Inaxio Usarralde
Euskaraldia dela eta, aholku xume batzuk zetozkidan burura, Joxepa, arreta norberaren buruan jarrita. 1. Egun batzuk joan ditun baina segi aztertzen hurbileko jendeak zein rol hautatu duen, jabetu zein aukera berri sortu(ko) zaizkigun. 2. Ahobizien arteko solasaldietan euskaraz, bai; belarripresten eta bien arteko elkarrizketetan, berriz, eutsi elkarrizketa elebidunari; denborarekin natural bihurtu behar ditinagu horrelako solasaldiak. Kosta egingo dun baina hortik zetorren arrakasta, ez ahaztu. 3. Nonahi delarik bilera, aztertu lantaldea, ohartu zenbat ahobizi eta zenbat belarriprest dauden. Gidaria bahaiz hasi euskaraz eta gonbidatu beste kideak, hala nahi duenak, euskaraz egin dezaten. Belarriprest bahaiz, jakinarazi taldekideei euskaraz egin dezaketela, ulermena segurtatua dagoela eta, hala ez bada, galdetzeko prest hagoela. Eremu zailetan urrats txikiekin gainditzen ditun oztopoak eta beldurrak. 4. Ariketa honetan ez gauden bakarrik. Bai lanean, bai kalean eta bai familian jende askok eman dinagu Euskaraldian izena. Parteka ditzagun hurbilekoekin geure bizipenak: bai baikorrak eta bai hain baikorrak ez direnak ere. Hartu lehenak indargarri eta, bigarren sailekoekin, konturatu zergatik ez den irten guk espero geninan moduan. 5. Eta hamaikagarren egunean, Euskararen egunean, ez dun ezer bukatzen. Eutsi aurreko egunetan arrakastaz joandako egoerei beren horretan. Hain ondo ez bada atera, berriz, aztertu zerk huts egin duen eta saiatu egoera beste modu batera bideratzen. Hori ez badugu egiten, aurreko egunetakoa kosmetika operazio hutsa izango huke, ez liken izango zentzurik…
Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio! Euskaralditisak jota gaudek, gaixoak gu … Elkarrizketa elebidunen alde egin duk, batak gazteleraz/frantsesez, besteak euskaraz, bakoitzak bere astoari, arre! Lanak emango zizkiguk, baina saiatu eta lortzen badugu, ez duk txarra izango: bi lagun elkarrizketan, bi hizkuntzetan, bietan batek euskaraz oso ondo ez dakielako, ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituelako (ez ditzagula nahastu elkarrizketa elebidunak eta euskañolezko solasaldiak …). Konforme. Guk euskaraz egiten badiogu, ikasten lagunduko diogula uste diat, euskarari lekua emango diogula, prestigioa, indarra, funtzio bat gizartean. Euskara erdigunean jartzeko urrats txiki bat izan zitekek. Funtzio bat aitortu, lagunartean komunikatzeko, ikertzeko, lanerako balio duela erakutsiz eta, horrenbestez, ikastera anima zezakeagu ondo ez dakiena.
Ikasteko motibazioa; ikasi denok, beharra badiagu eta. Belarriprestek bakarrik ez, Ahobizi izan garen euskaldun peto, erabat kontzientziatu, eguneroko hiztun eta militanteok ere badiagu zer ikasia, zer zuzendua, birziklatu beharra. Euskara ikasteko doakotasun-aldarria gero eta ozenago entzuten diagu eta, nahiago nikek euskara doan ikasteko aukera eta erraztasuna emango baligute, noski, ondoren ikasitakoa erabiltzera behartuz. Eskubideak eta betebeharrak, ondoan biak, biak behar dizkiagu. Horrela, bada, matrikulazio-epea zabaltzen denean, nik ere izena emango diat.
Euskaraldi gehiago izango dizkiagu, izan beharko dizkiagu. Murgil gaitezen, egunero, euskararen munduan! Animo eta zorionak!