Txikitan amestu bezala, Nagore Prieto (Zumarraga, 1981) ile apaintzailea da, eta Eitza auzoan dagoen Itxura ile apaindegian lan egiten du Africa Cuesta, Sonia Lopez eta Mentxu Rodriguezekin. Lantalde paregabea, eraginkorra eta leiala osatzen dutela, eta bezeroak asko zaintzen dituztela dio. Arreta berezi horren ordaina, iaz Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta aldundiak eman zieten Singular Dendak zigilua da. Baina harekin poztu bazen, are gehiago duela gutxi Gipuzkoako Ganberak bere ile apaindegia lurraldeko 10 bitxiak zerrendan sartzearekin. Itxurak 25 urte beteko ditu 2019an.
Zein da zure espezialitatea?
Ile luzea gustatzen zait, eta batez ere ile bilduak egitea.
Zer dago orain modan?
Adats motzak, baita ile motz-motza ere. Eta kolorea.
Zein kolore?
Ile horia, platinoa, zilar kolorea.
Zaletasun bat.
Nire lana, eta buruari atsedena emateko, korrika egitea. Lilatoia, Behobia, San Silbestrea… egiten ditut.
Pelikula bat.
Titanic.
Musikari eta abesti bana.
Manolo Garcia eta bere Pajaros de barro.
Oporretarako leku bat.
Hondartza eta eguzkia dituena.
Janari eta edari bana.
Edozein arrain, eta ardo beltza.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Itxura, 10 bitxiak aitortza eta duela 10 urte Kursaalen egindako ile apaintzaile lehiaketan irabazi nuen bigarren saria.
Amets bat.
Lanean jarraitzea.
Zerk eragiten dizu irribarrea?
Jendeak orokorrean.
Goierriko txoko bat.
Larraitz.
Herriko alkate bazina…
Herritarren alde lan egingo nuke.
Zumarragan biziko ez bazina…
Ez dut inoiz pentsatu beste leku batean bizitzea.