Osagaiak
- Bieirak
- Tipula
- Piper berdea
- Piper gorria
- Patatak
- Etxean egindako tomatea
Prestaketa
Lehenik hiru kremak egingo ditugu bakoitza bere aldetik. Hiru zartaginetan tipula txikitua erregosten jarri. Gorritu direnean batean piper berdea, bestean piper gorria eta hirugarrenean patatak gehitu. Egiten direnean bakoitzarekin purea egin. Honela pure bakoitzak bere kolorea izango du. Labeko paper gainean pure bakoitza zabaldu eta labean sartu lehortu arte. Honela 3 kremak testura berezia izatea lortzen da.
Zartagin batean julianan ebakitako tipula gorritu eta bertan bieirak egin. Ondoren bieirak plantxan markatu kolorea har dezaten.
Aurkezpena:
Platerean hiru krema xafla jarri, eta gainean bieirak eta tipula pixka bat. Etxean egindako tomate pixka batekin lagundu.
Mokadu goxoak jateko lekua
Ordiziako plazako kantoi batean dago Pottoka kafetegia. Bertako sukaldean «bizitza osoa» darama Alaitz Zurutuzak, eta maiatzaz geroztik berak du Pottokaren ardura.
Astelehenetik ostiralera eguerditan –osteguna atseden eguna da– eguneko platera eskaintzen dute, asteburuetan berriz, errazioak, entsaladak, plater konbinatuak, etxean egindako azkenburukoak… Eta pintxo ugari ere bai. «Astebururo saiatzen gara pintxo bereziren bat ateratzen», adierazi du Zurutuzak.
Garaian garaiko produktuak erabiltzen dira Pottokan, eta garrantzi handia ematen diote ingurukoak izateari: Iztuetako jogurt eta izozkiak, baserriko arrautzak, Lumagorri oilaskoa…
Pintxoetan, ganben broxeta, foiea, momentuan egindako tortillak aipa daitezke;?errazioetan, albondigak, tripakiak, masailak…; plater konbinatuetan, itsas zapo eta ganben broxetak arrakasta handia du. Entsalada hotz eta beroak ere badituzte. Orain hanburgesa berria atera dute, legatza eta algekin egina.