen geratu janaririk gabe edo egurrik gabe!
Larrialdirik izan al zenuten inoiz?
Ni apendizetik operatuta nago. Guardetxean nengoela gaixotu nintzen, eta Lekunberritik joan zen medikua. Handik egun batzuetara Lakuntzara oinez jaitsi eta Iruñera eraman ninduten ebakuntzarako. Mendian galdutakoak eta gaua kanpoan pasatakoak ere izaten ziren, baita hanka hautsitakoak ere.
Gerra garaian ere han zinen.
Bai. Etxea soldaduz beteta egoten zela gogoratzen dut. Ganbaran patatak izaten genituen, eta handik hartu eta beheko suko hautsetan erreta jaten zituzten. Goseak egoten ziren. Gure bi anaia ere eraman zituzten gerrara, eta zorionez ondo itzuli ziren, bat behatza galduta, baina bizirik.
Makiak ere gogoratzen ditut. Behin sei lagun etorri ziren, metraileta handi batzuekin; amari ogia eta urdaiazpikoa erosi zioten. Baina Lakuntzako bi gizon zeuden etxean eta haiek parte eman zuten. Hurrengo egunean jaikitzerako guardia zibilek Guardetxea inguratuta zuten, eta egun gutxira makiak harrapatu eta hil egin zituzten. Amari ezagutzen ote zituen joateko eskatu zioten, baina ez zen joan.
Eta halako batean Zegamako gizon bat ezagutu zenuen.
Bai, Demetrio Alustiza. Kamioarekin ibiltzen zen eta Guardetxean ezagutu nuen. Enamoratu egin nintzen eta duela 63 urte ezkondu ginen, Aralarko San Migelen, nik 29 urte nituela. Zegaman jarri ginen bizitzen, Ezpaleo etxean. Makina bat negar egin nuen etorritakoan.
Zergatik egin zenuen negar?
Gizona mandataria zen, egun osoa egiten zuen etxetik kanpo. Ez nuen inor ezagutzen, mahaian bakarrik bazkaltzen ere ez nekien… Guardetxea etxe bakarra zen, baina beti ateak irekita zituen eta beti zegoen jendea. Ezin nituen ahaztu hango paretak, hango gauzak, han gertatutako istorioak… Eskerrak larunbatetan gizonak hara eramaten ninduen!
Gauzak aldatu ziren, ordea.
Bai, bi alaba izan nituen, eta gizonarekin lan egiten zuten txoferrak etxean hartu genituen. Orduan berriz ere lana neukan: arropa garbitzen, oheak txukuntzen, janaria… Poliki-poliki jarri nintzen, eta gero, gustura egon nintzen.
Bestelako lanik ere egin duzu Zegaman.
Gizona kamioitik erretiratu eta frontoia ireki zutenean guk hartu genuen ardura. Erreserbak egin, dutxak garbitu, frontoia garbitu… hura zen gure lana. Hamahiru urte egon ginen han.
Eta jubilatutakoan?
Gizonak eta biok bidaia batzuk egin genituen, Errioxara eta Pirinioetara. Baina duela 17 urte alargundu nintzen eta orain alabarekin bizi naiz Olaran auzoan. Beste alaba Lekunberrin bizi da eta bi seme ditu. Jubilatuen etxera joaten naiz eskulanak egitera, eta duela bi urtera arte gimnasia egitera ere bai.
Denbora honetan guztian mantendu al duzu harremana guardetxearekin?
Beti! Etxea 2009an bota zuten, eta San Migelera joaten naizenean aurretik pasatzen naizenean amorrazioa besterik ez dut sentitzen, iruditzen zaidalako nire familiakoren bat ikusiko dudala han. Azken maizterrak nire ilobak izan dira.