Lanpostutik urtarrilean erretiratu zen Elixabete Garmendia Lasa (Ormaiztegi, 1953). Lanik ez du utzi, baina. Behinola politika sailetik ihes egin zuen kazetari hark, politikari baten biografia-liburua argitaratu du: Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari (Berria-Elkar-Jakin, 2018).Gai lokalak albiste zabal bihurtu ditu; eta zabalekoak, tokikotu. Gregorio Mujika, Ander Letamendia, Ormaiztegiko eskubaloiaren ikurtasuna eta hura ekarri zuen Pedro Sola, Juan Mari Intxausti gudari errepublikarra, aita Inazioren Lazkaoko jatorria… atera ditu hizpidera, sortetxeko egongelan; elkarrizketa hasi aurretik. Kafea kafeinagabea duela desenkusatu da. Ez hala diskurtsoa. Kazetari-begia zoli du; euskaldun-mihia, zehatz. Forman dotore eta egoki, beti.
Erretiroa hartuta, beraz?
Bai, bizibidea atera dudan lanetik. Urtarrilaren 17an bukatu nuen azkeneko nire lanaldia, eta luzeena, Euskal Telebistan. 1986ko urriaren 14an hasi nintzen. Aurretik Zeruko Argia-n, eta bost urte Diputazioan, Euskara Sailean lehenbizi, Euskara eta Kulturan gero, batutakoan.
Etsitzen duzu jubilatuta?
[Ufada] Bi gauza dira: bat, fitxatu beharrik ez izatea. Jeferik ez edukitzea ere inportante samarra da. Eta, hortaz, nahi dituzun gauzak egitea.
Kazetaritza utzi al liteke, bada?
Ez. Orain dela lau-bost urtetik Berria-n nabil, bi astetik behin, Iritzi sailean. Euskadi Irratian aurten hasi naiz, 15etik behin zutabe bat egiten. Eta Euskalerria Irratian astero zutabea egiten dut. 9. denboraldia dut. Tarteka, kolaborazio batzuk ere tokatzen dira; azkena, Jakin-en: 1970eko hamarkadan nola bizi izan genuen utopia.
Euskara eta kazetaritza banaezinak izan dira zure ibilian.
Bai. Unibertsitatera Iruñera joan nintzenean, elkarrizketan Gomez Anton irakasleak galdetu zidan zergatik nahi nuen kazetaritza ikasi. Euskarazko kazetaritza egin ahal izateko nahi nuela erantzun nion. Horrek etorkizunik ez zuela esan zidan. Irakasle oso ona zen, baina ez igarlea.
Gero, egia da, erdaraz egitea nahi baino gehiago suertatu zait. Askotan, gainera, Teleberri nola luzeagoa den Gaur Egun baino, albistea erdarazkoan sartzen zen bakarrik. Kasu horietan dezente mintzen eta haserretzen nintzen. Ez daukat erdaraz ez egiteko arrazoirik, baina Euskal Telebistan euskaraz lan egiteko sartu nintzen.
Libre aritu zara zure lanean?
Zeruko Argia-ren erredakzioan 1976an sartu nintzen. 1977an, Deia eta Egin sortu, eta Zeruko Argia hustu egin zen. Euskara hutsezko medioari eutsi behar zitzaiola pentsatzen genuen batzuk gelditu ginen. Martin Ugaldek gonbidatu ninduen Deia-ra joateko, baina ezezkoa eman nion. Talde gazte eta ausarta geratu ginen, baina refugium peccatorum ginenak. Askatasunez lan egiten genuen. Sarritan bronkak irabazi ere bai, eta ez alde bakarretik bakarrik. Erantzuna jasotzea izugarri ona da medioentzat; feedback horri, gainera, kasu egin eta erantzuten zitzaion.
Kazetari lanean, mihiari kosk askotan egin behar izan diozu?
Mingainari kosk egin behar izan diot, bai. Telebistan, behin, politikako gai bat nuen, eta saiatu nintzen bi aldeekin hitz egiten. EAJkoa ez nuen harrapatu; enkargua utzi, eta ezer ez. HBkoa bai. Haren grabazioa egin eta erredakziora etorritakoan, hara non esaten didaten EAJkoak gure jefa bati esan ziona kontatu behar nuela, eta HBkoarena ezin nuela sartu. Egun hartan erabaki nuen ez nuela balio Politika sailean egoteko. Eta uste dut jefeak ere konturatu zirela.
Hortik aurrera, mingainari kosk egin behar zaio. Nik ez dut eduki lehentasun modura dena, dakidan guztia kontatzea. Ezta gutxiagorik ere. Uste dut kazetariok ere konfidentzialtasuna gorde behar dugula; eta gauza batzuk ez dira esatekoak izaten. Etikak, deontologiak aginduta.
Zein izan behar du kazetariaren funtzioak XXI. mende honetan?
Kazetaritza oso modu sinplean definitzen dut: batzuek esaten dutena beste batzuei kontatzea. Eraman ezin dudana kazetaritza horia edo morboa da. Hori, inondik ere ez. Azkenean, gizartearen zatiak komunikazioan jartzea da kazetaritza. Baina komunikazioan, ez elkarren kontra edo sestran.
Nolanahi, kazetaritzaren profesionaltasuna defenditzen dut. Alegia, ikusi ditugu programak Zu kazetari eta halakoak. Aizu, zu mediku? Ez, ezta? Kazetariak derrigorrean fakultatetik pasatutakoa ez du izan beharrik —nahiz eta ikasketak ere defenditzen ditudan—, baina profesionala izan behar du. Ezin da edozein izan kazetari.
«Ez dut dakidan guztia kontatu. Kazetariok ere konfidentzialtasuna gorde behar dugu»
«Garaikoetxea lider bat da. Euskara zaletasuna eta maila intelektuala izugarria dauzka»
«Presoen kontua ja konpondu beharra dago. Ezin dira injustizia egoerak gehiago luzatu»
Gatozen Carlos Garaikoetxearengana. Noiz ezagutu zenuen?
Iruñeko euskarako gaueskoletan, 70eko hamarkadan. Garaikoetxea eta Sagrario Mina emaztea joaten ziren. Patxi Zabaleta zuten irakasle. Ez ziren gaueskolako ikasleen profil ohikoenekoak: biak dotoreak izugarri, uste dut gorbata eta guzti zihoala ikusi nituen lehen egun hartan… Jakin nuen Eaton Ibericako gerentea zela, Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea, Kontseilu Foraleko kidea, Principe de Vianakoa, Meca Miserikordia Etxearen juntakoa… Iruñean asko zen. Eta ikastolak bultzatzen zituen. Semeak San Fermin ikastolan zeuzkan, eta ni hara joaten nintzen umeak zaintzera, bazkal ondoren. Karlos eta Iban, bi seme zaharrenak ikastolan ezagutu nituen.
Behinola Politika sailetik ihes egin zuena, politikari baten biografia idazten.
Proposamena egin zidatenean Berria-ko Martxelo Otamendik eta Iñaki Petxarromanek, hitzetik hortzera eman nien baiezkoa. Oso tentagarria zen niretzat. Garaikoetxea lider bat da. Uste dut bere izatea oso ondo biltzen dela liburuaren izenburuan jarri dudanarkein. Diktadura ondoren autonomia estatutua negoziatu Suarezekin, lehenengo jaurlaritza osatu, administrazioa martxan jarri; eta, gainera, herri zentzu oso sendo batetik, nahiz eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa bakarrik zeuden marko horretan. Aldi berean, modernotasunetik. Hori oso inportantea izan zen.
Liburuaren lanketa garaian, nolako pertsona ezagutu duzu?
Politikariarengandik, konfirmatu dit lider bat dela. Maila intelektual izugarria du, eta gozamena da harekin hitz egitea;?ikasi egiten duzu. Bestetik, bere bizitzan konstante bat euskara zaletasuna izan du. Izugarria. Txikitan, amaren jaioterri Soraurenen konturatu zen euskara animaliei hitz egiteko bakarrik erabiltzen zutela. ‘Orduan, animaliek euskara ez dute galdu, ez direlako eskolara joan’ ondorioztatu zuen. Umorea du beste ezaugarri bat: fin-fina. Hizketan ari dela, diskurtsoa umorearekin trufatzen du, tarteka. Diskurtsoaren beste teknika batzuk ere baditu, anekdotak ondo lotzea, esaterako.
Politikaz solastatu zarete. Zuk nola ikusten duzu gaurko Euskal Herria, Europa, etorkizuna?
Taldeetan sartuta-eta militantea ez naiz izan. Kazetaritzan ibili naizen bitartean, oso kontuan eduki dut talde politikoetan ez egotea. Ez nuen nahi inorekin konpromisorik. Ni pertsona politizatua naiz, umetatik, etxe honetatik. Diputazioan egon nintzen garaian, egon nintzen Auzolan izeneko talde batean, hauteskundeetan zero-koma-pikoan gelditu zen proiektu batean. Klandestinitatean eduki nituen nire gauzak. Baina kazetaritza konpromiso politikoarekin, inola ez.
Orain hasiko da alde hori?
Ez, ez. Ez da hasiko. Militantzian, feminismoan ere ez dut militatu, eta uste dut beti izan naizela feminista. Erreferentziak oso gaztetatik izan genituen, Simone de Beauvoir eta. Baina militatzeko txarra naiz. Nik, kuadrillarik ere ez, eta militantziarik ere ez.
Kuadrillarik ez?
Ez. Noski, badauzkazu ikaskide izandakoak, lankideak… Baina kuadrilla kontzeptua eta instituzioa ez da niretzat egiten.
Politikaz ari ginen…
Konturatzen naiz nik aurrean daukadan perspektiba ez dela ikaragarri luzea. Nahiko nuke, hil baino lehen, nire Nortasun Agirian euskaldun nazionalitatea aitortuta edukitzea. Baina, gaur eta hemen, presoen kontua konpondu beharra dago. Orain. Ja. Ezin dira gehiago luzatu injustizia diren egoera horiek denak —sakabanatuta edukitzea, graduz ez aldatu ahal izatea…—. Ilegalitateak egiten ari dira Espainiako Administrazioaren aldetik.
Zer beste ildo dakusazu langai?
Bestea erabakitzeko eskubidea da. Hor, Gure Esku Dagori jarraitzen diot. Kolaboratu izan dut, eta azaroaren 18an, Donostian, azkenik botoa eman ahal izan dut [han bizi da].
ETA ‘urtu’ den honetan, uste dut ETAri buruz asko hitz egin behar dugula, gure artean. Denetarako. ETA ez da historiako lauzpabost lerro bakarrik izango, inolaz ere. 60 urte markatu ditu. Belaunaldi batzuk ETArekin bizi izan gara, eta horrek gure bizitza baldintzatu du, gehiago edo gutxiago. Hil zirenei erabat baldintzatu die, besteak beste. Gure heziketan, bizitzeko moduan, portatzeko moduan izan du eragina. Eta herri modura, zer esanik ez.
Zer eta non hitz egingo zenuke?
Hitz egin behar dugu, entenditu ahal izateko non eta zergatik okertu ziren gauzak. Ez bakarrik dauden foroetan, biktimen artean eta. Oso ondo ikusten ditut horiek denak. Azken aldian, Juan Mari Jauregiren alaba Maria atera da, esate baterako; ikaragarri estimatzen dut eman duen pauso hori. Guk Juan Mari laguna genuen [isiltasuna].
Gainera, konturatu naiz badaukala hitz egiteko gogoa eta beharra ETAren inguruan, garai ezberdinetan, ibilitako jendeak.