Ordiziako Garaguneko erabiltzaileek Herriak Elkarlanean erakundeak Ordizian duen denda irekiko dute abenduko ostiral guztietan. Gaitasunak lantzeko ariketa izango da eta herritarrekin harremanak estutzeko ere balioko du.
Ordiziako Garaguneko kideek urtean zehar egiten duten lanketarekin jarraituz, bestelako ekimen bat jarri dute abian abenduan. Ordiziako Legazpi kaleko 4 zenbakian, Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak duen denda irekiko dute ostiralero, 10:30etik 12:30era. Bertan, bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte. Gabonak ere gertu daude, eta gertukoenei opariak erosteko toki aproposa izan daiteke.
Esperientzia badute Garaguneko erabiltzaileek salmentetan, izan ere, hilabetero bigarren asteazkenean, postua jarri ohi dute Ordiziako azokan, bidezko merkataritzako produktuak saltzeko. Txokolateak, kafea, gailetak, pitxiak, zapiak, kremak eta bestelako produktu asko dituzte aukeran. Bidezko merkartaritza, naturarekin eta pertsonekin errespetagarriak diren ekoizpen bideak jarraitu dituzten produktuek osatzen dute.
Garaguneko erabiltzaileentzat «esperientzia oso positiboa» dela nabarmendu du Asun Jauregi arduradunak. «Herritarrekin harremana izateko jarduera oso ona da eta erabiltzaileek gaitasunak ere lantzen dituzte horrela».
Abenduan, ostiralero, dendan egongo dira herritarrei ahalik eta arreta onena eman asmoz. «Dituzten gaitasunen arabera banatzen ditugu zereginak: batzuk ongi etorria eman, besteek dendan zer dagoen erakutsi edo erositakoa kobratzen dute». Azokan jartzen duten postuarekin «helburuak lortzen» ari direla dio Jauregik,«inklusioa».