Aitor Mendiak (Mexiko Hiria, 1995) pedagogiaren bidea hartu zuenean ez zuen espero Euskal Herriko Unibertsitateko espedienterik onenetariko bat izango zenik. Errekuperazio bat baino gehiago egindakoa da, baina benetan gustuko zerbait ikasten hastean gora egin dute bere notek. Abenduaren hasieran jaso zuen EHUren aitortza.
Gutxik esan ahalko dute EHUko espedienterik onenetariko bat direnik.
EHUko gradu bakoitzeko bi espediente onenak saritzen dira. Polita da halako sari bat jasotzea, egin dudan lan guztiak zerbaiterako balio izan duela ikusten duzulako.
Harro egoteko modukoa da.
Denek esaten didate berdina. Egia esan, azken lau urteetan gogotik lan egin eta gero gustura hartzen da halako aitortza bat.
Jende askok zoriondu al zaitu?
Nire ingurutik eta unibertsitate mundutik harago heldu da berria. Gainera, elkarrizketa bat edo beste ere eman dut, eta horrek ere zabaltzen du albistea. Herrian behintzat denak jabetu dira.
Zein da horren nota onak ateratzeko gakoa?
Egiten ari zaren hori gustatzea. Azken finean, ordu asko sartu behar dituzu, eta gustura egiten baduzu dena errazagoa da. Sufritzen ibiliko banintz, ziur, ez nukeela horren espediente onik izango.
Argi zenuen pedagogia ikasi nahi zenuela?
Batxilergoan psikologia eta pedagogiaren artean duda-mudatan ibili nintzen. Bietako bat aukeratu behar nuen, eta azken unean pedagogiaren alde egin nuen, baina ez naiz batere damutzen.
Beti izan zara ikasle ona?
Inondik inora, galdetu bestela nire guraso eta irakasleei. Ikasturte guztietan izan egin behar izan nituen errekuperazioak, eta irakasgai guztietakoak. Baina esan bezala, benetan gustatzen zitzaidana ikasten hastean inoiz baino gogotsuago ekin nion ikasteari, eta horri esker lortu ditut nota horren altuak.
Ez dakienari, nola azalduko zenioke zer den pedagogia?
Hezkuntzaz arduratzen den zientzia da. Hezkuntza prozesua aztertzen dugu, nola hobetu daitekeen jakiteko. Baina ez gara soilik eskolan umeei ematen zaien hezkuntzaz arduratzen, edozein testuingurutarako balio du gure lanak.
Pedagogiaz esan ohi da, hezkuntzaren bidez nolako herritarrak hazi nahi ditugun erabakitzen duen diziplina dela. Bat zatoz?
Erabat. Unibertsitatean zer ikasi aukeratu behar nuenean nire buruari galdetu nion ea zein lanbiderekin egingo niokeen ekarpenik handiena gizarteari, eta hezkuntza oinarrizkoa da zentzu horretan.
Nolako herritarrak hazi nahi dituzu?
Galdera zaila da, egia esan. Baina besteengan pentsatzen duen gizarte bat gustatuko litzaidake. Halere, hori ez dugu soilik pedagogiarekin lortuko, alor asko batera joan behar gara. Eta kalean lan egin, ez baita nahikoa bakoitzak bere bulegotik jardutea.
Pedagogian lan–mundua nola dago?
Nahiko beltz, baina nirekin graduatu ziren ikaskide batzuk jada badabiltza lanean. Lana topatzeko esperantza badugu.
Ikasten jarraitzen duzu, ezta?
Ikerketa master bat ikasten nabil, izan ere, gerora ikertzaile eta irakasle izatea gustatuko litzaidake.
Zeintzuk dira pedagogiaren etorkizuneko erronkak?
Euskal Herri mailan gure bidea landu behar dugu. Beti kanpora begira gaude, eta hori ez da txarra, kanpoan oso gauza interesgarriak daudelako, baina gure testuinguruaren arabera pentsatu behar dugu guri zer komeni zaigun jakiteko.