Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio! Hemen gatozak, zaharrak berri. Atal honetako idazle zaharrenak gu izango gaituk?…
Gustuko dizkiat oporrak, baita negukoak ere; ez, ordea, Gabonak. Gabon gaua, Eguberri, Urte Zahar, Urte Berri, Errege eguna, Astotxo… Zenbat egun «santu», zenbat konpromiso, zenbat otordu; loteria, opariak, kontsumoa. Faltsukeria ugari!
Neguko oporrak behar nizkian, atsedena behar nian eta ez diat erabatekoa lortu, baina pixka bat bai, arnasa freskoarekin indarra hartu ahal izan diat. Izan ere, bi eskuei txistu eman eta aurtengo lanei ekiteko garaia heldu zaiguk. Urte saltseroa, atsedenik gabea, gogorra eta gozoa aldi berean, aurreikusten diat 2019a. Korrika, Bertsolari txapelketak (Gipuzkoakoa eta Arabakoa), Udal eta Foru hauteskundeak eta Europakoak izango dizkiagu, besteak beste.
Ez al duk inguruan sumatzen hauteskunde usaina? Nik bai. Mugimendu interesatu asko. Boto ehizaren garaia zabaldu duk. Gozoki partiketa han eta maitte-maitte hemen. Oraintxe behar gaitiztek politikoek boto emaileak.
Faltsukeriarik gabe, fin jokatzen ari den jardunak, bideak, erakartzen naik. Feminismoak. Feminismotik feminismora, horixe lan esparrua.
Hel diezaiogun 2019ari animoso!
Inaxio Usarralde
Bai, Joxepa, gu ere aurrera goazen… Eta ohartuta negonan, bai, orain baino lehen ere, hainbat saltsetan zaharrena neu ari naizela geratzen. Are, alde batera mugitu eta datozenei lekua uztea ere ibili izan dinat buruan baina, aldi berean, eta kirol eremuko esapidea gogora ekarrita, atzetik datorrenaren bultzadak kendu beharko nain bidetik, bestela ni gustura bainabil nabilen jardunetan.
Eta 2019 urratu berriari zer?
Honek ere lehengo lepotik ekarriko din burua, ezin dun bestela izan… Helburu handiei begira jarri beharrean, nire hurbileneko eragin esparruan, egunerokoan, erabaki txikiekin aurrera egiten saiatuko naun neu ere. Duintasunez eta justizian oinarritutako bizimodua atera ezin duenaren ondoan izango naun. Ahobizi izaten jarraitu nahi dinat gure hizkuntza ardatz hartuta besteenganako zubiak eraikiz, baina beti euskaratik eta, ahal den guztietan, euskaraz. Ez nire etxean, ez nire auzoan ez dinat onartuko biolentzia matxista elika dezakeen keinu txikienik. Oraindik bizi-bizi dauden giza eskubideen urraketa salatzen ere ez naun nekatuko eta euskaldunon arteko bizikidetzari nire ekarpena egiteko prest nagon.
Azkenik, hauteskunde urtea izango dinagu, bai. Boto bat ez dun asko, baina multzorik handiena ere bateko asko batuta lortzen dun eta hor gutako bakoitzak egundoko indarra zeukan. Beraz, eman botoa zintzo merezi duenari (eta eman!) eta kontuz boza arin-arin eman eta nahi ez ditugun vox-ak haizatzearekin…