Nagore Belastegi
Gaur koloretako txapak jarriko ditugu paparrean. Batzuk ahobizi izango dira, beste batzuk belarriprest. Ez naiz etiketazalea eta oraingoan ere nahiagoko nuke halakorik ez eramatea, baina ulertzen dut Euskaraldiaren zentzua, oso ondo gainera, nire kontraesanak baditudalako. Gurasoak erdaldunak izanik haiekin beti gazteleraz egin dut, nahiz eta gutxi gorabehera euskaraz zerbait ulertzeko gai diren. Haien betiko lagunak diren bikote bat ere antzera dago. Alaba euskalduna da, ni bezala, baina txikitatik beti gure artean gazteleraz aritu gara, gurasoek ere ulertu zezaten, beraiek behin eta berriro euskaraz hitz egiteko agintzen baziguten ere. Egun, gure arteko elkarrizketak gazteleraz dira, nahiz eta jakin biok primeran egiten dugula euskaraz. Kuadrillako lagun batzuekin ere antzerakoa gertatzen zait, euskaran hain trebeak ez izateagatik, lotsa ematen dielako, lagun artean ausartzen ez direlako. Baina egin behar dutenean, moldatzen dira. Halakoetan konturatzen naiz ahobiziok dugula errua, euskarari ez eusteagatik, eta uste dut guk ere esfortzu txiki hori egin behar dugula, 11 egunetan ohitura berriak hartzea posible delako. Honekin, belarriprestak txalotu nahi ditut ez delako erraza erosoen sentitzen zaren hizkuntzatik ateratzea. Gure hizkuntzarekiko maitasun keinu bat bezala ikusten dut hau. Horregatik, haiek animatzen ditut ahobizi batek hizkuntzaz aldatzen duenean, berriro euskaraz mintzatzeko eskatzera, ahobiziak bai, baina burugogorrak ere bagarelako.
Iraia Oiarzabal
Gogoan dut gurasoek nola kontatu izan diguten askotan Frankismo garaian, haiek haurrak zirenean, barre egiten zietela gazteleraz ez zekitelako. Barreak erdeinu eta zigor ere bihurtzen ziren maiz gure hizkuntza eta kulturarekiko errepresioz jositako urte haietan. Horregatik, biziki pozten nau hainbeste urteren ondoren gure hizkuntzak bizi-bizi dirauela ikustea. Eta Euskaraldia bezalako ekimen ederrekin zabaltzen ahalegintzea, askotan oso osasuntsuak ez diren gure hizkuntza ohiturak irauliz. Gurasoak euskaldunak dira eta lehen hitza euskaraz izan da gurean beti. Lehenengo ahobizi haiek transmititutakoari ordea, noiz edo noiz izkin egin diodala aitortu behar dut penaz. Guk ere lagunartean gaztelera izan dugu beti nagusi nahiz eta eskolan denok ikasi dugun euskaraz. Etxean gazteleraz hitz egiten zutenek kalean ere hala egitea ulertzen zutelako naturalena. Eta bai, ziurrenik ez zutelako sentitzen guztiona den hizkuntzarekiko ahalegin txiki bat egiteko gogoa eta beharra. Euskaldunok, aldiz, sarri erori gara utzikerian, baina askotan presioak ere eragin digula uste dut. Euskaraldia joera horiekin apurtzera dator, ahobizion eta euskaraz hain ongi moldatu ez arren belarriak gu entzuteko prest dituztenen arteko harremanak sendotu eta elkarbizitza naturala sustatzera. Milaka eta milaka pertsona batu gara ahalegin horretara. Oxala hamaika egun hauek pasata, txapa paparrean edo gabe, horretan jarraituko bagenu!