Beasaingo Atanes janari dendako atean Belarriprest eranskailua jarria dute. Bertako Jose Antonio Atanesek dendan ikasi du euskaraz, eta beti euskaraz hitz egiten saiatzen da: «Belarriprest aspalditik naiz. 56 urte ditut, baina oraindik ez dakit ondo euskaraz, gainditzeko daukadan ikasgaia da».
Galiziera du ama hizkuntza: «Aita 14 urterekin etorri zen Galiziatik, Arabara. Handik Segurara etorri zen gero, eta segidan Beasainera. Arreba Seguran jaio zen eta ni, Beasainen, Loinatz baserrian. Gero pisua erosi zuten Foru kalean. Garai hartan eskolan ez zen euskara ikasten».
Atanesek dendan ikasi du euskaraz, nahiz eta duela 15 bat urte pare bat urtean euskaltegian ibili zen. «Fruta izenak, ‘zer nahi duzu’, ‘bihar eramango dizut’… euskaraz hitz egiten dugu dendan. Fakturak ere euskaraz betetzen ditugu. Telefonotik eta Whatsappetik ere euskaraz aritzen gara. Asko gustatzen zait euskara».
Eguneko ordu gehienetan euskaraz aritzen dira emaztea eta biak: «Bezero gehienak euskaldunak dira, eta gaizki edo ondo, baina euskaraz hitz egiten dugu dendan. Aditzak ondo esatea da guretzat zailena, batez ere orainaldiko formakoak».