Ez naiz urte bukaeretako balorazioak egiteko zalea. Hotzean begiratuta, Urtezahar egunetik Urteberri-egunerako aldaketa, egun arrunt batetik besterakoa bezalakoxea da. Egia da, ordea, mundutik isolatuta, zeharo bakarturik bizi ez bagara, nahitaezkoa zaigula –ustekabean, besterik ezean– urte batetik besterako aldaketaz hausnartzea.
Ez da seinale txarra, gainera: geure buruaren jabe, egoeraz kontziente eta batez ere norberak bere baitako iritzia emateko askatasuna dugun bitartean, ondo bizi gara! Ez da kontu hutsala: 2018an ere, hil zait maite nuenik; bizitza bete-betetik heriotzaren atarira bat-batean gertatu, baina zorionez bizirik dirauen lagun ona ere badut, ordea, aurten, gure osasunaren zaintzaileen lan eskergaz.
Horiek, gertu-gertutik bizi ditugun egoerak direlako eragin digute: maite genituelako/ditugulako. Bai, baina baita ere, gu geu horien lekuan egon gintezkeela ikusarazten digutelako, kezkatzen gara. Ez dugu, maite dugunik hil dadin nahi; ez dugu, maite dugunik gaixotzerik nahi. Geuk ere ez dugu gaixotu nahi; geuk ere ez dugu hil nahi, oraindik.
Gertu-gertuko hildakoek eta gaixoek sorrarazten dizkiguten atsekabeak eta minak dira horiek. Ba al dute parekorik, ordea, gure mundu ñimiñotik haraxeago, geure zilbor-hestetik oso urrun antzematen ditugun egoerek eragindakoak direnean milioikadaka baztertu, gaixotu, hildako eta eraildakoak? Berezko hondamendi, zorigaitz edo katastrofeek gaixotu, elbarritu, miseria gorrian utzitako edo hildakoek ere mugi ditzakete gure erraiak. Baina gizakiak, alegia, arrazonatzeko gaitasuna omen duen primateak hurkoari eragindako ankerkeriak galarazteko gai, ba al gara? Ala, horiek ez dizkigute barruak behar adina asaldatzen?…
Ezagutuko ditugu urte bukaera oro bezala, agintea duten politikoen erabakiz (eta erabaki nahi ezak) baztertutako, umiliatutako, gaixotu arazitako, hildako eta eraildako pertsonen kopuruak. Giza eskubideen urratzeak (urratzeak ez, ezabatzeak) zenbakitan emango dizkigute: urteko zenbateko osoa, eta batez bestekoz egun bakarrera ekarriak, zenbakiak errazago digeritzeko moduan.
2018tik 2019ra ez da ezer aldatuko, eta adibidez, gizatxar aberatsek etekinik atera ezin diezaieketen izaki ezdeusei, miseriari ihesean, gau ilunean itsasoak urperatuko dizkie duintasunez bizitzeko esperantza ez ezik, euren etsipenezko begiradak; maitatuak izateko pretentsiorik ere izan ez dutenen gorputz atal oso-osoak. Gure ezkutuan, isilpean, baina batez ere, gugandik urruti.
Eta gertuagoko antzeko egoerei, beste aldera begiratuz egingo diegu aurre: guri ez baitzaigu inoiz osasunik faltako, dirurik faltako, nork maitaturik faltako, askatasunik… faltako. Osasuna, dirua eta askatasuna ditugunontzat, beti besteak dira gaixoak, txiroak eta jazarriak. Baina batez ere, beti besteak, eraildakoak…
Bien bitartean, aurten joan zaizkidan lagunak gogoan, ondo ezagutzen dudan aipatutako nire lagun maite horrekin arituko gara berriz ere kontu-kontari: bere bizitzari eusten lagundu dioten osasungintzako gizon-emakumeenganako esker onez alde batetik, eta ezezagunak akabatzen dituzten ezagun maltzurrak madarikatuz, bestetik. Kafe beroaren lurrinean, ahal bada beti bezala lehenengoa urtarrilean. Horixe, aurten behintzat, nire eskaera urte berriari: 2019, bihar ezin bada, etzi.
Bizitza maite dugunok ez dugulako etsiko, eutsiko baizik, geureak zaintzeari eta besteenak errazteari.