Joan den astean Beasainen eman zuen hitzaldian Andoni Egañari entzun genion Euskaraldiak aukera paregabea emango zigula euskaldunoi –euskal hiztunoi–, kaleko hartu-emanean guregan ohikoa ez den jarrera batekin agertzeko: «harrotasuna». «Euskararen gaur egungo drama handienetakoa da harrotasun gutxi dugula. Historian lehen aldiz euskarazko elebakarrik ez egon arren –hamar urte arteko haurrak aipatu zituen salbuespen gisa–, euskaraz hitz egiten segitzen dugu. Hori berria da euskaldunontzat. Harrokeriarik gabe, harrotasun hori kalera eramango dugu».
Gogoeta polita iruditu zitzaidan. Batetik, euskaldunok sarritan erakusten dugun jarrera uzkurra edo hiper-edukatua agerian uzten duelako. Bestetik, Euskal Herri osoan Euskaraldiak proposatu duen ariketaren kolektibotasunari erreparatzen diolako. Lehen hitza beti euskaraz eman eta ahal den guztietan euskarari eutsi; segur aski herritar askok aspaldi hartutako erabakia da hori. Baina modu kolektiboan hainbeste lagunek armairutik irten eta jarrera hori beren bizitzara ekartzeko pausoa ematea, hori berria da.
Ez nuke aurreratu nahi. Erakunde eta euskalgintzako eragileek elkarlanean antolatu duten egitasmo honen eragina neurtzeko okasioa izango dugu aurrerago ere. Azterlana abian dute jakiteko ea euskararen erabilerak jauzirik ematen ote duen eta, hala balitz, balizko aurrerapen hori zein neurritakoa den. Badirudi, hala ere, ari zaigula laguntzen gure hizkuntza ohiturei buruz gogoeta egiteko. Norbere ispilu linguistikoaren aurrean jarrita, erabaki berriak hartu edo lehenago hartutako haiek berrikusteko.
Joan den egunotan bi urteko semea sumatu dut abuelo eta abuelarekin elkarrizketa bizian. Txikiak euskaraz, dagoeneko nahiko garbi, egiten ditu bere bizitzako lehen hitzak. Haiek, berriz, tutik ere ez ulertuagatik, ondo konpontzen dira bilobarekin. Lehenak, xalo, ez daki zer den Ahobizi izatea, eta aiton-amona maitekorrek, berriz, Belarriprest hitza sekula ere ez dute entzun. Euskararekin ere kontakturik apenas edukiko zuten beren bizitza osoan. Eta hala ere ez da falta konplizitaterik haien artean. Zer den elkar ulertzeko gogoa eta jarrera irekia, errespetuzkoa, edukitzea! Horixe baita elkarren berri izan eta komunikatzeko premisa nagusia.
Orain arte nahiko bakanak izan dira gure kale, etxe eta lantokietan solasaldi elebidunak. Katalunian, esate baterako, nahiko arruntak direnak. Batek euskaraz hitz egin eta besteak, esandakoa ulertuta, gaztelaniaz erantzutea. Edo alderantziz. Ohikoa –edo behintzat ohikoagoa–bihurtu daiteke solasaldi mota hori, hamaika egun hauen ondoren Euskaraldiko printzipioak aplikatzen jarraituz gero. Batzuen ustez komunikatzeko molde naturala ez dena, gizarte eleanitz batean elkarbizitza eta elkar errespeturaren erakusle da. Eta, xelebre edo freak samarra badirudi ere, halako erlazio linguistikoak gozamen eta dibertsio iturri bihurtu daitezke eguneroko bizitzan.
Euskaraldiko liburuxkak artez jasotzen duenez, gero eta pertsona hurbilagoak izan (senideak, lagunak, etab.), orduan eta zailago egiten zaigu hizkuntza ohiturak aldatzea eta inertziak gainditzea. Horregatik merezi dute aitortza eta esker-ona gure artean izan diren eta ditugun hainbat belarriprestek. Euskara haien seme-alabekin eta bikotekideekin eguneroko solasean ikasi dutenek. Esan nahi duguna ulertu bai, baina hitz egiteko nahikoa segurtasun ez edukita ere, euskaraz egitera animatzen gaituzten horiek. Baliteke Euskaraldiaren edizio honetan gutxi izatea rol hori aukeratu dutenak. Baina haien jarrera gizalegezkoak ematen digu besteoi gure hizkuntza nahi bezain aske eta bizi erabiltzeko aukera.
Egun hauetan flash baten moduan etorri zait burura Donostiako Egia auzoan, Cristina-Eneako lorategiko burdinazko hesi zaharretan, zintzilikatu egoten zen kartela. Goizero-goizero han zegoen irakurgai, lanera bidean bizikletan bertatik pasatzean. Ez dakit baduen autore jakinik, ezta euskara jatorrean esana dagoen ere. Ez zen, baina, alferrikako mezua, eguna hasteko abisu edo gogorarazpen ederra. «Jakingo bazenu zein ederra den zu euskaraz mintzatzen entzutea», zioten Cristina-Eneako murru ilunek. Euskaraldiaren ondoren, agian, beste esaldi honekin osatu beharko genuke: Jakingo bazenu zein ederra den euskaraz mintzatu eta aditzen duzunean.