Gabiriako Etxeberritxo baserrian sagarrondo tradizionalen aldeko apustua egin zuten orain hamabost urte eta tinko eusten diote. Ekoizten dituzten errezilek ez dute itxura perfekturik, begietatik baino, giltza dastatzea da.
Bernardo Atxagak sagarrondo bati sehaska kanta idatzi zion eta Ruper Ordorikak bere lehenengo diskoan (Hautsi da anphora) kantu bihurtu zuen poema. Hala dio lehenengo paragrafoak: Geldiro haziko zara mara-mara/ sagarrondo xume zipriztin toto/ doi-doi gizenduz sagarrondo ttipi/ hogei urtez gero egonen zara potolo. Sagarrondo labore tradizionala eginez gero, hamabost bat urte behar dira sagarrak eman ditzan. Gabiriako Etxeberritxo baserriko Pake Galdosek eta Joxan Ormazabalek sagarrondoen labore eta errezil sagar ekoizpen horren alde egin dute.
Altzibar Lorazaintzako Pilar Maritxalar eta Edorta Atin bidelagun dituzte. Maritxalarrek azaldu duenez, «fruta-arbol guztiak txertaketa bitartez landatzen dira. Oin bati norberak nahi dion txertaketa egin ahal dio». Eurek Gabirian labore tradizionalaren alde egin dute. Pake Galdosek dioenez, «arbolak petralagoak dira, handiak egiten dira, 50 urtetik 150 urtera bizi daitezke, urte batean uzta ematen du eta beste batean ez, txertaketa egin eta 15 urte ingururen bueltan jasotzen dira lehenengo sagarrak».
Gabirian egun egiten diren bestelako labore intentsiboek, ordea, ezaugarri ezberdinak dituzte. Honela azaldu ditu Galdosek: «Sagarrondoak txikiagoak eta maneiagarriagoak dira, urtero ematen duten uzta, arbolak ahulagoak dira eta adi egon behar da gaitzik harrapa ez dezaten; oro har, gehiago sulfatatu behar dira, bizialdi laburragoa dute eta sagarrak azkarrago bil daitezke».
Errezil sagar moten izendapenak ugariak dira eta nahasiak ezagupena ez duenarentzat. Era tradizionalari, bertako betiko sagarrari frankoa deitzen diote. «Badago sagar are silbestreagoa, makatza izena duena».
Gabiriako mahaiaren bueltan elkartu diren Galdosek, Joxan Ormazabalek –Galdosen senarra– eta Maritxalar-Atin bikoteak sagarrondo labore tradizionala gorde, zaindu eta transmititu nahi dute galtzen ari dela baitiote. Atinek galera horrek dakarren beste eraldaketa bat aipatu du: «Paisaia ere aldatuko du intentsiboak. Gu desagertuko gara eta zer utziko diegu atzetik datozenei?».
Laurek ideiak oso argi dituzte, eta desagertu ez dadin lanean ari dira. Labore tradizionalari jarraiki ekoizten dituzten sagarrak ez dira politenak, labore intentsibotik datozen sagarrek itxura perfektuagoa izaten dute. Alabaina, dastaketa frogaren aldarria egin dute. Ormazabalek honela laburbildu du: «Dastatu eta gero, nork bere gustuen araberako aukeraketa egin dezala».