Urtarrilean beteko du urtebete Garbiñe Mendizabal zaldibiarrak (Tolosa, 1961) foru aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari. Euskaraldiak ilusioa piztu duela iritzi dio, eta erabilera suspertuko duela.
Zuretzat zer da euskara? Nolako lotura duzu harekiko?
Zaldibian Nazionaletan ikasi nuen, eta 3. mailako liburuan ikusi nuen «dialectos del español»-en artean «el vasco» zegoela. 9 urterekin, hori ez zela posible konturatu nintzen. Horixe daukat gogoan. Niretzat, euskara, maite dudan hizkuntza da, baina askoz gehiago ere bai: herri honen ezaugarri nagusiena. Ez dut irudikatzen euskararik gabeko Euskal Herririk. Funtsezkoa da.
Niri abertzaletasuna aitonak txertatu zidan. Alkate zen, nazionalak sartu zirenean. Oso gizon apala zen, nik 10 urte nituela hil zen. Gure etxean ez dugu politikari buruz hitz egin, sekula. Aitonak bazeuzkan etxean euskarazko liburuak, bat euskara batuari buruzkoa (Nola idatzi euskaraz?). Aitonak utzi zidan ondoren bat da. Niri liburuak asko gustatu zaizkit beti.
Euskal Filologia egin zenuen.
Karrerara arte, erdaraz ikasi nuen dena: Zaldibian eskolan, eta institutuan Beasainen eta Ordizian. Euskal Filologia orduantxe sortu zen, 1981ean. Ez nekien euskaraz idazten, euskaraz analfabetoa nintzen: hitz egin bezala idazten nuen.
Euskararekin eta harekiko sentipenekin, gozatu ala sufritu egiten duzu gehiago?
Gozatu eta sufritu, alde biko txanpona da. Baina gozatzen duzunean, oso ederra izaten da. Azken boladan, gozatzeko aukera handiagoak ikusten ditut gizartean, erakundeetan…
Zertan, adibidez?
Ezagutzaren aldetik erabat asmatu dugu, esate baterako. Pentsatzen genuen hezkuntzak arazo denak konponduko zituela, baina ez da hala izan. Orain badakigu –eta horretan gabiltzan denok ados gaude—, erabileran jarri behar ditugula indarrak. Hor sormena behar dugu, herria aktibatzeko.
Erabilera apala sufrikario, ala?
Bai, oso kezkagarria da. Baina ezin da aparte utzi hizkuntzak izan duen garapena, herri honek izan duen garapena ez bada kontuan hartzen. Herri bezala ere asko sufritu dugu. Hori tokatu ez balitzaigu auskalo non egongo ginatekeen, bai hizkuntzaren aldetik, bai herri bezala. Baina pasatutakoa pasatuta dago, eta horren gainean lan egin beharko dugu.
Euskaraldian ‘ahobizi’ edo ‘belarriprest’ izango zara?
Nik uste ahobizi izango naizela. Dudak eduki ditut, egia esan. Ni, jeneralean, ahobizi izaten naiz, baina ez nire buruari agintzen diodalako; nire ingurua oso erraza delako. Zorte handia daukat, alderdi horretatik. Naturalki ateratzen zait. Baina, euskaldun guztiei bezala pasatzen zait: goiz batzuetan indarrik gabe jaiki, etsi, eta erdaraz egin eta kito, egiten duzu. Ea inertzia horiek puskatzen ditugun. Hori da Euskaraldi honek lortu beharko lukeena.
Belarriprest-i garrantzi berezia ematen diot. Balentria handiko jokabidea da zure burua belarriprest izendatzea, inori ez zaigulako gustatzen ez dakigula hainbeste adieraztea. Horrek emango duen jokoa izugarria izango da. Gainera, belarriprest gehiago behar ditugula jakin dut, jaurlaritzatik.
Asko hitz egin da Euskaraldiaz, aurre luze honetan. Zergatik?
Lehenengo eta behin, Euskaraldia egin den modua goraipatuko nuke. Administrazioak eta gizarte eragileek bat egin dute, eta elkarrekin lan egin dugu. Hori funtsezkoa iruditzen zait. Elkarrekin indarrak batuz gero, errentagarriago egingo eta etekin handiagoa aterako dugu. Euskaraldiak piztu duen ilusioa herritarrek sumatu dute, eta batera goaz. Hori falta zen.
Bigarrena, ekimena oso originala da, bere sinpletasunean. Sinplea izateak izugarrizko indarra dauka. Gainera, euskara bultzatzeko ekimenei beti-betikoek kritikatzen dioten inposizioa ez dago inon ere.
Zure ustez, Euskaraldiak zer utziko du?
Euskaraldiak zabalduko dio langa euskararen erabilerari. Langa zabaltzeko ekimen oso sinplea, baina eraginkorra izan liteke.
Erabilera astinduko du?
Bai. Hainbat auzo eta herritan hau egin dute, eta datuak ikusi dira. Lasarten, adibidez, %21 igo zen erabilera. Eta hiru hilabetera, bi puntu bakarrik jaitsi zen hortik. Horrek esan nahi du badagoela gaia hor. Horrez gain, hau esperimentazio bat izango da, eta ikertu egingo dute Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Soziolinguistika Klusterrak. Agian klabe batzuk aterako ditugu hortik, nola eragin. Gero, hori aplika dezakegu bizitzako esparru askotan.
Euskal Herri osoan egingo da.
Hori ikaragarri gustatu zait. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek esaten zuen izar guztiak lerrokatu direla hau ondo atera dadin. Aurretik egindako lanaren ondorio da, baina politikak ere ahalbidetzen du: Nafarroako egoerak, Iparraldean Elkargoa daukagula lehenengo aldiz…
Euskararen lurralde osoan —guretzat Euskal Herri dena, baina beste batzuentzat euskararen lurraldea dena—, funtsezkoa da ekimen bateratuak egitea hizkuntza politikan. Eusko Ikaskuntzaren kongresuko bost alorretako batean, ideia bat zera da: hiru lurraldeetan hizkuntza politika bera behar duela euskarak, tokian tokiko berezitasunekin. Nik uste badoala, eta etorriko dela.
«Maite dudan hizkuntza baino gehiago da euskara: herri honen ezaugarri nagusia»
«‘Belarriprest’ balentria handiko jokabidea da, eta emango duen jokoa, izugarria»
«Euskararekin lotutako proiektu anbiziotsua jarri behar dugu mahai gainean»
«Tresna hobeak dauzkagu, baina herri izaeraren sena lotu behar zaio euskarari»
Aldundian, urtarrilean beteko duzu urtea Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari. Zertarako astia izan duzu?
Aurretik, Legebiltzarrak ikuspegi orokor bat ematen zidan. Hango lana gehiago da teorikoa, filosofikoa edo politikoa. Aldundian jada zehatzagoa da:?aurrekontu bat, ekintzak, kronograma bat eta jendea kudeatu beharra daukazu. Aurkitu nuen zelaia oso goldatuta eta ereinda zegoen, Mikel Irizarrek gauzak oso ondo bideratuta utzi zituen. Esan nuen, garai hartan, horri segida eman eta errematea jarri nahi niola. Pare bat gauza berri asmatu ditugu. Baina aurki aterako dira ekimen potoloak. Proiektu gauzagarriak badaude.
Zure aurreko Mikel Iriziarrek astekari honi 2015ean esan zion berrikuntza eta epe luzeko begirada behar zirela euskalgintzan. Aipatu dituzun ekimen potoloak hortik datoz?
Bai, bide horretatik goaz. Partaidetza prozesu bat hasi zuen euskalgintzako eragileekin. Lehen urtean aurrekontuak ez ziren aldatu, eta bigarrenean islatu ziren ekimenak. Hirugarren prozesua egitea guri tokatzen zitzaigun, baina legealdiko azken urtea da, eta ezin genuen ezer konprometitu.
Oraingo gobernua Etorkizuna eraikiz proiektuarekin ari da, eta euskararekin lotutako proiekturen bat ea gara genezakeen proposatu genuen guk. Zerbait anbiziotsua jarri behar dugu mahai gainean. 2019ko aurrekontuetan, proiektu horren prototipoarentzat diru sail bat jartzera konprometitu gara. 11 proiektu aurkeztu dira. Nabarmendu nahi dut euskalgintzako eragileen lana: 60 bat lagun etorri dira prozesura.
Zerbait aurrera dezakezu?
11 proiektuen artean lau antzekoak dira, eta hor agian lotuko lirateke euskarazko zerbitzuak ematen dituzten enpresa-elkarteak, oso ezagunak direnak. 2deo-k izan nahi badu ikus-entzunezkoen esperimentaziorako laborategi bat, hemen ea sortzen dugun euskarazko edo euskararen hizkuntza politikari lagunduko dion zerbait.
Aldundian, Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plana 2018-2022 onartu duzue. Asko dago barruan egiteko?
Orokorrean, Gipuzkoako langile publikoen %86k ongi edo oso ongi hitz egiten dute euskaraz. Diputazioan, Hizkuntza Eskakizunen (HE) plana abian jarri zenetik, buelta eman zaio. Garai batean, langileen erdia baino gehiago zen HErik gabekoa; orain, erdiak baino gehiagok 3. eta 4. profila daukate. %97k lortuta daukate bere HE. Zelaia oso ona dago erabilerarako. Baina, noski, hor ere kontuan hartu behar da ikasketak zein hizkuntzatan egin diren, erosotasuna non duen… Plangintza honek jauzi bat egin nahi du, euskaraz egin dezaketenak euskaraz egitea lortu nahi da.
Orain 27 urte, 1991-1995 agintaldian, Euskara zuzendari izan zinen. Zer ikusi duzu aldatuta?
Orduan, justu, HEen kontua zebilen, eta handik hona buelta eman zaio egoerari. Sartzen diren langile gazteengan ilusio handia daukat, beste jokaera bat edukiko dutelako, eta hori aprobetxatu behar da. Hizkuntza Berdintasun zuzendaritza Diputatu Nagusiaren Kabinetean jarri izanak eragin handia duela ematen du. Gainerako departamentuek ikusten dute ekidin ezineko edo garrantzia eman beharreko alorra dela.
Euskalgintzan halako neke, ezin, gogaimen bat nabari da euskararen normalizazioaren borrokaren emaitza apalaz. Zuk sentsazio hori badaukazu?
Batzuetan, pertsonak oso inpazienteak gara, eta alderdi horretatik bai. Baina, pentsa, euskara batuaren 50. urteurrena ospatzen ari gara. Orain baino egoera askoz okerragoa zeukaten, eta, hala ere, lortu zuten zerbait egitea. Lehen jaurlaritzan, Pedro Miguel Etxenikek erabaki zuen hezkuntzan euskara batua erabili behar zela. Halako erabaki sinpleek asko aldatzen dute norabidea. Hizkuntza baten berreskurapenean 50 urte ez dira ezer, eta gauza asko egin dira. Hizkuntza gutxituak dauden beste nazioak ahozabalik gelditzen dira guk egindako aurrerapenarekin. Pazientzia eta pertseberantzia behar dira. Herri bezala ere, orain arte ailegatu baldin bagara, zerbaitengatik ailegatu gara. Euskaldunok tinkotasuna badugu, eta eutsi beharko diogu. Nire lema beti aurrera da.
25 urte barru, zer ikustea gustatuko litzaizuke?
Orain arte iraun baldin badugu, eta iraun bakarrik ez, hobetu egin baldin badugu, gaur egun askoz tresna hobeak dauzkagu aurrera egiteko. Ikerketa, jende prestatua, zientzia, sormena… Baina euskarari herri izaeraren sena lotu behar zaio. Bestela…
Ideia hori gehiago zabalduko?
Niri gustatuko litzaidake Euskal Herria estatu izatea. Batzuek esaten dute ez dela estaturik behar Europa honetan, baina estatu-izaerari ez dio inork uko egin. Hizkuntzaren berreskurapenaz aparte, kulturari lotutako erabakiak daude: hezkuntzan zer historia erakusten den, gure kulturako ezaugarriak… Gure hizkuntzatik eta gure izaeratik munduratu behar dugu. Ez gara besteak baino gehiago, baina gutxiago ere ez. Baina beste modu bateko izatea ematen diogu munduari.