Maider Del Olmo Zubeldia
Kazetari batek ez omen du inoiz «ez dakit» esan behar. Hori nabarmentzen zigun irakasle batek unibertsitatean. Hau da, hobe zela edozein modutan izkin egitea galdetzen zigutenari, «ez dakit» esatea baino. Ezkutatu egin behar zela ezjakintasuna. Orain pentsatzen jarrita, ez dakit hori oso koherentea den etorkizuneko kazetarioi eskatzen zitzaigun zintzotasunarekin, etikarekin eta egiari zor zitzaion errespetuarekin.
Ez dakit, gainera, zergatik egin ote nion kasu. Kontua da gure azken kolaborazioa izango den honetan, ez dakidala nola agurtu jendea, GoiBerri-ko irakurleak, ez baitakit zein erakargarritasun izan dezakeen, egun, paperean idatzitako testu soil batek, esaldi multzo batek. Begiratu batean, gutxi, ideien aberastasunagatik ez bada behintzat. Ideien transmisioa posible egiten badu ere, itxura aldetik, grazia gutxi du testuak. Sorpresa efekturik batere ez. Erabat aurreikus daiteke forma: hitzak bata bestearen segidan, lerroak goitik behera, letra tipoa errepikatu egiten da, berdin tamaina… Aspergarria dirudi. Ez da Korrika 21aren kanta bezalakoa. Dagoeneko egun batzuk pasatu dira bideoa lehendabizikoz ikusi nuenetik, eta «ez dakit» erantzuten jarraitzen dut gustatzen zaidan galdetzen didatenean.
Ane Azurmendi Lasa
Nik ere ez dakit zure mezuari nola erantzun. Tarteka gertatu zaidan moduan, oraingoan ere, zurea irakurri eta ez dakit zer modutan jarraitu. Eta, ez dakit nola agurtu GoiBerri-ko jendea. Urte luze honetan gustura aritu gara, baina, hemendik aurrera pozik segituko dut irakurle moduan.
Nik ere ez dakit zer iruditzen zaidan Korrikako azken bideoklipa. Baina Korrika iristeko gogotsu naiz. Aurten ere, jende andana elkartuko baikara: euskaldun berriak, euskaldun zaharrak, euskaldun zahar-berriak eta berri-zaharrak. Guztiak kultura eta jatorri askotakoak, zorionez, gero eta gehiagotakoak.
Ez dakit txapa jartzeak Euskal Herriko mapa linguistikoa aldatu ote duen, inguruan, behintzat, lehenengo hitza euskaraz egiten dugunak asko gara, gero eta gehiago.
Baliteke jai ereduak zalantzan gero eta maizago jartzea, nik, ez dakit, aldiz, horrela izatea gustatuko litzaidake: festak gero eta justuagoak eraikitzea.
Badakit presoen senideen bidaiak ez direla amaitu, ez dakit, ordea, noiz demontre izango diren azkenak.
Iñigo Cabacasen gaineko epaiak sortutako haserre handiaren berri izan dut; ez dakit, baina, erabakitakoarekin baten bat harritu ote den.
Ez dakit Olariusen omenaldiak jende asko elkartuko duen, behinik behin, badakit askok omentzen dugula eguneroko txikitasunean.