Ion Madina Albisua (Zumarraga, 1967) urologoa Espainiako estatuko 50 sendagile onenen zerrendan sartu du medikuntzako profesionalen eta zentroen Top Doctors direktorioak . Donostiako Madina&Azparren kontsultan, Onkologikoan eta Madrilgo Santa Elena klinikan lan egiten du.
Oso argi al zenuen sendagilea izan behar zinela?
Izeba eta osaba batzuk medikuak ditut. Nire ustez horrek hazia erein zuen. Gainera, nire arreba Mariajek ere medikuntza ikasi zuen. Ez dakit bokazioa noiz azaldu zen, baina ikasketak hautatzeko garaia heldu zenean oso argi nuen medikuntza ikasi nahi nuela. Hala, egunero oso gustura joaten naiz lanera. Eta hori, gaur egun, luxu hutsa da.
Arreba ere medikua dela esan duzu.
Nik baino urte bat gehiago du. Anestesia espezialitatea egin zuen eta Zumarragako Ospitalean lan egiten du. Nik ere bertan lan egin nuen. Urte horietan arrebarekin lan egin nuen: bera anestesista bezala eta ni zirujau bezala. Anaia gazteena, Xabier, ez da medikua, ingeniaria da.
Lehen pausoak Zumarragan eman al zenituen?
Ez. Egoiliar bezala, Madrilgo Gregorio Marañon Ospitalean eta Murtzian. Ondoren, Donostiako Ospitalean hasi nintzen lanean. Handik Zumarragara joan nintzen, Urologiako buru bezala. Bost urte eman nituen Zumarragan, 2007-2008 arte. Azkenerako Poliklinikan eta Zumarragan lan egiten nuen, gehiegi zen, eta arlo pribatuan bakarrik lan egitea erabaki nuen. Zumarragan eta Poliklinikan lan egitea nekagarria zen. Zumarragatik 15:00etan irteten nintzen, ondoren Donostiara joaten nintzen, 22:00etan etxera itzultzen nintzen… Egun Donostian bizi gara, baina seme-alabak jaio zirenean Legazpin bizi ginen. Legazpiarrak direla esaten dute.
Donostian kontsulta duzu, Javier Azparrenekin.
2004an ireki genuen. Azparren Urologia espezialitateko lehen urtean ezagutu nuen. Bera bigarren urteko BAMEa (MIR) zen. BAME osoa elkarrekin egin genuen. Lagunak egin ginen. Ospitaleak aldatzen ari dira, baina lehen oso piramidalak ziren. Oso zaila zen gora egitea. Hori dela eta, kontsulta irekitzea erabaki genuen. Poliklinikan hasi ginen eta 2014an San Martin kaleko kontsulta ireki genuen. 2015ean Poliklinikan aldaketak egon ziren eta Onkologikora joatea erabaki genuen. Kontsulta San Martin kalean dugu eta operazioak Onkologikoan egiten ditugu.
«Izeba eta osaba batzuk medikuak ditut eta horrek hazia erein zuela uste dut»
«Arrebarekin lan egin nuen Zumarragan: bera anestesista eta ni zirujau»
«Lehen ospitaleak oso piramidalak ziren eta benetan zaila zen gora egitea»
«Urologian aurrerapen asko zetozen eta teknologia asko gustatzen zait»
Zergatik aukeratu zenuen urologia espezialitatea?
Hasieran anatomia patologikoa aukeratu nuen. Bi urte eta erdi eman nituen horretan. Gaixoekin hartu-emana behar nuela konturatu nintzen eta urologiara pasa nintzen. Kontsulta asko gustatzen zait, baina ebakuntza-gela ere bai. Gure espezialitatean, batzuetan kontsultan zaude eta besteetan ebakuntza-gelan. Gainera, banekien urologian aurrerapen teknologiko asko egon behar zirela eta teknologia asko gustatzen zait.
Zer eskaintzen duzue zuen kontsultan?
Espezialitate hau gizonezkoentzat bakarrik dela dirudi, baina ez da hala. Giltzurrunak, ureterra eta maskuria denok ditugu. Gizonezkook prostata arazoak ditugu eta emakumezkoek inkontinentzia arazoak. Horretaz gain, sexualitatea dugu. Hori guztia urologiaren arloan sartzen da. Goiz batean arazo ezberdinak dituzten pazienteak artatu ditzakegu. Gure lana oso bariatua da.
Teknologiak garrantzi handia duela esan duzu.
Urtetik urtera makina berriak sortzen dira eta horiek erabiltzen ikasteko prest egon behar gara. Guk hamar urte daramatzagu dagoeneko robotikan. Makinak asko aldatu dira urte hauetan guztietan. Oso mundu polita da.
Robotikan oso trebeak zarete eta Euskal Herritik kanpo lan egiteko ere deitzen dizuete.
Egun garai batean baino gutxiago irteten gara, toki guztietara ezin baikara iritsi. Lehen Madrilera eta Alacantera joaten ginen eta egun Madrilera bakarrik joaten gara. Dena den, joateari utzi nahi diogu.
Urologia sexuarekin oso lotua dago. Jendeak urologoarengana joateari lotsa galdu diola uste al duzu?
Egun gehienak bere bikotearekin etortzen dira. Oraindik urduri samar etortzen dira. Eskua ematen diezunean, eskuak hotzak dituztela ikusten duzu. Dena den, tratamenduak daudela esaten diezunean, lasaitu egiten dira. Pazienteak bikotearekin etortzea gustatzen zaigu. Duela urte batzuk bakarrik etortzen ziren, prostatari buruz hitz egiten hasten ziren eta azken minutuan erekzio arazoak aipatzen zituzten. Egun bikotearekin etortzen dira erekzio arazoez hitz egitera eta hori oso positiboa da. Izan ere, tratamenduak askoz ere eraginkorragoak dira bikotearekin batera lantzen badira.
Isurketa arazoak, prostata arazoak, inpotentzia, eiakulazio goiztiarra… lantzen dituzue. Horiek klasikoak dira. Zuen webgunean bagina gaztetzeak egiten dituzuela ere jartzen du.
Alde batetik, isurketekin bukatzeko egiten da. Izan ere, urteekin baginak elastikotasuna galtzen du, atrofiak sortzen dira… Hego Amerikan eta Estatu Batuetan, berriz, ezpainak gaztetzea modan jarri da. Hori ere egin dezakegu, baina Euskal Herrian jendeak ez du hori eskatzen. Ez da estetika kontua bakarrik. Erditze asko izan dituzten emakume batzuk baginak emanda dituzte eta sentsibilitatea galdu dute. Operazio estetikoak eta funtzionalak dira.
Zer egin daiteke arazoen sorrera atzeratzeko?
Zenbat eta gehiago zaindu, arazoak beranduago azalduko dira. Tentsio altua dutenek, diabetesa dutenek, erretzaileek, pisu altua dutenek… erekzio arazoak izateko arrisku gehiago dute. Gaizki egindakoek bizitzako azken urteetan faktura pasatzen digute.
Estatuko 50 mediku onenen zerrendan zaude.
Hor egotea lagungarria da, gure egoarentzako eta pazienteentzako. Pazienteei lasaitasuna ematen die medikuak sariak dituela jakiteak. Gauzak ahalik eta hobekien egiten, ikasten… saiatzen naiz.