Joxe Mari Iparragirre institutuko ikasleek osatutako Beeee taldeak irabazi zuen aurreko astean Goierri garaiko Beldur Barik bideo lehiaketa. Ane Delgado, Arritxu Etxeberria, Sara de Pedro eta Amaia Zumarraga taldeko lau kide dira, denak 16 urteko urretxuarrak, eta guztiak feminismoan haziak.
Estereotipoen aurkako bideo bat aurkeztu zuten lehiaketara. «Estereotipoak adin guztietan daude. Gazteok gure artean ere baditugu estereotipoak, eta horiek apurtu nahi genituen», azaldu du Zumarragak. Beraien hitzetan, ezarritako estereotipoekin bat ez datorren pertsona deseroso sentitzen da, lekuz kanpo. «Kostata baina egunen batean amaituko dira estereotipoak», baieztatu du Delgadok, eta de Pedrok gaineratu, «Askotariko ideiak izan genituen, baina guztiak bat gentozen estereotipoen gaiarekin».
Lanketa ikastetxean
Ikasleen ustez, Beldur Barik eta estiloko kanpainak eraginkorrak dira. «Saria gutxienekoa da. Azken finean, lagun artean ongi pasatuz feminismoa landu dugu», dio Zumarragak, eta gainerako ikasleak parte hartzera animatu ditu; eskolan ere lantzen dute berdintasuna, baina gehiago landu beharko litzatekeela diote. «Aurkeztutako bideoa etikako klaserako egin genuen iazko ikasturte amaieran. Orduan landu genuen feminismoa, eta uste dut ordu gehiago behar dituela. Halere, ikasle gazteagoek ikusi gintuzten grabatzen, eta azken emaitza ere ikusi dute, eta beraiek kontzientzia gehiago dute halako gauzekin», nabarmendu du Etxeberriak.
Ikasgelan emakumezkoak gehiengoa dira, eta feminismoarekin kontzientziatuta daudela diote. Halere, argi utzi nahi dute ez dela soilik emakumeen ardura: «Estereotipoen gaiak ere erakartzen ditu mutilak. Beraiek ere ongi pasa zuten grabatzen». Beeee taldean zazpi emakumezkok eta bost gizonezkok hartu zuten parte, baina mutil guztiek ikasketak beste nonbait jarraitu dituzte.