Urko Garmendiak (Legazpi, 2000) eta Markel Diazek (Legazpi, 2002) Browstons musika taldea eratu zuten duela hilabete batzuk Gonzalo Enparanzarekin, Igor Santamariarekin eta Jon Altolagirrerekin batera. Karibe Zahar taberna txiki gelditu zen beraien estreinakoa ikusteko.
Musika–talde bat hutsetik abiatzea ez da erraza izango.
Urko Garmendia: Irailean hasi ginen gure abestiak sortzen. Ez da prozesu erraza, abestiak nola sortu ere ez genekielako, eta askotan gure onetik ere atera gara. Baina poliki-poliki sei abestiko bilduma osatu dugu, eta horrekin hasi gara.
Markel Diaz: Hasierako ideietatik hona, asko aldatu dira abestiak. Eta oraindik ere aldatuko dira, ziur.
Bidea hasi besterik ez duzue egin, baina nora heltzea gustatuko litzaizueke?
M.D.: Erreferente asko ditugu, eta horietakoren batekin jotzea ikaragarria izango litzateke.
U.G.: Niri jaialdi handi batean jotzea gustatuko litzaidake, Hatortxun, esaterako. Baina ez dugu asko pentsatzen horretan, pausoz pauso joan behar gara.
Zein da zuen hurrengo erronka?
U.G.: Abesti gehiago sortu eta bigarren kontzertu bat ematea. Mundu honetan zailena mugitzen hastea da.
M.D.: Bigarren kontzerturako aukerak baditugu, baina ezer zehatzik ez.
‘Doinu zaharrak, ideia berria’ da zuen leloa.
M.D.: Garai bateko taldeen musika dugu oinarrian, baina gure ukituarekin. Izpiritu hori bildu nahi dugu lemarekin.
Nolakoak dira zuen doinuak?
M.D.: Abesti batetik bestera aldaketa handiak daude. Zaila da etiketa bakarra jartzea.
U.G.: Nagusiki punk-rocka egiten dugu, baina oraindik gure estiloaren bila gabiltza. Nire erreferenteetako bat John Dealer and the Coconuts herrikideak dira.
Musika munduak nolako garaiak bizi ditu Legazpin?
U.G.: Subeltza kolektiboaren barruan gaude herriko musika-taldeak, eta dozena bat inguru izango gara. Batzuk besteak baino aktiboagoak, baina zifra polita dela esango nuke.
M.D.: Gu gara Subeltza kolektiboko talderik gazteena. Jendeak gaztetan gustura ikasten du musika, baina ez da erraza talde bat sortzeko jauzia ematea. Guri ere kosta zitzaigun.