San Andres jaien atarian, festen irrika ez duela lehen bezainbestekoa aitortu du Iñaki Leturiak (Ormaiztegi, 1970). «Ondo aprobetxatutakoak gara. Gaur egun, suari putz egin behar izaten diogu». Hiru semeekin gozatzen du orain: haiei segika futbol zelaietara, edo Elegante Eguneko trajea nola probatzen duten begira. Zoriontasunaren definizioa, aitak eman zion: «18 urte, San Andres bezpera eta 5.000 pezeta poltsikoan». Eta gustuko lana ziur edukitzea.
Ikasle garaian, ‘zientzietakoa’ ala ‘letretakoa’ zinen?
Zientzietatik joan nintzen. Urretxuko Iñaki Bastarrika lagunak esaten zuen Fisika eta Kimika fede kontua direla: aditutakoa sinistu, egin eta kito. Baina niri emaitzak desberdin ateratzen zitzaizkidan! Zientziak gustuko nituen, baina hobea nintzen idazten.
Handitan zer izan nahi zenuen?
Astronauta. Orain gutxi Herbehereetan izan gara Teknopolis grabatzen, Europako ESA agentzian. Astronautak han ibiltzen dira. Zer izan nahi nuen ez neukan garbi. Unibertsitate garairako banekien historiak kontatzen ona nintzela. Lehen aukera Kazetaritza jarri nuen, bigarrena Enpresa Zientziak.
Asko idatzi zalea zinen?
Testu iruzkinetan, idatzi, idatzi eta idatzi. Orria bete, eta segi. Irudimena nagusi. Esaerak dioen bezala, ‘konbentzitu ezin badituzu, konfunditu itzazu’.
Zer harreman zenuen zientziarekin?
Esperimentuak egiten baino gehiago, jakinmina neukan. Edozein arlori buruz, informazio mordoa irakurtzen nuen, harrapatutako guztia. Segurako osaba Ramon Leturiak Readers digest aldizkari amerikarrak zeuzkan, eta haiek leitzen nituen. Orain National Geographic hartzen dut. Denetik gustatzen zait.
Nola planteatzen duzu gai bat, ‘Teknopolis’-en lantzeko?
Jakin-minetik tiraka. Hau zergatik da horrela? galdetzen dut lehenengo. Eta gero bilatzen dut erantzuna eta horrekin lotutako historiak kontatzea. Nik ‘paketeak’ deitzen diet. Lazoa jarri, eta erreportajea hortxe duzu.
Kazetaritza Leioan eta Iruñean ikasi, eta zuzenean ETBra?
Ez. Lehenengo Euskaldunon Egunkarian ibili nintzen, Lasarten zegoenean. Lehenengo bekadunak izan ginen, Leioatik 3. kurtso ondorengo udan. 1991 izango zen. Dozena bat joan ginen. Ogitartekoa eraman eta bazkaltzen genuen, aurreko pinu azpian. Harro esaten dut Egunkaria-n lan egin nuela.
«Jakin-minari tiraka, ‘zergatik?’ galdetzen dut lehenengo, eta gero erantzuna bilatu»
«Jendeak nahiago ditu nobedadeak baino ondo egindako erreportajeak»
«Enpresaritzako kurtso batek balio izan zidan telebistan lanera sartzeko»
«Behin ere ez naiz langile finko izan. Urtetik urtera, zain beti. Bizimodu gogorra da hori»
Telebista munduak noiz harrapatu zintuen, orduan?
Karrera bukatutakoan, Madrilera joan nintzen telebista ikastera. Idatzi bai, baina telebista nuen buruan. Kurtso batzuk egin nituen, denetarik: kamera, ekoizpena, errealizazioa, dokumentazioa… Madril kapitala ezagutu genuen. Telebistako apustua nola irtengo zen ez nekienez, eta denbora neukanez, Enpresa Administrazioko kurtso bat ere egin nuen. Dena ahaztu zait, baina haren bidez hasi nintzen telebistan, Empresa Vasca-n.
Nola diren gauzak…
Bai, enpresako kurtso hark balio izan zidan. Gero Europa, Europa-n egon nintzen. Saio merkea zen, betetzeko. Bakarrik egiten nuen ordu erdia.
‘Bertatik Bertara’ saioan egin zinen ospetsu.
Goierritarra izateak lagundu zidan. Urretabizkaia ordiziarra zegoen, eta euskaraz ondo moldatuko nintzela eta, hasi nintzen. Euskaraz natural egiten duen pertsona bati ulertzen diogu behintzat eta… 9 urte egon nintzen han.
Harrezkero, zure ibilbidea telebistari lotua joan da. Goierri Telebistan ere aritu zinen.
Bai, beti telebistan. Goierri Telebistan asko ikasi nuen. ETBn ekoiztetxeak pil-pilean hasi zirenean, Bertatik Bertara ETBk ekoiztetik produktore batengana pasatu zen. Hasieran hitz politak ziren, ez zela ezer pasatuko… Baina leku aldatzea etorri zen, eta azkenean estutzea. Pribilegiatuak ginela entzutera iritsi ginen. Azken urtean, ez nindoala esan nien, nahiago nuen etxean gelditu. Goierri Telebistara joan nintzen, ikastera, kobratu gabe. Digitalizazioa zetorren: magneto bat izatetik, dena ordenagailuan egitera pasatu zen. Gero kontratua egin zidaten, eta lanean segi nuen. Goierri Telebistan ikasi nuen digitalean editatzen eta kamera maneiatzen.
Bizibide ezegonkorra, beraz.
Goierri utzi, eta Bi errepidean-era joan nintzen. Han ere kontratua urtetik urtera berritzen zuten. Egun batetik bestera programa kendu zuten, eta airean geratu nintzen. Bizimodu gogorra da hori. Behin ere ez naiz finko izan. Abuztu bukaeran, telefonoaren zain beti. Teknopolis-en kazetari bila zebiltzala ikusi nuen Interneten; epea arratsalde hartan bukatzen zen. Justu-justu bidali nuen, eta hartu ninduten gero. Kasualitatea zer den: ordu batzuen gora-beheragatik nago Teknopolis-en, jada 9 urtean.
Programak 20 urte bete ditu.
Elhuyar Fundazioko Beñat Kortabarria izan zen ideiaren sortzaile, orain Antzuolako alkate dena. Zientzia, teknologia eta dibulgazioa ardatz hartuta, Eusko Jaurlaritza eta Unibertsitatea inplikatu zituen, eta babesleak bilatu. ETBk ordutegia, emisioa eta kamera jartzen du.
Ezorduetan eman izan dute…
Ni hasi aurretik, igandean 20:00etan ematen zuten. Relax unea zen: Teknopolis lasai ikustea asteburua bukatzeko era zen. Eta funtzionatzen zuen. Baina telebistak gehiago nahi izaten du, eta futbola jarri zuten. Urte batzuk kasu gutxi eginda pasatu ditugu ETBren aldetik. Iraun dugu, eta ikusi dute ezkutatuta ere bazeukala bizia programak. Ordutegi normaltxeago batean jarri dute, eta jendeak ikusten du.
Aurten, 21. denboraldian, zer berritasun izango du saioak?
Segitzea. Jendeari gehiago gustatzen zaio nobedade ikaragarriak baino ondo egindako erreportajeak, gai interesgarriekin. Gure balioa hori da.